Itsaso erdian azaleratu ziren sumendien pilaketa da La Palma uhartea, eta 2021eko erupzioak gogorarazi digu hazten jarraitzen duela. Taburienteko galdaran, Roque de los Muchachos gailurrean edo Fuencalienteko lurmuturrean, bertakoek katastrofeari etekina ateratzeko nolako gaitasuna duten ikusiko dugu: ardoa, bananak eta gatza ekoizten dituzte eremu bolkaniko berrietan. Ander Izagirre (@anderiza). Argazkia: Ander Izagirre.

"Hau guztia hasperen batean desagertuko da" esan digu geologoak Taburienteko galdararen barnean. Bost mila urte barru, dena erorita egongo da.
Denbora tarte nahikoa dirudi, baina, badaezpada, biharamunean martxa azkarrean igo gara 2.090 metrora dagoen erlaitzera, galdararen goiko ertzera. Zirku bolkanikoaren hondoa 1.500 metro beherago daukagu orain. Handik behetik, harresi, kontrahorma eta dorre itzelak altxatzen dira, geologiaren katedral beltzak. Lur jausi erraldoi baten ondorioa da galdara. Ondoren, euriek paisaia ikaragarria zizelkatu zuten, eta prozesu horrek aurrera jarraitzen du: mendi bat abiadura bizian ari da eraisten hemen.

Gizakiok, gure denboraren eskalan, ez dugu ia nabaritzen. Batzuetan, ordea, bai: parkeko zaindariek bideak ixten dituzte, lur jausiak gertatzen direlako; eta euste hormak altxatzen dituzte, galdara barruko sakanak, ur jauziak, koloretako errekak eta basoak zeharkatzen dituzten ibilbideak babesteko.
Erlaitzean etxola bat topatu dugu: Punta de los Roqueseko aterpetxe librea, sumendien zeharkaldian lo egiteko ezin hobea. Ilunabarrean, alisio haizeek lainoz bete dute galdara. Ilargi betea gailurretan paratu, eta argi zuria isuri du mendi beltzen gainera.
Egunsentian Roque de los Muchachoserainoko bidea egin dugu, La Palmako gailurrerainokoa, alegia, eta gero, 2.423 metrotik itsasorainoko jaitsiera amaigabeari ekin diogu. Lurrak karraska egiten du boten azpian, mendi sortu berri baten errautsak zapaltzen ari garelako.
La Palma oinez zeharkatzean, higadura bizia sentitu dugu, lurraren transformazioa, iheskortasuna, misterioa. Los Canarios herritik Fuencalienteko itsasargira jaistean, La Palmako biztanleek katastrofeari egokitzeko daukaten gaitasunak harrituta utzi gaitu.
Mahastiak sumendietan
Hirurogeita hamar urte inguruko gizon batekin topo egin dugu, mahastia sufreztatzen ari zela.
“Eskualde hau oso idorra da, sumendia besterik ez dago” esan digu. Gaztelarrek bailara emankorrak okupatzen zituzten bitartean, aborigenak hona ekarri zituzten, eta horregatik esaten zaio Los Canarios. Orain, dena ondo aprobetxatuta dago, sumendien magaletan dena da mahastia.
La Palman, badakite infernutik ardoa ateratzen.
Los Canariosetik, 700 metroko altueratik, Fuencalienteko itsasargiraino jaitsi gara. Geologoek Cumbre Viejako egitura izendatzen duten inguruan gabiltza, aurreko bost mendeetan zortzi erupzio izan dituzten sumendien lerroan zehar. Azken-aurrekoak, 1971koak, laba eremu bat zabaldu zuen itsasoan barrena. Sumendien gailurretik ederki antzeman ahal izan dugu kostaldeko plataforma beltz hori, plastiko zuriko laukizuzen erraldoiekin estali dutena: negutegiak dira, laborantza eremu berriak. Itxaropenerako parajea ere bada.
La Palman, jakin badakitelako infernutik bananak ateratzen.
San Antoniora igo gara. Ume batek marraztuko lukeen sumendia dirudi, errauts beltzezko kono bat 300 metroko diametroko kraterrarekin. Haren barruan, pinu kanariarren baso txiki bat dago, ezusteko berdea harkaitz beltz eta gorrien artean. Llanos Negros parajean behera, hartxintxarrak zapalduz goazela, uhartea trinkotzen ari garela iruditzen zaigu, mendi gordinari oinekin forma ematen. Mahastiak agertzen zaizkigu han eta hemen, uharteko biztanleen beste mirari bat: paisaia erre honetatik malvasía izeneko ardo gozoa ateratzen dute.
Mendi are berriago batean gora abiatu gara, harkaitz gorri solteetan oinak tentuz jarriz. Hemen, 1971n, lurra bi astez jarraian dardaratu zen. Sei ahotatik suzko ibaiak isuri eta eztanda harritsuak aireratu ziren: horrelaxe jaio zen Teneguia sumendi hau. Labak hogeita hamar hektarea bete zizkion itsasoari, eta oso gutxigatik ez zituen irentsi Fuencaliente lurmuturreko itsasargia eta gatzagak. "Hau Espainiako lurrik gazteena da" dio informazio turistikoko taula zahar batek. Zaharkituta geratu zen 2021eko irailaren 19ko 14:10ean.
Teneguiaren gailurrean, astoak iraultzeko moduko haizeak jotzen du. Atmosfera oraindik haserre dagoela dirudi (lurrak muturra airearen eremuan sartu duelako beste behin), eta indar guztiarekin putz egiten ari dela mendi ahula eraisteko. Mezua ulertuta, gizakiek mendean hartutako lurraldeetara jaitsi gara babes bila: magal bolkanikoan barrena gidatuko gaituen bidezidor seinaleztatua, itsasargiraino doan errepidea, hondartza beltzaren ondoko etxetxoak, jatetxea, almogrote kroketak...
Uharteko hegoaldeko mutur honetan, La Palmako jendeak beste ausardia erakustaldi bat egin zuen: 1971ko kaos bolkanikoa gatzaga bat hedatzeko berdindu. Gatzagak lana ematen die bertako biztanleei, turistak erakartzen ditu, oasia da hegazti migratzaileentzat, eta igerileku epela urak gorritzen dituzten mikroorganismoentzat. Egun lainotuetan, hodeien artetik iragazten diren eguzki izpiek gatz pila zuriak eta ur arrosak pizten dituzte, zoru ezin beltzagoan, urdin atlantikoaren kontra. Gatzgileek arrastelua pasatzen dute, geologiaren, biologiaren eta giza sormenaren artelan hau sinatzen ariko balira bezala. Bizitzaren zeinua jarri diote La Palmako azken muturrari.

 

 

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.