Hitzekin berreraikitako herriak
Añanako kuadrillan, Erriberagoitia udalerrian, desagertutako herri eta eremuetara itzultzeko aukera dago. Izan ere, ibilbide gidatu batek gogora ekartzen ditu, bertan bizi izan zirenen lekukotzen bitartez. Jon Rejado. Argazkiak: Jon Rejado.
Zaila da ikusten ez dena irudikatzea. Zaila da mende askoan bizitza izan zuten lekuak imajinatzea, desagertuta daudenean. Bada, Erriberagoitian sortutako bisita gidatu batek horixe egiteko aukera ematen du.
Añanako kuadrillako eremu horretan murgiltzeko parada, hain zuzen ere, bertan bizi izan ziren pertsonen hitzen bitartez etxeak eta eguneroko bizimodua berreraikiz: dantzaldiak, ohiturak, labeak…
Vanessa Sánchez kazetariak eta Idoia Zabaleta artistak, biak Erriberagoitiko bizilagunak, irudikatu eta prestatu dute ibilbidea. Herri mamuak izendatu dute proposamena. Haiek jaso dituzte bertako herritarren hitzak eta muntatu dituzte bidaiariak bide osoan lagun izango dituen audioak, kantak, olerkiak eta testigantzak. Sánchezek eta Zabaletak egin dute lan nagusia, baina inguruko beste pertsona askok ere egitasmoan parte hartu dute.
Ibilbide gidatua Pobes herrian hasten da, non ibilgailu bat bisitarien zain dagoen desagertutako esparruetara eramateko. Ibilgailuan sartutakoan, bisitariek entzungailuak jarri behar dituzte; izan ere, ibilbidearen funtsezko osagai dira. Haien bitartez, iraganeko bizipenetara egingo dute jauzi; sastraka artean harri gutxi batzuk baino ez dauden lekuetan, garai bateko bizimodua ezagutu ahal izango dute. Errepide txiki batean aurrera, ibilgailua ingurune berde-berdean murgilduko da. Mantso. Lehen lekukotzak entzuteaz batera, parajeak beste dimentsio bat hartuko du pixkanaka; ingurunea beste modu batean ulertzeko abagunea da. AP-68 ordainpeko autobidea eta Miranda eta Bilbo arteko trenbidea bidelagun dira une oro. Bi azpiegitura horiek ezinbestekoak dira eskualdeko bilakaera ulertzeko, testigantzetan azaltzen dutenaren arabera.
San Pelaioko aztarnak
Lehen geldialdia zelai baten erdian egingo du ibilgailuak. Ez dago ezer agerian. Entzungailuetatik entzuten den bi ahizparen arteko elkarrizketak, baina, herri bat dakar gogora: San Pelaio. Bisitariak dauden lekuan bertan dago grabatuta solasaldia, emakumeek ezagutu zuten tokian bertan. “Hara! Hemen zegoena ere desagertu da… Zelako desilusioa…”. Bertako bidetxoetatik mugitzen hastean, San Pelaioko aztarnak azaltzen dira; ikusgarriena, zutik iraun duen eliza erromanikoaren ganga.
Hurrengo geldialdia Baia ibaiaren gainetik pasatzen den zubi baten ondoan egiten da. Autoek zapaltzen duten errepidea garaikidea da, baina zubiaren behealdeko harri zaharrek beste istorio bat kontatzen dute. Bidexketan sartuta, denboran atzera egin daiteke, lekukotzei esker. Herritarrak ibaiertzean elkartzen omen ziren, eguna barboak eta karramarroak arrantzatzen igarotzeko. Igaegiko iturria horren lekuko, urteek utzitako arrastoen atzean ezkutatuta.
Bidearen amaierak malenkonia sentsazioa desegiteko aukera ematen du. Izan ere, azken geldialdia ere urte luzez hutsik egon zen leku batean egiten da, orain, herritarren ekimenez, berriz eraikita dagoen honetan: Melledes. Igaegiko bizilagun baten esanetan, “herri mamura jolastera” joaten ziren. Gerora, 1988. urtean, herriaren egoera aldatu egin zen, elkarte batek erosi eta berpiztu egin zuelako. Hala, 2000. urteaz geroztik, kontzeju izaera du. Hogei etxe inguru ditu, eta, Eustaten arabera, 54 bizilagun 2021ean.
Ahogozo onarekin itzuliko dira bisitariak Pobesera, bi ordu inguruko ibilbidea osatu ostean. Arabako Erriberagoitia udalerria hobeto ezagutzen duten sentsazioarekin: bai bertako parajeak bai hitzekin eraikitako historia.