Pirinioetatik kanpo dagoen mendi ezaguna da Beriain; berezia, handia, zabala, malkartsua eta belartsua, ikuspegi dotorea eskaintzen du. Leku askotatik ikusten da, Sakana bailarako jagole. Eta mendi asko ikusten dira bertatik, tontorrean duen San Donato ermitatik, zehazki. 1.494 metro ditu, eta Pirinioetatik kanpo Aizkorriko mendikatean bakarrik topatuko ditugu gailur garaiagoak. Etzandako dragoia da, lokartutako lehoia, begiratzen diozun tokitik begiratuta ere, ikusgarria. Euskal Herriaren bihotza, Euskal Herriko bihotzean. Andoni Urbistondo. Argazkiak: Andoni Urbistondo.

Mendi tentea, harroa, da Beriain. Araba, Gipuzkoa edo Bizkaitik handikiro agertzen da Sakana bailarara iristeaz batera, tximino baten itxura duen ezproi ikusgarria erakutsiz. Iruñea aldetik ikusita ere dotorea da, Irurtzundik mendebaldera Lakuntza eta Arbizuraino. Han, Beriain mendiaren bizkarra 1.000 metro jausten da bailararaino, Ihurbain ertzean. 1.494 metro ditu tontorrak, eta Pirinioetatik kanpo, Nafarroako mendi garaiena da. Pirinioak barne, Nafarroan goragune (mendi batetik bestera joateko jaitsi beharreko desnibela) gehien dituen mendia da , eta horrek xarma berezia ematen dio.

 Geologikoki ere oso berezia da Beriain. Andia mendilerroko goi lautadako besoa da, eta Sakana eta Ergoiena aldera malkartsu erortzen da 300 bat metroko amildegi harritsuetan. Gailurrean, baina, goi lautada zabal eta luzea dauka Beriainek, kilometro pasatxoko zabalerarekin tarteka, eta beti 1.200 metrotik gora. Udan, azienda handia bazkatzen da bertan.

Beriainek 900-1.000 metroko desnibela gainditzeko eskatuko dio mendizaleari. Olloibar aldetik bakarrik da samurra, etzana, baina igoera gehienak Sakanako Uharte-Arakil edo Ergoienako Unanu eta Dorrao herrietatik egiten dira. Artikulu honetakoa Unanu herrixkatik abiatzen da. Hortik gainditu beharreko desnibela handi samarra da, 900 metrokoa. Dena den, badago tranpatxoak egitea; adibidez, herritik Beriainerantz doan pistan kilometro bat igotzea, Iturri Txiki iturriraino (auto guztiak igo daitezke, eta aparkaleku txiki bat dago). Mendi bidea aparkalekutik 20 bat metrora hasten da, baso aldera. Samurrago egin nahi izanez gero, beste kilometrotxo bat ere jan dakioke, Abetako pagadian murgildu arte. Horrela, gure ahaleginari ordu erditxoa aurreztuko diogu, eta bidea pago erraldoien itzalpean egingo dugu Elorrai Goikoa belardiraino.

Hortik aurrera, ibilbidea gordindu egingo da. Ordu erdi gogorra emango dugu sigi-saga ugariko bide harritsuetan gora. Tarteka, gainera, eskuak erabili beharko ditugu, baina oharkabean Beriaingo goi lautadara daraman pasabidera iritsiko gara. Eguna argia bada, ikuspegi dotorea agertuko zaigu begi aurrean, lainoa badago ez bezala. Goi lautadan sartuta, beste ordu erditxoan San Donato ermitara eta gailurrera iritsiko gara, 1.494 metroko altuerara. Bi ordu eskas, beraz, Abetako pagadian barrena. Iturri Txiki aparkalekutik, ordu erdi gehiago.

Barga ikusgarriak

Ermitatik ekialdera, goi lautada luze eta zabala dauka Beriainek, eta bi isurietan, iparrera eta hegora, amildegi ikusgarriak. Bertakoek, Iñaki Lizarraga gidariak, kasu, barga esaten diete amildegi edo haitz horiei. Bakoitzak bere izena du. Bitxikeria moduan, batek hamabitako barga izena du, eguzkiak eguerdiko 12:00etan jotzen duelako bertan. Lainoa altxatzen hasi da, gure zorionerako, eta barga eta amildegiok parean azaldu zaizkigu.

Ingurune basatia da, gure buru gainean putreak eta bestelako hegaztiak ditugu hegan, bazka bila. Ertzera hurbilduko bazarete, kontuz egin; bertigoa izanez gero, berriz, ezta okurritu ere. 360 graduko ikuspegiarekin ere izugarri gozatuko duzu: iparraldera, Aralarko Mikel Deunaren Santutegia eta Aralarko gailurreria; mendebaldera, Aizkorri eta Aratz; hegoaldera, Andia eta Urbasa; eta azkenik, ekialdera, Iruñeko arroa, Elomendi, Itzagaondoa eta Pirinioetako lehen gailurrak. Mendi eder bati dagozkion ikuspegi bikainak!

Itzuli bide beretik egin behar da, otordurako garaiz iritsi nahi bada, behintzat. Horretarako aukera ona Arbizuko Eko Kanpina da, Arbizu eta Lizarraga herrien arteko bidean, edo Lizarraga herriko ostatua. Sabeleko orroak Lizarraga mendate gaineko bentan apaltzea ere ez da txarra.

San Donato

Gailurretik 50 bat metrora, San Donato ermita dago. San Donato eta San Cayetano, ofizialki. Nafarroan altuerarik handienean dagoen ermita da, eta urtero abuztuaren 7an, edo horren ondorengo igandean, erromeria egiten da gailurrean. Sakana, Ergoiena, Olloibarko eta beste toki askotako lagunak batzen dira ermita inguruan (ehunka, eguraldia ona bada) eta elizkizun labur baten ondoren, hamaiketakoa egiten dute. Ermita zehazki noiz eraiki zen ez da jakina, baina sarri birmoldatu izan dela bai. Egun, mendizaleentzako aterpe ere bada, eguraldi txarra hasten denerako ezinbestekoa.

 

 

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.