Euskara irakasleak, barruan
Presoen Euskara Irakasle Taldeko kideek ia hilabete daramate euskara eskolak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru kartzeletan ematen, presondegi barruan sartuta. Orain arte, presoek ez zuten aukerarik euskara irakaslearekin aurrez aurre ikasteko, baina Taldeak azken urteotan Eusko Jaurlaritzarekin eta azkenaldian Zaballako, Basauriko eta Martuteneko espetxeen arduradunekin egindako bilerak hasi dira fruitua ematen. M. Egimendi.
Presoen Euskara Irakasle Taldea 17/18 ikasturtean jarri zen abian. Zortzi irakasle boluntariok (HABEren zerrendetako irakasle ofizialak) Euskal Herritik kanpoko espetxeetan zeuden bederatzi ikasle preso prestatu zituzten EGA titulua lortzeko, eta zortzik gainditu zuten. Hori ikusita, aukera zabaldu, eta azken ikasturteotan 45 bat irakasle boluntariok B1, B2, C1 eta C2 mailetako 75 ikasle inguru artatu dituzte, “oso baldintza eskasetan: tutoretza saiorik gabe (lagun eta senideen bisitak edo deiak aprobetxatu ezean, boligrafo eta koaderno barik), ikasmaterial trukaketa paketeen bidez oso motel eginez...”. Emaitzak, ordea, oso onak izan dira (% 90-95eko gainditze tasa).
Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskuduntza 2021eko urrian jasota, irakasle boluntarioek 2021eko abenduan ezagutarazi zuten jendaurrean beren jarduna. Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean ere egon ziren 2022ko udaberrian, bi eskaera nagusirekin: presoen euskara ikasketak ofizialak izatea, aipatu oztopoak gainditzeko, eta egiten ari ziren lana administrazioak bere gain hartzea. Joan den abenduan, proposamen zehatza helarazi zioten Eusko Jaurlaritzari: “Prest gaude gaur egun ditugun ikasleekin lan boluntarioa egiten jarraitzeko, baina eskolak emateko kartzelan sartuta eta materiala eramanda”.
Pasa den otsailean lortu zuten baimen hori, eta gaur egun eskolak ematen ari dira Zaballan (105 ikasle eta 10 irakasle), Basaurin (12 ikasle eta 6 irakasle) eta Martutenen (19 ikasle eta 8 irakasle). Eskolak astean bi egunetan ematen dira, eta irakasleek ordenagailuak ere sar ditzakete, baina ez dutenez Internet konexiorik, entzumen ariketak eta bideoak deskargatuta eraman behar dituzte. Hizkuntza eskakizunak lortzeko deialdia apirilaren 21ean zabalduko da, eta ordurako ahalik eta ikasle gehien animatu nahi dute. Gainera, aurrerago Iruñeko eta Lannemezan-go (Frantzia) kartzeletan ere antzeko prozesuak zabaltzeko asmoa agertu dute.
Hori guztia, iraila bukatu bitartean. Izan ere, Presoen Euskara Irakasleen Taldearen ustez, “datorren ikasturtearen hasieran, Eusko Jaurlaritzak hartu beharko luke bere gain presoen euskara eskolen kudeaketa, euskaltegiek eta HABEk badutelako zer esan espetxe barruko euskalduntzea aldarrikatzeko garaian”.
ZUERAKO KARTZELAN, 2020an
Andoni Murga C2 maila eskuratzeko matrikulatu zenean, 2020an, Zuerako (Zaragoza) kartzelan zegoen eta ez zen inoiz aurrez aurre egon Erlantz irakaslearekin: “Komunikazioak kontrolatuta geneuzkan, hots, gutun eta bisita kopuru murriztuak. Erlantz 10 laguneko nire zerrendan sartuta, tutoretza saioak egin nitzakeen bisitetan, baina zerrendatik lagun bat kenduta. Telefono deiekin, berdin. Ez nengoenez horretarako prest, harremana eskutitzez egitea erabaki nuen. Gutun gutxi trukatu arren, oso harreman emankorra eta aberatsa izan zen, primeran aprobetxatu genuen denbora eta asko lagundu zidan. Arazoa izan zen ahozkoa eta entzumena lantzeko aukerarik ez izatea. Eskertuko nuen beharrezko tutoretza guztiak eduki ahal izatea, ikastea eskubidea delako espetxean ere, baina ahal genuena egin genuen eta gainditzeko zortea izan nuen”.
Murgak bazekien gutxi gorabehera noiz izango zen azterketa, “baina bezperan esan zidaten hurrengo egunean etorriko zela aztertzailea, ustekabean harrapatu ninduen. Oso saio luzea izan zen: goizeko bederatzietan hasi eta laurak aldera bukatu, lau probak (entzumena, irakurmena, idazmena eta ahozkoa) egun berean egin behar zirelako. Ulermena eta idazmena lokutorioan egin nituen, aztertzailea kristalaren beste aldean. Gero, espetxeko arduradunen asmoa zen ahozkoa eta entzumena ere bertan egitea, baina ez zen ondo entzuten, eta, tirabira txiki baten ondoren, kartzelako alde soziokulturalera joatea lortu genuen. Aztertzailea barruan sartzea eta bi probak aurrez aurre egitea onartu zuten. Horretan, zortea izan nuen”. Izan ere, Murgaren iritziz, “C2 titulua, lanerako edo beste edozertarako, egundoko tresna inportantea da, baina ez inportanteena espetxe barruan. Han, ikastea erronka da, norberaren sentimenduak, emozioak eta konfiantza sendotzeko bidea. Bestalde, nik aurreko ikasketa guztiak euskaraz egin nituen, ikastea eta euskara oso lotuta izan ditut beti. Azkenik, eskubideak berreskuratzeko borroka etengabea da espetxean, eta hizkuntza eskubideena euskal preso politikoen borroka garrantzitsua izan da. Beraz, garaipena da euskara ikasketak egin eta espetxeak ukatu nahi dizun hori lortzea”.