Kale gorrian ere, aterperik ez
San Frantzisko (AEB) ez da lehengoa; gaur egun, arazo handiak ditu. Etxerik gabeko pertsonen kopurua dela, etxebizitzen prezio garestiak direla, droga kontsumoa, segurtasunik eza… San Frantziskon bizitzea gero eta zailagoa da. Juan Luis Mugertza. Argazkiak: Juan Luis Mugertza.
Etxerik gabekoen egoerak, fentaniloak (morfina baino 100 aldiz gogorragoa) eragindako drogazale kopuru handiak eta turismoaren gainbeherak kalte handia egin diote hiriko ekonomiari. Gainera, adibide bat ematearren1, arroparen eta janariaren, hezkuntzaren, osasun laguntzaren, aisialdiaren eta garraio zerbitzuen prezioa herrialde mailako batezbestekoa baino % 19,8 garestiagoa izan zen 2022an.
Pandemiaren ondorioz, bidaia gehienak bertan behera gelditu ziren 2020an, eta horrek 8.000 milioi dolarreko kaltea ekarri zien hiriari eta tokiko negozioei. Bestalde, hiriko egungo segurtasunik ezak ere eragina izan du, eta turismoaren sektorea ez da oraindik oneratu2: “Batzuk beldur dira San Frantziskora etortzeko, baina ez dakite arazo gehienak eremu isolatuetan3 daudela”, diote ostalaritzan aritzen diren askok.
Hala ere, fentaniloak asko okertu du San Frantziskoko erdiguneko egoera. Lehen, heroina saltzaileak baino ez zeuden, baina gaur egun opioide sintetiko hau mugitzen duten gameluak kalera atera dira, eta taldeen arteko gerrak ere sarritan sortzen dira.
Bestalde, teknologiaren aurrerapena ere aipatu behar da. Izan ere, ikasketarik ez izateak handitu egin du aberatsen eta pobreen arteko arrakala4: gero eta zailagoa da titulurik gabekoentzat lanpostu bat aurkitzea. Teknologia ikaragarri txertatu5 da San Frantziskon, eta aldaketa teknologiko horiek ez ezagutzeak atzean geratzea dakar jende askorentzat.
Arazo metaketa6 hori gutxi balitz bezala, hiriko zikinkeria ere ezin utzi aipatzeke. Espaloi asko zikin daude, gizakien eta animalien kaka mokordoz7 beteta, eta horrek bertakoak haserretzen ditu. Garai batean, oso harro esaten zuten San Frantziskokoak zirela; egun, aldiz, lotsatuta daude.
Politikarik ez etxegabeentzat
Auzitegi Gorenak eztabaidan du ea legezkoa den etxerik gabeko pertsonei isuna jartzea kalean lo egiteagatik, hiriak etxerik gabekoen errekor historikoak baititu. Donald Trumpen asmoa, bitartean, etxegabeak, drogazaleak eta “arriskutsuak” kaletik kentzea da. “Etxerik gabeko pertsonek ez dute eskubiderik parke eta espaloi guztiak bizileku gisa erabiltzeko, ezta bertan drogak kontsumitzeko ere”, esan zuen AEBetako presidenteak 2024an, sarean argitaratutako kanpainako bideo batean. Kaliforniako gobernadore Gavin Newsom-ek (Alderdi Demokratakoa, kontu gehienetan Trumpen etsai8 handienetakoa) ia gauza bera esan du.
Dena dela, hiri handi guztietan dagoen baina politika nazionalean ikusezina den gehiengo baztertuak ziurrenik ez zuen bozkatuko presidentetzarako hauteskundeetan. Izan ere, horretarako ezinbestekoa da posta helbide batean erregistratuta egotea, eta pertsona horiek ez dute halako pribilegiorik: hauteskundeetan, etxerik gabekoak ez dira irabazi beharreko botoak, kanpaina egiteko gaia baizik. Etxegabetze aginduen kopurua murriztu egin zen 2015ean, baina Donald Trumpen presidentetzarekin berriro hazi zen, arazoa nabarmen okertu arte. Kale gorriaren aterpea falta dutenen ametsak ez du erraz aurkituko lotarako lekua.
HAINBAT DATU
San Frantziskon, 8.000 bat pertsona daude etxebizitzarik gabe, hiriko biztanleen % 1 (Estatu Batuak osorik hartuta, % 0,2koa da datua, Financial Times egunkariaren arabera).
Tokiko9 gobernuak 14.000 milioi dolar bideratu ditu (aurrekontuaren % 5) etxegabetzeei aurre egiteko.
Apartamentu baten hileko alokairua ia 3.000 dolar kostatzen da, eta etxebizitza baten prezioa 1,32 milioi dolarrekoa da (AEBetako batezbestekoa baino % 214 garestiagoa).
1. Ematearren: emateko, emateagatik.
2. Oneratu: hobetu, hobera egin.
3. Isolatu: aislado,-a (es), isolé, -e (fr).
4. Arrakala: brecha (es), fracture (fr).
5. Txertatu: sartu.
6. Metaketa: acumulación (es), accumulation (fr).
7. Mokordo: kaka pilo.
8. Etsai: enemigo, -a (es), ennemi, -e (fr).
9. Tokiko: leku horretako, bertako.
