Urek estalitako memoria, azalera
Uribarri Ganboako urtegiak Arabako hamabi herri estali zituen, osorik edo zati batean, 1958. urtean. Hainbat jarduera egin dira, azken urteotan, 1.700 herritarri baino gehiagori eragindako kaltea aitortzeko eta erakutsi zuten eskuzabaltasuna eskertzeko. Jon Rejado. Argazkiak: Jon Rejado.
Uribarri Ganboako urtegia funtsezko azpiegitura da. Batetik, Arabako eta Bizkaiko biztanleen % 90ek hango ura edaten dute. Bestetik, argindarra ekoizten du, ipar-mendebalderantz duen 520 metroko altuera aldea baliatuta, eta Zadorraren emaria kontrolpean izaten laguntzen du. Horrez gain, ingurumen aldetik babes bereziko gune izendatu dute, eta aisialdirako leku ezaguna da. Dena den, Uribarri Ganboako urek bidegabekeria bat estali dute urte luzez: hainbat herri eta 350 familia kaltetu zituzten, eta haien historia ahaztuta egon da.
Urtegia egiteko, hamabi herri desagerrarazi zituzten, guztiz edo hein batean. Mendizabal eta Zuhatzu Ganboa herriak osorik urperatu zituzten. Orenin eta Landa urez inguratuta geratu ziren, beraz, bertan bizitzea ezinezkoa zen. Azuak, Larrintzarrek eta Garaiok etxe batzuk galdu zituzten, baita lantzen zituzten lurrak ere, eta herritarrek alde egin zuten. Langara Ganboak, Marietak, Mendixurrek, Uribarri Ganboak eta Urizarrek ere etxebizitzak eta lurrak galdu zituzten, baina herritarrek, inora joan gabe, bestelako bizimodua bilatu zuten.
Desjabetze prozesu “penagarria”
Rufo Ugalde Orenin herrian bizi zen, gurasoekin eta sei neba-arrebekin. “1958ko urtarrilaren 5ean, zortzi urte nituela, etxea utzi behar izan genuen, urtegiko ura sartzen hasi zelako”. Azken unera arte egon ziren etxean, aurretik agindu zietenaren zain. “Urtegiaren inguruan kokatuko gintuztela esan ziguten, baina ez zen halakorik gertatu”. Guztira, 350 familia kaltetu zituen urtegiak. Horietatik 250, 1.700 lagun baino gehiago, etxerik gabe geratu ziren. Ugalde sendia Gasteizko Aiztogile kalera joan zen bizitzera, 60 metro koadroko etxe batera. “Kalte ordainak ez zuenez gehiagorako ematen, gurasoek bestelako bizimodua asmatu behar izan zuten”.
Txus Bilbao historialaria eta Uribarri Ganboa herriko bizilaguna da. Urtegia egin zuten garaia ikertu eta Berrogeita hamar urtera izeneko liburua argitaratu zuen, urtegiaren 50. urteurrenean, 2008an. Bilbaok aitortu du urtegiaren kontrako iritzia zuela, senideek eta herritarrek esandakoaren eraginez, baina proiektua ikertu ondoren iritzia aldatu duela. “Manuel Uribe-Etxebarria, urtegi sistema irudikatu zuena, ameslaria izan zen. Bi gauza hauek bereizi behar dira: urtegia maisulana da, baina desjabetzeak egiteko modua penagarria izan zen”.
Urtegia eraikitzeko mugarrien datak argigarriak dira. Uribe-Etxebarriak 1934an lortu zuen proiektuaren kontzesioa. 1945ean, Bizkaiko Labe Garaiek proiektua erosi zioten, lantegirako argindarra ekoizteko. Bi urte geroago, lanak hasteko baimena lortu zuten. Kaltetutako herritarrekin zer gertatuko zen, ordea, ez zen 1954ra arte eztabaidatu, urtegia betetzen hasteko hiru urte falta zirela. “Administrazio guztiek eta herritarrek gauza bera nahi zuten: etxea galduko zutenak urtegiaren inguruan kokatzea, horixe baitzen aukerarik onena, baina azkenean ez zuten egin” azaldu du Txus Bilbaok. Kalte ordainak “huskeria” izan zirela dio, eta herritarrak tratatzeko modua “penagarria”. Bilbaoren aitonari, adibidez, hamar eguneko epea eman zioten etxea uzteko.
Iragana azalera eta begirada etorkizunean
Bilbaok idatzitako liburuak gaurkotasunera ekarri zuen gaia, eta, urte batzuk geroago, desagertutako herrietako bizilagunak mugitzen hasi ziren. “Jendeak jakin beharra du edaten duen ura nondik datorren eta urtegipean desagertutako herrietako biztanleak nola tratatu zituzten” baieztatu du Rufo Ugaldek. 2019an, Arabako Batzar Nagusietan batzorde bat sortu zuten desagertutako herriak eta bertako herritarrak omentzeko: urtegiaren inguruan informazio taulak jarri dituzte; hamabi herrietako biztanleen arteko topaketak sustatu dituzte... Bestalde, Gasteizko Udalak hamabi herrien izenak kale izendegian jasotzeko asmoa agertu zuen, nahiz eta oraindik ez den horretarako urratsik egin.
Txus Bilbaok eskertu egin ditu ekinbide horiek, batez ere herritarrei hitza itzuli dietelako. Orain, norabide horretan sakontzeko eskatu du; iraganari buruz hitz egiteaz gain, etorkizunean jarri du begirada. Horretan ere herrien iritzia entzun beharko dela gaineratu du, iraganean gertatu zena errepika ez dadin.
“Euskal oligarkiaren” proiektua
“Uribarri Ganboako urtegia ez zen izan ekimen publikoz egindako obra” gogorarazi du Txus Bilbao historialariak, “baizik eta euskal oligarkiak sustatutako proiektua”. Proiektu pribatua, beraz. Batzuen ustez, horregatik inauguratu zuen Francisco Franco diktadoreak hain azkar. 1958ko abuztuaren 25ean, bost minutu pasatxo besterik ez zuen eman tokian “Urtegi hau inauguratuta dago” esateko, eta berehala Bilboko Erakustazoka inauguratzera joan zen. Urtegiko uren kudeaketa Iberdrolaren esku dago orain, erabakiak hainbat erakunde eta administrazio biltzen dituen mahai batean hartzen diren arren. Mahai horretan, baina, urtegi inguruko herriak ez daude ordezkatuta.