Levi’s bakeroak hitz gutxitan
Moda ez da kontu berria: aspalditik baldintzatzen du jendearen bizitza. Jantzi asko ez dira inoiz modaz kanpo geratzen, esate baterako, jeans edo galtza bakeroak. Dena dela, praka horiek norbaitek asmatu zituen noizbait. Levi Strauss jaunari eskertu behar diogu, zehatz-mehatz 1873ko maiatzaren 22an San Frantziskon (AEB) lehen jeans denda ireki zuenari. Ondoren, bere produktuaren patentea aurkeztu zuen. Alessandro Ruta.
Praka "italiarrak"?
Jeans hitza nondik dator? Zehazki, blue-jeans, hau da, jeans urdinak. Modaren historian, jantzi amerikarrenetakoa da, beharbada, baina badirudi sustraiak europarrak dituela. Ehunaren kolorea oso berezia da, eta baliteke Italiatik etortzea. Prakaren kolorea, egia esan, ez da benetako urdina; ez da ez iluna (Prusiako urdina izenez ezaguna) ez turkesa. Jeans hitzak antzekotasuna dauka Genova hiriaren izenarekin, eta iturri askok uste dute hango portu erraldoitik datorrela. Genovakoek ehun hori ontziak egiteko eta portuan salgaiak estaltzeko erabiltzen zuten. Horrenbestez, portuz portu, bidaiaz bidaia, mendeen joanean AEBetara iritsiko zen.
Levi's, Levirenak direlako
Levi Strauss izan zen jeansen asmatzailea, eta bere izena prakaren atzealdean jarri zuen: Levi's. Gaur egun, oso marka ezaguna da, baina garai hartan ez zen aparteko izena. Gainera, ongi idatzi behar da, Levi's, ez Levis. Garrantzitsua da "s" hori azpimarratzea: euskarara itzulita, "Levirenak" da. Egia esan, Levi Straussek, Bavariatik (Alemania) AEBetara joandako ekintzaileak, ez zituen jeansak asmatu, baizik eta horien masa ekoizpena eta banaketa, patenteari esker. Bizkorra zen Levi: garai hartan, jendea zoratuta zebilen urre sukarra zela eta, eta jantzi erosoak behar zituzten metal preziatua bilatzeko. Jeansak erantzunik onena izango ziren.
Zinemaren bultzada
Zalantzarik ez: pantaila handirik izango ez balitz, zenbatek erosiko lituzkete jeansak? Estereotipoak azkar zabaltzen dira, bai jantzi honekin bai zinemarekin. Zein pelikulatan agertzen ziren etengabe, nahiz eta zuri-beltzezko filmak izan? Cowboy edo behizainen filmak direlakoetan (bai, egun ez daude oso modan), edo, oro har, western-etan. Eredu bat errepikatu behar zuten, nolabaiteko erosotasuna erakutsiz: cowboyek, unai modernoek, jeansak janzten zituzten beti. Oso publizitate ezkutua zen, ziur aski, baina aldi berean estilo jakin bat erakusten zuen: galtza horiek janzten zituztenek (gehienak gizonak, noski) gaiztotxoak eta xarmagarriak ziruditen.
Levi ez da Lévi
Bada beste Lévi-Strauss bat oso famatua, Claude Lévi-Strauss, baina ez dauka zerikusirik "gure" Levi Straussekin. Lehenik eta behin, belgikarra zen, eta Parisen hil zen. Filosofoa eta antropologoa zen: 2009an hil zen, 100 urterekin. Ez zen jantzietan aditua, baizik eta estrukturalismoaren ordezkarietako bat. Korronte filosofiko horrek pisu handia izan zuen XX. mendean: Lévi-Strauss Hego Amerikara joan zen, ez Ipar Amerikara, beste kultura batzuk ezagutzera eta Mendebaldekoekin konparatzera. Segur aski, Tristes Tropiques saiakera da bere lanik garrantzitsuena. Lévi, azentu marka erabakigarria zuen gizona, ez zen Levi, baina bere testuinguruan Levi bezain garrantzitsua izan zen.