Bai, BA DA!
Osasun neurriak*
-Landako Gunean eta Ahotseneako kontzertuetan sartzeko, izena aldez aurretik eman beharko da durangokoazoka.eus gunean.
-1.200 bisitari sartuko dira Landako Gunean aldi berean, ordu eta erdiko txandetan.
*Egoera aldakorra denez, adi jarraitu Azokak egin ditzakeen jakinarazpenei.
Aurten, Azokarik bada? Galdera horren erantzunak jasotzen du 56. Durangoko Azokaren izate eta leloa: baDA! Iaz, pandemiak behartuta, nagusiki birtuala izan zen Azoka: salmentak online bidez, erakusmahairik ez, eta aurrez aurreko ekitaldi mugatuak. Joan den urtean Internet bidezko salerosketa gune izan zena, aurten kulturaren plaza bilakatuko da berriz, sortzaileak eta kulturazaleak batzeko topagunea. Eskaintza birtualari muzin egin gabe, aurrez aurreko salmenta eta ekitaldiak itzuli egingo dira. Horrenbestez, online denda eta azokako erakusmahaiak uztartuko ditu. Abenduaren 3tik 8ra egingo da, baina ñabardurekin: online saltokia hilaren 3tik 8ra egongo da martxan; Landakoko salmenta, aldiz, hilaren 4tik 8ra. Gainera, bueltan izango dira Durangoko Azoka kulturaren plaza bihurtzen duten guneak: Aho-tsenea, Szenatokia, Kabi@... Orotara, 250 kultur ekitaldi baino gehiago. Eñaut Mitxelena.
Zer topatuko dugu 56. Durangoko Azokan?
Landako Gunea
Erakusmahaien plaza. Aurten, guztira, 152 parte hartzaile bilduko ditu 220 standetan. Sortzaileen lanak erosteko aukeraz gain, Areto Nagusiko ekitaldiak ere bertan izango dira. Aurtengoan, Talaia izena hartuko du Areto Nagusiak, eta, ohi bezala, aurkezpenak eta zabalkunde lanak egingo dira han.
Ahotsenea
Sortzaileak zuzenekoetan ezagutzeko plaza, musika emanaldiz eta literatur solasaldiz betea. Talde beteranoen zein hasiberrien 50 emanaldi jasoko ditu Ahotseneak Plateruenan: Willis Drummond, Trigger, Bulego, Eneritz Furyak, Liher, Kai Nakai, Anari, Hegazkin, Estitxu... Literatur alorrean, ostera, 70 hitz-aspertu baino gehiago: Eider Rodriguez, Kirmen Uribe, Irati Jimenez, Goizane Aizpurua, Jon Arretxe, Itziar Ugarte...
Irudienea
Ikus-entzunezkoen plaza, Zugaza zinema aretoan. Film luze nahiz laburrak, dokumentalak, aurkezpenak... Aurten, besteak beste, Maia Iribarnek eta Paxkal Irigoyenek sortutako Bañolet websaila aurkeztuko da, iaz Durangoko Azokako sormen beka irabazi zuena. Lander Garroren Tipularen sehaska kanta dokumentala ere estreinakoz eskainiko dute. Gehiago ere ikusi ahal izango da, jakina: Aitor Altuna, Uxue Amonarriz eta Uxue Bereziartuaren Belarri Bero, bai esan? websaila; Nora filma...
Szenatokia
San Agustin kulturgunean, ohi bezala. Arte eszenikoen plaza izaki, diziplina ugaritako lanak izango dira ikusgai: Jon Ander Urrestiren Tribiz, baserri galdue antzezlana; Iñigo Astiz eta Mikel Aierberen Högeitavåt poesia emanaldia; Formol taldearen Album antzezlana...
Kabi@
Mundu digitala langai eta hizpide duen gunea. EH digitala manifestua, sorkuntzaren automatizazioa, sorkuntza digitala, fedibertsoa... hainbat gairi buruzko mahai-inguruak jasoko ditu Azoka egunetan.
Azoka, etxetik
Bertatik bertara ezin duenak Internet bidez ikusi ahal izango du Azokako ekitaldi mordoxka. Izan ere, streaming bidez eskainiko dituzte Ahotseneako kontzertuak eta Areto Nagusian egingo diren aurkezpen eta solasaldi ugari. Baita beste guneetan egingo diren hainbat ere: Ahotseneako literatur solasaldiak, Kabi@ko mahai-inguruak, Saguganbarako aurkezpenak... Denak durangokoazoka.eus webgunean sartuta ikusi ahal izango dira.
Saguganbara
Landako alboan. Egitarau oparoa, txikien eta handien gozagarri. Goizetan tailerrak izango dira nagusi, batez ere, baina bestelakoak ere izango dira egun osoan: ipuin kontalariak, aurkezpenak, ikuskizunak...
Artisautza azoka, bueltan
Iaz osasun larrialdiagatik bertan behera utzi ostean, aurten Durangora itzuliko da Arbaso elkarteak antolatutako Euskal Denda, euskal artisauen azoka. 25. edizioa izango du, eta abenduaren 4tik 8ra egongo da zabalik Durangoko Azoka plazan. Guztira, 53 artisauk hartuko dute parte.
