Gero eta gutxiago dira, baina zenbait giza talde, mende askoan errotutako kulturetakoak, munduaren globalizazioari ihes egiten ahalegintzen dira oraindik ere. Besteak beste, Etiopiako hego-mendebaldeko mursiak, haizearen nomadak, hain zuzen ere. Juan Luis Mugertza. Argazkiak: Juan Luis Mugertza.

 

Turkana lakutik 60 miliara (96 km pasatxo) bizi dira, Omo eta Mako izeneko ibaien artean, Sudango ekialdetik aspaldi etorritako mursiak. Izen asko dituzte: murziak, murzuak, merduak, merituak, damak... baina gizaki gutxi: zortzi mila inguru, guztira. Ahozko literaturaz baino ez dira baliatzen komunikatzeko. Abeltzainak dira, eta sorgoa eta artoa landatzen dituzte. Animistak izaki, sineskeria bizirik dago beren egunerokotasunean.
1970ean antropologo britainiar batek mursiekin lehenengo aldiz topo egin zuenean, inork ez zekien Etiopian bizi zirenik. Orain, aldiz, jakina da, mundutik at bizi badira ere. Dena den, ez da batere arraroa mursiak armaturik ikustea; izan ere, lapurretak direla eta ez direla, gorabeherak izaten dituzte dela inguruko nyangatomekin, dela bodiekin, eta, tarteka, hildakoak ere izaten dira.
Mago izeneko Parke Naturalean gaude, eta Durma herrira joango gara. Gauden lekutik 70 bat kilometrora dago, gertu, baina ez dago biderik; denak pistak izango dira, eta aurreko egunetako euriak sortutako errekatxo gaiztoak bidea lokaztu du. Gainera, bart kanpadendaren oihalean pausatutako euri tanten danborrak itxaropen izpia zapuztu nahi duela antzematen da kafearen inguruko elkarrizketan. Esan, ez dugu esaten, baina bai pentsatzen: mursiak ikusiko ez bagenitu, bidaia hankamotz geldituko litzaiguke. Aurrera egitea erabaki dugu, apurtxo bat kezkatuta, eta Adegue gidariak, horretaz jabetuta edo, Dawit Mellesseren musika gozoa ipini digu. Horrela egin ditugu parke naturaletik bidegurutzerainoko lehenengo 10 kilometroak. Handik aurrera, bidea okerragoa izan da. Orain, mursien lurraldean sartuko gara.
Bide bazterretik hurbil, arbolen buruan eskegita dauden belarritako itxurako erlauntzak ikusten dira; mursien ahosabaiek bertatik behin baino gehiagotan hartutako ezti zaporetsua dastatzen dute. Zereal eskasiako sasoietan, behiaren esnea eta odola nahasten dituzte, elikaduran oreka lortzeko, eta, uzta oso txarra baldin bada, ingurukoekin (surmak, diziak) trukean aritzeko baliatzen dituzte behiak.
Behin, bitan, hirutan… autoa bidean trabatuta geratu zaigu, eta behin, bitan, hirutan… bultzaka aritu gara, lokatzaren marroia inolako lotsarik gabe gorputz atal guztietara itsatsi bitartean. Amore ematen ez duenarentzat omen da ehiza, eta, bost orduren buruan, gure helmugara heldu gara.

Mursien herrixka
Lastozko etxoletatik irten eta gugana hurbildu dira. Denak: umeak, gazteak, adinekoak. Helduetako batzuk armaturik daude, eta zenbait gaztek makila luzeak, dongak, dauzkate. Horrelako mutilak ezkongabeak dira, eta inoiz, beren ausardia erakusteko eta herrixkako neskatilen begirunea berenganatzeko, lehiakidearen larruaren biguna ondo astinduko dute. Mutilak ez dira neskak bezain dotoreak. Zuriz margoturik daude gizonezko gehienak, eta batzuk biluzik dabiltza. Estetikak garrantzi handia izan arren, are garrantzitsuagoa da tribukideen artean izen ona edukitzea eta errespetatua izatea.
Konfiantza hartzen ari dira, eta beren eskuak dantzan hasi dira, gure onespenik gabe. Gure kulturako bularretakoek gordetzen dituzten nesken bularrak haztatzen hasi dira, eltxo ezkutu bat topatu nahiko balute bezala. Gero, gizonezkoen txanda iritsi da: gure besoetako ilea ukitzen eta hari tiraka jardun dute luzaroan. Bitartean, Adegue bertako buruzagiekin, adineko gizonezko ezkonduekin, mintzatu da, eta tratua egin du: egiten diegun argazki bakoitzagatik hogeita sei birr (48 zentimo) ordainduko ditugu.
Giroa apurtxo bat baretu denean, begiak hasi dira lanean, eta orduan ikusi ditugu beheko ezpainean daramatzaten egurrezko zein buztinezko platerak. Nire ondoan dagoen neskatxoak belarri gingilak ere zulatuta dauzka, eta arrautzaren gorringoaren tamainako apaingarri bat darama. Kultura bakoitzeko balioen arteko aldea irudikatu nahi dut, baina oso gogorra egiten zait egurrezko edo buztinezko platerak jartzeko emakumeei umetan ebakortz bi kendu behar izatea. Estetika garrantzitsua izan arren, platertxoaren neurriak prestigioa ere adierazten du.
Argazki gehiago egiteko asmorik ez dugula ikusita, neskatxak, keinu bidez, eskuan duen platera erosteko esan dit. Honek ez dakit zenbat pisatuko duen, baina berrehun gramo ingurukoak ere izan daitezke. Argazki bat beste kobratu, eta nigandik aldendu da neskatila irribarretsua. Batek jakin ondo egiten ote dugun honelako gauzak erosten, edo honelako lekuetara etortzen, baina etxeko txokoren batean begien bistan ipiniko dugun plater honek behin baino gehiagotan ekarriko digu gogora Etiopian barrena egindako bidaiaren edertasuna.

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.