Bi hamarkada arte garaikidea zabaltzen
Artium Museoak hogei urte beteko ditu apirilaren 26an. Zabaldu zenetik inguruko gizartearekin harreman gertua izanda, arte garaikidearen eta unean uneko gaien gainean hausnartu izan du. Jon Rejado. Argazkiak: Jon Rejado.
Hogei kandela itzaliko ditu Artiumek hilaren 26an. 2002an ireki zituen ateak lehen aldiz Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak, Gasteizen. Ordutik, lan eskerga egin du kultura eragile gisa. Erakusketez gain, agenda zabala izan du arte garaikidea sakonki jorratzeko eta hedatzeko: hitzaldiak, ikastaroak, mintegiak, arte eszenikoak, zinema, musika… “Urteurrena dela eta, ospakizun handiena egunero egiten dugun lanarekin jarraitzea da, gure helburuak lortzeko”, azaldu du Beatriz Herraez museoaren zuzendariak.
Artiumek hogei urte beteko baditu ere, haren hazia duela ia 50 urte erein zuten. 1970eko hamarkadaren erdialdean, Arabako Foru Aldundia arte garaikidearen bilduma osatzen hasi zen, Euskal Herriko eta Espainiako artista esanguratsuen lanak erosiz. Politika horri urte luzez eutsi ostean, 90eko hamarraldiaren amaieran eremu propioa eskaintzea erabaki zuen. Orduantxe sortu zen Artium.
Arte garaikideari eskainitako museoen goraldi betean heldu zen Gasteizkoa, baina garai horretan egiten zenaren kontrako bidetik, Beatriz Herraezen ustez. Batetik, Artiumek ez du arkitektura deigarririk; José Luis Catónek diseinatu zuen, Arabako Foru Aldundiko Arkitektura Zerbitzuko Proiektu Sailaren zuzendariak, eta irizpide “arrazionalistari” heldu zion, “luxurik gabeari”, museoaren zuzendariaren iritziz. Bestetik, beste museo batzuk ez bezala, 2.500 artelanez osatutako bilduma propioarekin, berme horrekin, hasi zuen bidea: euskal arte garaikidearen bildumarik osatuena. “Gure altxorrik handiena da, museoari zentzua ematen diona” diosku Herraezek.
Inguruko gizartearekin interakzioan
Artiumen arkitektura museoaren nortasunarekin lotuta dago. 2002tik, hirira zabaltzeko asmoa izan du, herritarrekin interakzioan jarduteko: kaleko mintzagaiei buruzko hausnarketak museoan sartu dira, eta, aldi berean, herritarrei topalekua eskaini nahi izan die. Horren adibide, museoan ikusten diren bi eraikinen arteko plazatxoa. José Luis Catónek honela azaltzen du bere diseinua: “Herritarrentzako toki bat sortu nahi genuen, horixe baita Gasteizko ohitura”.
Artiumen 20. urteurrenean, gizartearekin duen harreman hori nabarmendu nahi dute. Horretarako, urteetan ikastetxeekin egindako lana ezagutzera emango dute. Museoaren zuzendariaren esanetan, Artiumeko egunerokoaren alderdi bat ikusgai dago, baina beste bat ez, eta hortxe dago etorkizuneko balizko publikoaren prestakuntza. “Ezkutuan dagoen alderdi hori funtsezkoa da museoaren misioa ulertzeko eta gizartean duen garrantzia erakusteko”.
Etorkizunean ildo horretan sakontzeko asmoa nabarmendu du Beatriz Herraezek. 2018. urtearen amaieran izendatu zuten Artiumen zuzendari, eta programazio berria abian jarri behar zuenean heldu zen pandemia. Horrek espazio publikoaren gainean hausnartzeko aukera eman ziela aitortu du, eta egun zenbait norabidetan ari dira lanean. Plazaratu izeneko proiektuaren bitartez, museoa “hirira gehiago zabaltzen” saiatuko dira. “Idi-begiak ireki ditugu, kaletik museoa ikus dadin eta museoan kaleko argia sar dadin; arkitektura aldatu egin daiteke, museoak iragazkorragoak, bizigarriagoak, izan daitezen”.
Bildumaren hutsuneak betetzen
Gizartearekiko harremanean, museoaren bildumak berebiziko garrantzia du, 2002tik bertatik. Bertako artelanak gaurkotasunezko gaien gainean hausnartzeko baliatu dituzte, hainbat lengoaiaren bitartez: margolanak, eskulturak, marrazkiak, instalazioak, bideak… Herraezek nabarmendu duenez, bilduma osatzen eta ondare publikoa handitzen jarraitzen dute. Eusko Jaurlaritzarekin abiaturiko proiektu baten bitartez lortzen ari dira hori, Tabakalerarekin eta Bilboko Arte Ederren Museoarekin batera garatutako proiektuarekin.
Artelan gehiago erosteko zeregin horretan, hiru ardatz ditu Artiumek. Lehenik, gaur egun lanean ari diren eta oraindik bilduman ez dauden sortzaileei erreparatu nahi die. Bigarrenik, bilduma parekotasunaren ikuspuntutik aztertu nahi dute: “Orain arteko bildumetan, diskurtso jakin batzuk nagusitu izan dira, eta guk horietatik at geratutako ahotsak, kolektiboak eta egiteko moduak erantsi nahi ditugu”. Hirugarrenik, museoarekin elkarlanean jarduten duten artisten obrak erosten jarraitzeko asmoa agertu du zuzendariak.
Lurpeko altxorra
Artiumeko erakusketak ikusteko, lur azpian sartu beharra dago. Kaletik ikusten diren bi eraikinak icebergaren tontorra baino ez dira; museoaren azaleraren hiru laurden eraikinen azpian dago. Erabaki hori ez zuen José Luis Catón arkitektoak hartu, hautatutako lekuaren ondoriozko inposaketa izan zen, hein handi batean. Izan ere, bertan autobus geltoki zaharra zegoen, eta hura kendu zutenean lurpeko aparkaleku bat egiten hasi ziren. Hilabete gutxian, 7.000 metro koadroko azalerako eta 15 metroko sakonerako zulo bat egin zuten, baina horretaz arduratzen ari zen enpresa desagertu, eta museoa hantxe eraiki zuten.