bidean web

Gerediaga Elkarteak antolatzen du Durangoko Azoka, Euskal Herriko kulturaren erakusleiho1 erraldoia. Bertan, liburu eta disko berriak aurkezten dira; sortzaileek irakurleekin eta ikus-entzuleekin zuzeneko harremana izaten dute; eta kontzertuak, hitzaldiak, antzezlanak, tailerrak, artisau azoka... egoten dira. Giro berezia sortzen da urtero, eta herria euskaldunen eta kulturazaleen topagune bihurtzen da lauzpabost egunez. Finean, Durangoko Azoka euskal kulturaren bizitasunaren isla da. M. Egimendi. Argazkia: Durangoko Azoka.

Aurten, 60. edizioa
Aurreneko liburu eta disko azoka 1965ean egin zen, Andra Mariko elizpean2, 19 erakusmahairekin. Xede3 argia zuen: Euskal Herriko liburugintzaren eta diskogintzaren ekoizpena4 erakustea. Azokak han segitu zuen 1974ra arte, baina orduko gobernadore zibilak elizpean egitea debekatu zuen, “erlijio arrazoiengatik”. Merkatu plazara eraman zuten, eta han egin zen 1996 arte. Txiki geratu zen, ordea, eta herrian karpak ipintzen hasi ziren. Izan ere, hasieran liburuak eta diskoak bakarrik egoten ziren, baina gerora bideoak, CDak eta bestelako euskarri5 askotako ekoizpenak heldu ziren. Azkenean, urtero elkartzen zen jendetzagatik, Azoka Landako erakustazokan jarri zuten 2003an, oraingo lekuan.

Askotariko hainbat gune
Hasierako liburu eta disko azokari hainbat kultur diziplina batu zitzaizkion apurka, eta gune berriak sortu dira Azokaren bueltan. Adibidez, Saguganbara, 12 urtera arteko umeak literaturara gerturatzeko. 2008an, idazleek eta musikariek Ahotsenea sortu zuten, beren lanak zuzenean eta solasaldietan aurkezteko. 2010ean, Irudienea eta Szenatokia, ikus-entzunezkoei eta arte eszenikoei leku propioa emateko; 2012an, berriz, Kabi@, kultura digitala esperimentatu eta ezagutarazteko. Eta aurten, bi gune berri izango dira: Berbagailua (Podcasten Plaza) eta Atartea (Arte Ederren Plazan, ilustrazioari lotutako erakusketak eta ekitaldiak antolatzeko).

Sormen Beka Da egitasmoa
Gerediaga Elkarteak, 1992tik 2016ra, Argizaiola saria eskaini zuen urtero euskararen eta euskal kulturaren aldeko lana goraipatzeko6. Besteak beste, Txillardegik eta Benito Lertxundik jaso zuten. Alabaina, 2017an, Sormen Beka Da egitasmoak ordeztu7 zuen saria. Helburua da euskarazko sorkuntza sustatzea, sortzaile berriei bidea erraztuz eta haien lana erakutsiz. Aurten, kasu, komiki proiektu bat sarituko da, 15.000 eurorekin. Jatorrizko sormen lana izango da, adimen artifiziala erabili gabe eta euskaraz egina. Irabazlea zein den 60. Durangoko Azokan jakingo da, eta urtebeteko epea izango du lana burutu eta 2026ko Durangoko Azokan aurkezteko.

Aurtengo egitarauan, zer?
Ezinezkoa da Durangon abenduaren 5etik 8ra egongo den guztia hemen batzea; beraz, hona hemen zertzelada8 batzuk baino ez. Eider Rodriguez, Ixiar Rozas, Jon Arretxe, Katixa Agirreren... liburu berriak. Ezezez, Sara Zozaya, Bele, Jurgi Ekiza, Latzen, Ødeiren... disko berriak. Szenatokian, Julen Axperen Furgonologoa, Gilkitxaroren antzezlana... Saguganbaran, Abentura erraldoiak bilduma, Xirribit ipuin musikatua... Irudienean, Joseba Sarrionandia; Kabi@ gunean, adimen artifiziala, Interneteko pribatutasuna... Onena, egitaraua durangokoazoka.eus atarian aztertu eta aukeratzea. Bestalde, AIZU!rentzat ere berezia izango da aurtengo edizioa. Zergatik jakin nahi? Joan zaitez seigarren orrialdera.

1. Erakusleiho: escaparate (es), vitrine (fr).
2. Elizpe:
pórtico (es), portique (fr).
3. Xede:
helburu.
4. Ekoizpen:
produkzio.
5. Euskarri:
soporte (es), support (fr).
6. Goraipatu:
elogiar (es), louer (fr).
7. Ordeztu:
reemplazar (es), remplacer (fr).
8. Zertzelada:
detalle (es), détail (fr).


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.