51 Eremua: ez gaude bakarrik (edo bai)
Las Vegas hiritik (Nevada, AEB) gertu dago 51 Eremua izenekoa (ingelesez, Area 51). Militarrena da, non, ustez, eta konspirazioak gustuko dituztenen arabera, plater hegalariak eta estralurtarrak gordetzen dituzten. Ufologoen, gertakari paranormalen zaleen eta ni bezalako kuxkuxeroen erromesaldiak jasotzen dituen lekua da. Pablo Gomez. Argazkiak: Biok Studio.
Las Vegastik irtenda, bidaiaren lehen geltokia E.T. Fresh Jerky izan zen, Hiko herrian, Estralurtarren autobidean; denda txikitxo horretan, estralurtarren gaiarekin lotutako ia edozer gauza eros daiteke. Deigarriena, abduzitutako behiaren haragia. Dastatu ostean, hitzematen dizuet abduzitua izan gabeko behiaren haragiaren zapore bera duela.
Zantzuak eta froga ukaezinak
Denda bitxia atzean utzita, Extraterrestrial Highway errepidean sartu nintzen. Bide seinale ikonikoaren inguruan, kuxkuxero gehiago: adineko bikote xarmagarria hanburgesak jaten. Inoiz OHErik ikusi al zuten galdetuta, erantzuna ezezkoa, tamalez.
Bitartean, arian-arian, autoak gelditu egiten ziren, bide seinale bitxiaren azpian argazkiak ateratzeko.
Aurrera jarraituta, beste geldiune xelebre bat: Alien Research Centre, ikerketa gune, museo eta denda berezia, salgarri edota beharrezko den oro saltzekoa. Urrunetik, sarreran duen estralurtar erraldoia ez da oharkabean pasatzen. Barruan, alien estiloko betaurrekoekin jantzitako Marilyn Monroeren irudiak bisitariak gozarazten ditu. Lokal handia da, eta irudika daitezkeen salgai guztiekin hornituta dago. Atentzioa gehien eman zidana, baby alien itxurako botilategia, hango gauzarik kitsch-ena, zalantzarik gabe.
“Welcome to Rachel, Nevada”
Azken geldialditik ordubetera, Rachel herrira ailegatu nintzen. “Welcome to Rachel, Nevada” irmoz hartu ninduen nekazari kapela soinean zeraman agure batek. Little Aleinn motel, jatetxe eta tabernaren kanpoaldean zegoen. Establezimenduaren izena hitz jokoa da, Alien (estralurtarra) eta Inn (ostatua) batuta.
Menuak honela zioen: “World famous Alien Burger”. Bat eskatu nuen, jakina. Prestatzen zuten bitartean, ostatuko gainerako kontu erakargarriei erreparatu nien: OHE-en argazkiak, pertsonaia famatuenak eskaintza eta guzti… Norberaren sinadura edo hitzak dolar bateko billete batean uzteko aukera ere badago; ondoren, zerbitzari adeitsuak sabaian zintzilikatzen ditu.
Hanburgesa ezin espazialagoa jan bitartean, Paul filmeko eszena bat grabatu zuten bertan. Komedia horretan, estralurtarzale ingeles batzuek benetako ale bat topatzen dute.
Behin bazkariaz gozatuta, bertakoei 51 Eremura nola iritsi galdetzeko unea heldu zen.
Beldurra?
51 Eremua deritzon militarren baseko sarrerara iristea txangoari amaiera bikaina emateko modua zen. Lekuari buruzko guztia erabat ezezaguna da. Hainbat sarbide ditu, noski, baina tamaina zehatza ez da ezaguna (155 km koadroko azalera aipatzen den arren, handiagoa ere izan liteke).
Hautsez betetako errepide bat hartu nuen. Ilunabarra gainean, bakardade sentsazioa handia zen. Base militarreko atarira iritsi eta autotik irtenda, seinaleek debekatuta duzunaren berri ematen dizute: argazkiak egitea eta bideoak grabatzea. Agintariek indar hilgarria erabil dezakete, garbitu egin zaitzakete, alegia. Urtebeteko kartzela zigorra eta 5.000 dolarreko isuna ere jaso daitezke, araua hautsiz gero. Afixek oso argi uzten dute.
Hesiaren inguruan pasieran, eskuak hesiaren beste aldean sartu eta harri batzuk oroigarri moduan hartzeko erabaki frikia hartu nuen. Kamera, jeep eta militarren mugimendu ugari ikusten ziren sarrerako hesiaren beste aldean. Zenbait minutu zalantzaren eta beldurraren artean eman ostean, eta zentzugabeko harri koskorrak poltsikoan, abentura amaitutzat eman nuen, sarrerari inolako argazkirik atera gabe.
Atsekabetuta, atzera egin nuen hautsez betetako errepide bakartian. Robert Capa fotokazetari paregabearen esaldia etorri zitzaidan gogora: “Zure argazkiak ez badira onak, nahikoa gertu ez zinelako da”. Ni, ordea, sarrerari pega-pega eginda egon nintzen; argazkirik ez egiteko arrazoia beldurra izan zen.
Nahigabetuta nindoala, nirekin gurutzatu zen auto batek atentzioa eman zidan. 51 Eremurantz zihoan. Azkar asko buelta eman eta haren atzetik joan nintzen, ideia zoroa buruan: "Beharbada, basean bizi den norbait da, eta, harekin hitz egiten badut, sarrerari argazkiak egiteko baimena emango dit". Desesperazioa, agerikoa; nire teoria, barregarria.
Autoan, bi emakume zihoazen. Sarrerara gerturatzean, autoa gelditu gabe, baina oso abiadura motelean, kopilotuak sakelakoa atera eta argazkia egin zuen. Jarraian, ustekabean, autoa biratu eta ziztu bizian alde egin zuten. Hori ikusita, nik ere gauza bera egin nuen: biratu eta ospa egin. Sarrera bizkarrean nuenez, argazkia atzerako ispilutik atera nion, pentsatu barik, eta irudia nahasgarria da. Bizkor biratu eta lauzpabost argazki besterik ez nuen atera, baina jada ez nuen porrot sentipenik. Irudiaren kalitate eskasa gutxienekoa zen, irudi hari esker itxi bainuen zirkulua.
Argazkia ikusita, ziur Robert Capak bere esaldi famatua botako lidakeela. Baina itzulerako bidaia atsegina egin zitzaidan, gizaki bakar bat ikusi gabe... ezta estralurtarrik ere. Hurrengoan, akaso.