Hitzez eta ekintzez betetako urtea izango dugu aurtengoa. 22. Korrikaren lekukoa jasota, udazkenean izango da Euskaraldia: 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra, hirugarrenez egingo da hizkuntz ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa. Heldu da Hitzez ekiteko garaia, 3. Euskaraldiaren leloak dioen moduan. Badira zenbait hilabete prestaketa lanak hasi zirela. Halere, aurki ailegatuko dira hitzordu nagusiak. Hala, irailaren 28an hasiko da norbanakook izena emateko epea. Ahobizi ala belarriprest, hautua egiteko unea laster izango dugu. Argi al duzue zein rol jokatuko duzuen? Badaezpada ere, Euskaraldiaren ezaugarri nagusiak argituko dizkizuegu, unea iristen denean bizi eta prest egon zaitezten. Eñaut Mitxelena.

EUSKARALDIA

Euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntz ohiturak aldatzeko ariketa edo praktika kolektiboa da. Herritarren ohituretan eraginez, euskararen erabilera handitzea du helburu nagusi. Gizarteko gune guztietara zabaltzen da. Gutxieneko baldintza bat eskatzen du: euskara ulertzea. Parte hartzeko, bi rol daude aukeran: ahobizi eta belarriprest. Euskaraldiak iraun bitartean, txapa bati esker identifikatzen du parte hartzaileak bere rola, eta horren arabera jokatzen. 2018an egin zen lehen Euskaraldia, eta 225.000 lagunek eman zuten izena. Bigarrenean, 2020koan, pandemiak zuzeneko eragina izan zuen eta 178.184 lagunek parte hartu zuten. Hori bai, Siadeco ikerketa elkarteak egindako azterketa batek jaso zuenez, parte hartzaileen hizkuntz ohiturei eragin zien.

AHOBIZI

Hizkuntz gaitasunarekin baino, jokaerarekin zerikusia du ahobizi izateko hautuak. Hau da, euskaraz ongi moldatzen dena ez ezik, erdizka moldatzen dena ere izan daiteke ahobizi, baldin eta jarrera aktiboa badu; ahal den guztietan euskara erabiltzeko prest badago, alegia. Hortaz, euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo du une oro. Ulertzen ote duten ez dakienean, lehen hitzak euskaraz egingo ditu, eta ondoren, ulertuz gero, euskaraz jarraituko du. Nahiz eta une batzuetan zaila izan, elkarrizketa elebidunetan ere saiatuko da euskarari eusten, betiere solaskideek ulertzen badute. Zer lortuko du ahobiziak? Lehendik ere euskaraz egiten zituen elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute, baina erdaraz egindako batzuk elebidunak edo euskarazkoak bihurtuko dira.

BELARRIPREST

Ahobizien antzera, ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, portaerarekin baizik: euskaraz dakienari euskaraz egiteko eskatuko dio paparreko txapak. Hitz egin, aldiz, norberak erabakiko du noiz eta norekin. Euskaraz ongi egin, baina orain arte erdaraz izan dituen zenbait harreman (nahiz eta solaskideek euskara ulertu) euskarazkoak bilakatzeko prest sentitzen ez dena izan daiteke belarriprest; edota euskaraz hala moduz egin arren, ausartzen ez dena; edota nahiz eta euskara ulertu, hitz egiteko gai sentitzen ez dena. Azken batean, jarrera aktiboa edukitzea da gakoa. Zer lortuko du belarriprestak? Orain arte euskaraz izandako elkarrizketei berdin eustea, baina erdaraz izandako batzuk euskarazkoak edo elebidunak izatea.

ARIGUNEA

Bigarren Euskaraldian sortu ziren ariguneak, entitateei (elkarteak, enpresak, erakundeak, taldeak, klubak...) ere parte hartzeko aukera emateko. Euskaraz lasai aritzeko guneak dira. Hots, euskaraz aritzeko aukera beti bermatzen duten guneak, hala entitateen barruan nola entitateek herritarrekin dituzten harremanetan. Modu horretan, entitate horietako harremanetan euskararen erabilera handitu nahi da. Izan ere, euskara erabiltzeko eremu babestuak edukitzeak erabilera errazten duela erakutsi dute 2020ko Euskaraldian egindako balorazioek eta azterketek. 2020an, ariguneak lehen aldiz egin zirenean, 24.363 sortu ziren, orotara, Euskal Herrian. Aurten, kopuru hori gainditzeko nahia azaldu du Euskaraldiak. Izena emateko epea maiatzean hasi zen, eta ahaleginak izandako emaitza azaroan jakingo dugu.

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.