Buenos Aires: egun bat Suminaren Hirian
Argentinako hiriburua 16 milioi biztanleko megahiria da. Paisaia ezberdinak ditu eta milaka istorio nahasten dira bertan. Futbola eta euskal eragina, besteak beste, oso nabarmenak dira. Hiri berezia da. Argentinarrek bezalaxe, xarma dauka, limurtzailea da. Tangoak, Maradonak, Riverrek eta Bocak izugarrizko ospea dute mundu osoan, bai, baina milaka gauza ezezagun gehiago ditu hiritzar honek. Hainbat kultura nahasita, emaitza metropoli ederra da. Bidaia honetan, horren lagin txiki bat ezagutuko dugu. Marcos Tedin. Argazkia: Marcos Tedin.
Café Tortonin sartzeko ilaran zaude, Maiatzaren etorbidean, Buenos Airesko erdigunean. Hiriko Bar Notable-etako bat da, historia handikoa, behin artista eta musikaririk famatuenentzako aterpea izan zena. Gaur, turistentzako atrakzio bihurturik, munduko leku guztietatik etorritako pertsonak hartzen ditu, eta Argentinako hiriburuko bizimodua orain dela 100 urte nolakoa zen erakusten die.
Buenos Aires ezagutzen duten euskaldunek Café Tortonira joatea gomendatu dizute, baina ilara luzeegia da eta ez duzu denbora alferrik galdu nahi. Itxaroteaz aspertu, eta hirian bueltatxoa egitea erabaki duzu. Ea zer duen Buenos Airesek eskaintzeko.
Maiatzaren etorbidea hiriko etorbiderik garrantzitsuenetakoa da. Aste barruan, jendez gainezka dago, bai leku turistikoa delako bai makina bat bulego dagoelako. Jendetza azkar-azkar dabil leku batetik bestera. Zuk, 16 milioi biztanleko megahiri honetan galduta, ez dakizu norantz joan. Etorbidearen mutur batean, Maiatzeko Plaza dago, leku historikoa. Hor, El Cabildo, Casa Rosada, Catedral Metropolitana eta beste eraikin mitiko batzuk aurki ditzakezu. Beste muturrean, Kongresua, Palacio Barolo eta Confitería del Molino daude, nahitaez bisitatu behar dituzunak.
Kongresua erakargarriagoa egin zaizunez, harantz zoaz. Etorbidea ederra da: arbolak ditu nonahi, eta arkitekturak Frantzian zaudela pentsarazi dizu. Alabaina, ahotsek eta jendearen izaerak benetan non zauden gogorarazi dizute. Hiria bor-bor dago: oihuak eta klaxon hotsak dira nagusi.
Uztailaren 9ko etorbidea zeharkatu duzu, askoren ustez munduko etorbiderik zabalena. Ez dakizu egia ote den, baina handitasunak harritu egin zaitu. Alde batetik, Obeliskoa ikusi duzu, eta, beste alde batetik, Herri Lanen Ministerioa, Evita Perónen aurpegia duen eraikin famatua. Aurrera egin duzu Kongresura heldu arte, eta, orain, hiriko zikinkeriak harritu zaitu.
Kongresuari argazki ederra egin ondoren, nora jo pentsatzen ari zara, eta nola. Hiriko leku turistikoen zerrenda eskuetan duzula, batek atentzioa eman dizu: La Boca. Google Mapsen nola heldu aztertu eta eta busez (bondi esaten diote bertakoek) abiatzea erabaki duzu.
64a hartu duzu, Kongresutik La Bocarantz. Bidean, hiria nola aldatzen den ikusten duzu: zazpi solairuko eraikin dotoreak arimarik gabeko dorre grisak dira orain, eta laster, etxetxo zargalduak izango dira.
La Boca auzora iritsi bezain laster, turistaz beteta dagoela nabaritu duzu. Kaleak askoz estuagoak eta umilagoak dira, eta inor ez dago trajez jantzita. Mila koloreko eraikinak daude, conventillos zirenak. Bertakoek asado-a (haragia errea) egiten dute kanpoan turistei saltzeko, eta milaka futbol kamiseta ikus dezakezu salgai. Jendetzak gainezka egin dizu eta alde egin nahi duzu. Baina lehenengo choripan bat probatuko duzu, izugarrizko itxura du eta.
Auzo honetatik ihes egiteko, etorritako aurreneko bondi-a hartu duzu: 20a. Txoferrak ea nora zoazen galdetu dizu (txartela emateko), “ez dakit” erantzun diozu. Horregatik, tarifa osoa kobratu dizu: 50 peso… eurotan, 10 zentimo.
Hiria zeharkatzean, Buenos Airesek duen euskal eragina igarri duzu: Necochea, Olavarría, Garay… zenbat abizen euskaldun!
Puerto Madero auzoan jaitsi zara eta paisaia erabat desberdina da. Dena garbi dago. Alde batean, luxuzko jatetxeak eta erretegiak dituzu. Errekaren bestaldean, hiriko dorrerik altuenak eta berrienak. Jendeak matea edaten du paseatu bitartean.
Puerto Madero ederra izan arren, apur bat aspergarria dela konturatu zara. Berandutzen ari zaizu eta Googlen bilatu duzu zer egin daitekeen gaur Buenos Airesen; lehen emaitza, nola ez, futbol partida bat da, hiriko derbia: San Lorenzo - Huracán. 10 euro ingururen truke sarrera erosi duzu. Ia 40 estadio daude Buenos Airesen eta ingurumarian, eta, justu gaur, Bidegain izenekora joango zara, San Lorenzorenera.
Pedro Bidegain estadioa, zaleek Nuevo Gasómetro izendatzen dutena, hiriko auzorik txiroenetako batean dago kokatuta, Bajo Floresen. Uber batek eraman zaitu eta, heldutakoan, inoiz ikusi gabeko pobrezia ezagutu duzu. Zaborra nonahi, bata bestearen gainean eskuz eraikitako txabolak eta, hor nonbait, edukiontzi bat sutan.
Erabateko kaos betean zaude: autoak ezker-eskuin, milaka polizia, eta zaleek banderekin eta danborrekin hartu dituzte kaleak. Presaka sartu zara Bidegainera, giroa deskribaezina da: koloreak, usainak, ohiturak, dena berria da zuretzat. Harmailetatik zelaiaren berde bizia ikusten duzu. Ez dago aulkirik, beraz, zutik egon beharko duzu 90 minutuz. Bidaiak nekatu egin zaitu, baina orain benetako futbol partida bat bizitzeko zorian zaude. Ez dago txarto Suminaren Hirian zure lehen eguna amaitzeko.