AEK-ko ikasle guztiak, AIZU!ren harpidedun
AEKren Batzar Nagusiak 1999an erabaki zuen bere ikasle guztiek AIZU!ren harpidetza doan eskuratuko zutela euskara ikasteko matrikulatzean. Hala, uztailaren 16an 240. zenbakia kaleratu ostean, AEK buru-belarri hasi zen proiektu berria prestatzen. M. Egimendi.
Lantalde berria martxan jartzean, AEK-k inoizko apusturik sendoena egin zuen bere aldizkariaren alde. Besteak beste, talde finkoan egongo ziren kideak ez ezik, kolaboratzaileak ere kobratzen hasi ziren beren lanengatik, ordura artekoek ez bezala.
Ana Unanue koordinatzaile eta kazetariak eta Joseba Beramendi Exprai diseinatzaile eta maketatzaileak ekin zioten lanari. Bien artean diseinatu zuten aldizkari berria, eta azaroan kaleratu zen etapa berriko lehen zenbakia.
Bestalde, aldizkariaren bulego nagusia Bilbotik Iruñera eraman zen eta erredakzio taldea asko indartu zen, kazetariak hainbat lekutan kokatuta: Ana Unanue, Iruñean; Iñigo Gago, Bilbon; eta Franck Dolosor, Baionan. Laguntzen, Gotzon Hermosilla (orduan AEKren komunikazio bulegoaren arduraduna) eta Nafarroako AEKren arduradun Mikel Aldasoro kazetaria.
Aldizkaria diseinatzean, publizitatea ere kontuan izan zutela gogoratu du Beramendik: “Errentagarria izateko zenbat modulu sartu ahal ziren eta zenbat saldu behar ziren kalkulatu genuen, edukiaren eta publizitatearen arteko proportzio orekatuari eutsita betiere”. Horrez gain, ez omen zuten presio ekonomiko berezirik sentitu. Unanuek dioenez, “kudeaketa ekonomikoa ez zegoen gure esku. Bezero nahiko finkoak genituen, hartu berri zen erabakiari esker, eta zuzeneko salmentei ez genien gehiegi erreparatzen. Guk zatirik politena egiten genuen, aldizkaria bera”. Hala, biek gogoratzen dute garai hura dibertigarri eta atsegina: “Nahi genuena egiteko askatasuna genuen, eta disfrutatu egin genuen”.
AIZU!k ia 22 urte bete ditu oinarri horri eutsiz, tarteka aldaketa txiki batzuk eginda. Orain, 2021eko irailean, antzaldatuta datoz aldizkaria zein www.aizu.eus ataria. Haatik, oraindik ere baditu orduko atal asko, ikasle, irakasle eta harpidedunen artean tarteka egiten diren galdetegiek halaxe eskatzen dutelako. Ea esku artean duzuena ere gustuko duzuen!
AEKren BATZAR NAGUSIAREN ERABAKIA
Joan Mari Larrarte Gipuzkoako AEKren arduraduna eta AEKren Batzorde Nazionaleko kidea zen 1999an. Hark idatzi zuen AEKren Batzar Nagusiak ontzat emango zuen txostena, eta ondo gogoratzen du kezka zegoela AEKn AIZU!ren etorkizunaz: “Ez aurrera ez atzera zegoen aldizkaria. Bazituen harpidedunak, eta kioskoetan ere saltzen ziren ale batzuk, baina… Hainbat aukera aztertzen hasi ginen, AIZU!ren ibilbidea amaitutzat ematea, besteak beste, bere zikloa betea zuelakoan”. Halere, beste hausnarketa bide bat gailendu zen: “AEK-k badu aldizkari bat, tresna interesgarria eta lagungarria izan daiteke euskara ikasleentzat, hala irakurgai nola material didaktiko gisa. Zergatik ez egin AEK-ko ikasle guztientzako aldizkaria, denek jaso dezaten?”.
AEK barruan, iritzi hori ez omen zen erabat nagusia, baina proposamena Batzar Nagusira eraman eta aurrera atera zen. Horrekin batera, aldizkaria guztiz berritzea erabaki zen, beste hainbat ezaugarri aldatuta: lantaldea, egoitza, maiztasuna, itxura, kolorea, edukiak… Orduan, denbora tarte bat hartu zuen AEK-k aldizkari berria diseinatzeko, eta 1999ko azaroan kaleratu zen AIZU! berrituaren lehen zenbakia (241).