'Uhinak', 22. Korrikaren eskutik
22. Korrikak Uhinak dokumentala aurkeztu du. Txakur Gorria sormen kolektiboak egin du, “Euskal Herriaren zain eta arteria grisetan barrena” abiatu eta bide bazterretan topatu dituzten bederatzi lagunen ahotsak batuta. Hitzekin jolasteko gonbita egin diete, eta “elkarrekin ekiten jarraitzeko irrika” jaso omen dute bueltan. M. Egimendi.
Txakur Gorria sormen kolektiboko Ane Labakak azaldu digunez, “protagonista anonimo hauei esker, bederatzi paisaia ezagutu ditugu: bederatzi errealitate linguistiko eta emozional”. Hainbat herri hautatu dituzte, lurraldetasun, tamaina eta paisaia aniztasuna gogoan: “Polita izan da ikustea leku bakoitzean zein erantzun ezberdinak jaso ditugun, bakoitzak nola bizi duen euskara eta nola jolasten den euskararekin” dio Labakak.
Dokumentalak, hasieran, protagonistek hitzekin egindako jolasa erakusten du. Jolasa, baina hitzak sentipenekin eta emozioekin lotzekoa, bizipenekin eta zentzumenekin. Honelako galderak bota dizkiete: Zer kolore du euskarak? Eta zer doinu? Zer zapore? Usaina? Jolasteko bi hitz? Zer hitz ekartzen dizu burura gorria koloreak? Eta grisak? Urdinak? Zein hitzek ematen dizu poza? Tristura? Indarra? Ondorengoei uzteko hitz bat? Hiztegitik desagertu behar duen hitz bat? Falta zaizun hitz bat?... Erronka handia jarri diete aurrez aurre, baina, Labakak dioenez, jolasa bilatu dute, “ez munduko erantzunik onena; argi genuen erantzunek ez zutela transzendentzia handikoak izan behar”.
Sormen prozesua hasteko, Jakin aldizkariaren zuzendari Lorea Agirreri behin entzun zioten ideia hartu zuten oinarri: hitzek mundua eraiki egiten dute, ez deskribatu edo izendatu soilik. Hala, Korrika funtsean “emozio lurrikara” delakoan, “Korrikak mugitzen digunaren eta duenaren zati bat” islatu dute filmean. Horretarako, Korrikaren irudi zaharrak eta protagonistek aurretik emandako hitzekin osatutako testua lotu dituzte. Lorea Agirrek berak jarri dio ahotsa, Hatxeren piano doinuekin batera. Izan ere, talde lanaren emaitza izan da Uhinak, “hasieratik bukaeraraino”. Hala, alor teknikoan, Txakur Gorria kolektibokoek bi kamerari izan dituzte lagun: Haritz Arrizabalaga Garmendia eta Peru Galbete Labiano. Uhinek inguruko eremuetara hedatzeko joera duten moduan osatu dute, hortaz, filma: Txakur Gorria kolektibokoen buruan sortutako ideia lagun gehiagorekin partekatuz eta zabalduz, azken emaitza lortu arte. l