heltzearariketak

Fotokopiak, grapak eta tinta beltza. Pantailek eta etengabeko scroll delakoak inguratzen gaituzten honetan, fanzineen taupadak entzuten jarrai dezakegu Eva Forest Liburutopia bezalako lekuetan, Lurpeko Kaierak proiektuari esker. Esti Lanao. Argazkiak: Asier Bastida.

Gasteizko alde zaharreko txoko kuttunen artean, batek zehazki arreta berezia eskaintzen dio literaturari: Eva Forest Liburutopia. Liburutegi-kafetegi hau “hausnartu, pentsatu eta partekatzeko gunea” da, eta irakurketara ikuspegi kritikotik hurbiltzeko aukera eskaintzen die auzoari zein hiriari. Joan den martxotik, proiektu berri batek hartu du lekua bertan: Lurpeko Kaierak fanzinoteka, sormen autogestionatuaren eta disidentziaren topalekua.
Testu eta ilustrazioen mundu horretan murgildutako bi lagunek bultzatu dute egitasmoa, Txema Urdampilletak eta Igarki de Roblesek, hain zuzen. Fanzineak gordetzea eta zabaltzea dute helburu nagusietako bat, baina ez edozein fanzine, “disidenteek” osatzen baitute bilduma. De Roblesek azaldu bezala, “guk disidentzia ulertzen dugu egungo sistema sostengatzen1 duten botereen kontra joatea, edo haiekin bat ez egitea, behintzat. Hortaz, ikuspegi horretan mugitzen diren fanzineak bilatzen ditugu”. Hala, azpikulturek, politikak, musikak, feminismoak eta abarrek osatzen dute ia 400 fanzineko bilduma.
Hasieran, biek sobera zituztenekin abiatu zuten bilduma; gerora, jendea bat egiten hasi, eta donazioak jaso dituzte. Lan hori guztia egiteko leku fisikoa izatea ezinbestekoa zuten, eta Eva Forest Liburutopiak ateak ireki zizkien: “Horrela, nahi duena etor daiteke patxadaz2 begiratzera; eta zerbait maileguan3 eraman nahi badu, gurekin harremanetan jar daiteke”.
Izan ere, euskarri digitala ere badute (webgunea, posta elektronikoa eta sare sozialak), datu basea elikatzeko4 eta fanzineak, modu batean ala bestean, kontrolpean izateko. De Roblesek dioenez, “zein ditugun jakiteko baliagarria zaigu, eta, bide batez, ikusgarritasuna ematen digute, batez ere webguneak eta Instagramek. Norbaitek fanzineetan interesa badu, oso erraz aurki gaitzake”. Bi alderdi horiek uztartzeari esker, fanzineen berezko xarmari euts diezaiokete, gehiegi arriskatu gabe: “Azken finean, fanzineak esku artean eduki ditzakegu, eskuz esku dabiltza, baina galtzeko errazak dira”.
Maileguan uzteaz gain, bestelako ekintzak ere egiten dituzte: erakusketak, mahai inguruak, hitzaldiak... Hain zuzen, asko baloratzen dute horrelako tarteak izatea, fanzineen inguruan komunitatea sortzeko. “Guretzat politena fanzine sortzaileekin eta zaletuekin egotea da, sorkuntzari buruz hitz egitea, edo DIY (Do It Yourself) filosofiaz”, gehitu du. Izan ere, fanzineak ideiak eta pasioak partekatzeko bideak dira, eta sortzaileek inolako mugarik gabe adieraztea ahalbidetzen dute.
Ildo horretan, Gasteizek, bere txikitasunean, kultur mugimendu bizia du. Hori dela eta, garrantzitsutzat dute hirian honelako proiektu bat egotea: “Gasteizen badago Sancho El Sabio Fundazioaren fanzinoteka, baina apur bat arrotza da: fanzinea eskatzen duzu eta ekartzen dizute, besterik gabe. Guk zerbait samurragoa5 nahi genuen, herritarra, sareak ehuntzen dituena, jendeak bere kabuz begiratzeko aukera izan dezan”.
Argitalpen hauek, oro har, iraultzaileak izan dira beti, “sistemaren aurkako” gaiak landu dituztelako. Egun, teknologiak eta digitalizazioa beren une gorenean6 dauden honetan, sorkuntza mota hau berriro bultzatzea erresistentzia modu bat dela dio de Roblesek: “Sistemak oso eduki azkarrak eta motzak zabaltzen ditu. Fanzineen bidez, ordea, guztiz kontrakoa gertatzen da: patxadaz egitea, irakurtzea, pentsatzea eta hausnartzea eskatzen dute, eta, ondorioz, burmuina martxan jartzea”. De Roblesek argi du: “Fanzinea erraietatik7 ateratzen zaizunari bidea emateko modua da, oso tresna eraginkorra”.
Lurpeko Kaierak proiektuko kideek lasaitasunez begiratzen diote etorkizunari, baina tinko. “Komunitatea sendotu nahi dugu bereziki, sareak josten jarraitu, harremanak ehundu”, dio de Roblesek. Tartean, erakusketak antolatuko dituzte, eta 2026rako Tagging day edo katalogazio lanerako eguna aurreikusi dute, interesa izan dezakeen edonorentzat. 


SANCHO EL SABIO FANZINOTEKA
Gasteizko Sancho el Sabio Fundazioaren fanzinotekak 1970etik 1990era bitarteko ia 500 fanzine biltzen ditu. Bertan, Euskal Herrian argitaratutako lanak, euskal gaiak lantzen dituztenak eta/edo euskal sortzaileek eginak aurki daitezke. Horien artean esanguratsuenak8 70eko hamarkadako Panpina ustela, Gay hotsa, Euskadi sioux edo Pott dira, garai bateko gazteen ahotsak eta estetika erradikalak islatzen dituztenak. 80ko eta 90eko hamarkadetako argitalpen entzutetsuak ere badira: Tmeo, Resiste, Burp! edo La Comictiva, esaterako. Azken hamarkada horretan, ordea, nabarmen egin zuten behera publikazioek.
Fanzine horiek guztiak prentsa alternatiboaren, azpikulturaren eta disidentziaren isla dira, eta askotariko gaiak erakusten dituzte: badira espezializatutako fanzineak (musika, zinema, moda, komikiak…), baina baita eduki sozialagoak jorratzen dituztenak ere (ekologia, feminismoa, antimilitarismoa edo underground kultura, kasu).

1. Sostengatu: sostener (es), soutenir (fr).
2. Patxadaz:
lasaitasunez, presarik gabe.
3. Mailegu:
préstamo (es), emprunt (fr).
4. Elikatu:
alimentar (es), alimenter (fr).
5. Samur:
hurbileko, lagunkoi, adiskidetsu.
6. Une goren:
cima (es), sommet (fr).
7. Erraiak:
entrañas (es), entrailles (fr).
8. Esanguratsu:
significativo, -a (es), significatif, -ive (fr).

 

 


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.