Musika nobedadeak, Spotifyn
Euskal musikariek Azokan aurkeztuko dituzten lan berriak entzuteko aukera ematen du, duela hilabetetik, Durangoko Azokako Spotify zerrendak. Euskal Herriko musikagintzaren azken nobedadeak, Azoka egunetan ere entzungai izango direnak. Rocka, popa, folka, trapa... askotariko estiloak astez aste eguneratzen duten zerrendan.
AIZU!, Azokan
Ez ahaztu AIZU!-AEKren standetik pasatzea. Aurten, gainera, inoiz baino harro eta alaiago topatuko gaituzue, aldizkariak 40 urte beteko dituelako. Non eta Durangoko Azokan aurkeztu zuten AIZU!ren 0 zenbakia 1981 urrun hartan! Standera gerturatzen direnek AIZU!ren 462. zenbakia, urteurrenagatik berezia izango dena, eskuratu ahal izango dute. Harpidetza egiteko eskaintza berezia ere izango dute, prezio merkeagoan eta oparitxo bat jasota. AEKren bestelako produktuak ere izango dituzue eskuragai: Primeran B1 ikasmateriala, Ahize-AEKren #Damolat ikastunitatea opari eta Txillardegi. Batasunaren pentsalaria liburua. Nolanahi ere, ez gara standarekin konformatuko. 40. urteurrena ospatzeko, abenduaren 7an mahai-ingurua egingo dugu Musika Eskolan, 16:30ean: AIZU! aldizkaria, 40 urte ikasleak hezten eta irakurleak hazten izenburupean, Gotzon Hermosilla kazetaria, Maider Irurozki irakaslea, eta Mireia Saiz euskara ikaslea izango ditugu hitz eta pitz. Ez ahaztu hitzordua!
Argitalpenak
PROFETEN IRUZURRA
Amaiur Epher
Maiatz
Funtzionario baten gorabeherak kontatzen ditu liburuak, umorez eta sarkasmoz. Euskal Herriko giroan, neke eta ameskeria artean, pertsonaiak ez du ez aterabiderik ez itxaropenerako motibo askorik aurkitzen.
JACOB. GAUEKO LANGILEA
Matz & Chemineau
Itzultzailea: Bego Montorio
Txalaparta
Alexandre Jacoben biografia ilustratua. Hankaz gora jarri zuen Frantzia, hamaika desjabetze eginda. Aberatsei ohar umoretsuak lagaz, argi uzten zuen ez zela bere poltsikoak betetzeko, behartsuen artean banatzeko baizik.
ZERUAK ETA INFERNUAK
J.M. Olaizola Txiliku
Elkar
45 piezaz (istorioak, pasadizoak, bitxikeriak...) osaturiko bildumak bidaia harrigarria egitera gonbidatzen du irakurlea, denboran eta espazioan zeharreko ibilaldia. Edonoiz eta edonon, zatika irakurtzeko moduko liburua.
GU GABE ERE
Itziar Uriarte Irizar
Susa
Dena irabazteko izan eta dena galtzeko beldurra sentitzen hasten garen unea jasotzen dute poema hauek. Poemotako ahotsa bere mundua sortzen ari denean, lurrikara isila izango da hurbileko hiru pertsonaren heriotza.
XOMORRO LAPURRA
Irati Garmendia eta Ane Arzelus
Erein
Liburu honek minbiziaz dihardu: nola esan haur bati amak, amonak, izebak… ilea galduko duela? Nola azaldu ebakuntza baten ostean bular bat edo biak faltako zaizkiola? Nola ulertarazi jolasteko nekatuegi dagoela?
HIKIKOMORI
Onki Xin
Egilea editore
Entzuteko ez ezik, dantzatzeko ere badira disko honetako 11 abestiak. Rocka eta elektronika nahasten dira bertan, eurodisco, eurobeat eta synth pop estiloak, sistema kapitalista gogor kritikatzeko.
KALAKAN ETA EUSKADIKO ORKESTRA
Elkar
Lan honetan, non euskal tradizioko 12 kanta jaso diren, Jamixel Bereau, Xan Errotabehere eta Bixente Etchegaray hirukoteak arlo sinfonikoari eutsi dio, Juanjo Oconen zuzendaritzapean Euskadiko Orkestrarekin.
EUSKAL DANBOLINAREN AROAK
Ansorena & Senperena
Gaztelupeko Hotsak
Saio pedagogikoa, aldarrikapen historikoa eta soinu esperimentazio garaikidea bat egin ditu disko honek. Piter eta Joserra, danbolina eta pianoa, elkarrizketa betean ageri dira era askotariko 12 pieza hauetan.
YAHTOIL
STR
Baga-Biga
Talde bizkaitarraren lanak pop-trapa eta autotunea ditu osagai nagusi. Hitzek, berriz, maitasuna, harremanak, sentimenduak, sexua... dituzte hizpide. Taldeak kanta berriak kargatuko ditu diskoak dakarren pendrivean.
TOLESDURAK
Audience
BideHuts
Bi diskok eta 16 abestik osatzen dute lana, pandemiak erdian harrapatu zuelako taldea prestaketa lanetan zebilenean. Lehenengoan, rock doinuak eta gordinagoak; bigarrenean, aldiz, argitsu eta dibertigarriagoak.