Castells-ak (gazteluak, euskaraz) Kataluniako kulturan gehien errotutako ohituretako bat dira, zalantzarik gabe. Pertsonaz osatutako dorre modukoak dira, eta herri ugaritako jaietan eta plazetan ikusi ditugu maiz. Orain, baita Euskal Herrian ere. Esti Lanao. Argazkia: Euskal Herriko Casteller Taldea.

Sarritan ikusi ditugu gizon eta emakume taldeak bata bestearen gainean pilatzen, dorre itxura hartzen duen irudia egiten. Gizon eta emakume horiek, hain zuzen, castellers-ak dira, eta irudia, berriz, castell edo gaztelua. Zehazki, sei eta hamar solairu arteko altuerako giza eraikinak dira. XVIII. mendearen amaieran sortu ziren, Tarragona inguruan, eta geroztik herrialde osora hedatu dira. Katalunia osoan eraikitzen dituzte, beraz, baina hortik kanpo ere zabaldu dira: Madrilen, Berlinen, Edinburgon, Pekinen… eta, hara non, Euskal Herrian ere bai. Izan ere, Euskal Herriko lehenengo Casteller taldea sortu dute.
Arraroa badirudi ere, orain arte ez da horrelakorik izan gure herrian. Asier Eraña Azkonobieta da taldeko ordezkarietako bat, eta, dioenez, Kataluniako tradizio horrek Euskal Herrian ere presentzia izan dezan osatu dute taldea: “Leku pila batean daude castell-ak, baina ez Euskal Herrian, eta bi herriek betidanik izandako kidetasuna kontuan hartuta, harritzekoa da”. Horri buelta eman nahian, eta Euskal Herrian colla (giza dorreak egiten dituen taldea) propioa izateko asmoz, hemen bizi den kataluniar talde batek sortu zuen ideia.
Jendea segituan animatu zen, Erañak kontatzen duen bezala: “Nire lagun batek (aurretik casteller ibilitakoa) izan zuen ideia. Hortik aurrera, ni, donostiarra, Euskal Herriko beste txoko batzuetako jendea eta beste kataluniar batzuk elkartu ginen”. 2024ko ekaina zen. Hainbat entsegu egin eta, kontua aurrera zihoala ikusi zutenean, elkartea sortzea erabaki zuten. “Jendea biltzen hasi zen eta itxura ona zuenez, juridikoki babesa izateko, modu ofizialean eratu genuen taldea”, zehaztu du Erañak.
Euskal Herri osoan
Horren ostean, lana serioago hartu dute. Aste barruan elkartzen dira, baina berezitasun batekin, ez baitute leku zehatzik: “Kataluniako betiko taldeekin alderatuta, ezberdinak gara zentzu horretan. Haiek, normalean, herri txikietakoak edo auzoetakoak izaten dira, eta behin edo bitan biltzen dira astero beren lokalean. Guk, ordea, kalean bertan egin behar izaten dugu”.
Gainera, hasiera-hasieratik izan dute Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa, horregatik elkartzen dira leku askotako pertsonak. Asierren esanetan, sakabanatuta gaude. Gehienak Bilbo eta Donostiakoak gara, baina Gasteizkoak ere badira”. Oraingoz, lehenengo bi hiriburuetan biltzen dira gehienbat, aste barruan, kide gehienak bertakoak direlako, esan bezala, baina noizbehinka Gasteizen ere egiten dute, nahiz eta bertako jende gutxiago egon. Horrez gain, asteburuetan ere entsegu orokorrak egiten dituzte, hiriburuetakoren batean edo, batzuetan, erdibidean, Oñatin. Erañak dioenez, “bakoitzaren prestasunaren edo egin beharreko ekintzen arabera mugitzen gara asteburuetan”.
Kataluniarren laguntza
Taldea apurka-apurka handitzen ari da: hasieran, lagun arteko zerbait zen; orain, kaleko kuxkuxeroak ere casteller bihurtzen ari dira. Interesa mugaz bestaldetik ere badator, Kataluniako colla askok arreta jarri baitute hemengo taldearengan: “Elkartea sortu genuenetik, talde asko jarri dira gurekin harremanetan, haietako dezente gure aitabitxia izateko”. Izan ere, ohikoa da talde handiek txikiei laguntza eskaintzea; horixe da, hain zuzen, aitabitxi bilakatzea. Euskal Herriko Casteller Taldeak bi ditu, bata Lleidakoa eta bestea Valsekoa. “Azken finean, askok hona etorri nahi dute, gustatzen zaielako eta, era berean, plan egokia iruditzen zaielako asteburua hemen igarotzea, emanaldi bat eskaintzea eta etxera bueltatzea”, dio Erañak. Eta, noski, euskaldunei ere interesatzen zaie harremana sortzea eta sareak ehuntzea.
Erreportaje honen hasieran, castells-ak giza eraikinak direla esan dugu, hots, pertsonaz osatutako dorreak; ez dugu aipatu, ordea, egitura jakin bati jarraitzen diotela. Bada, gaztelu horiek hiru atal dituzte. “Lehenengoari piña esaten diogu eta dorrearen oinarria da, garrantzitsuena. Hori gabe ez dago gaztelurik, eta bertan biltzen da jende gehien”. Ondoren, enborra edo tronc dugu, egituraren eskeletoa osatzen duten lagunak: “Zati hau goraino igotzeko baliatzen dugu”. Amaitzeko, pom de dalt edo goiko puntua dugu. “Hona umeak igotzen dira, edo taldeko arinenak, behintzat”, azaldu du Erañak.
Normalean, talde handienetan casteller bakoitzak bere kokapena du, baina Euskal Herriko taldean ez: “Oraindik oso jende gutxi garenez, denok ikasten dugu igotzen, piña-ko posizioak hartzen… denetik egiten dugu. Hortaz, ez dugu rol finkorik zehaztuta”. Arazo bera dute goiko puntuarekin: gutxien pisatzen dutenak igotzen dira horra, eskuarki haurrak, baina, nahiz eta adin tartea oso zabala izan, ez dago nahikorik.

JANZKERA ETA SEGURTASUNA, ESKUTIK
Kanpotik ikusita, jantzi behar duten arropak misterio handirik ez duela irudi dezake: galtzak, alkandora eta gerrikoa. Alabaina, segurtasunarekin lotura handia dauka. “Entseguetan, alkandora zaharra erabiltzen dugu, urratu egin daitekeelako. Emanaldietakoa, ordea, berezia da, oihal gogorrez egindakoa”. Gerrikoa ezinbestekoa da, eta zeregin bikoitza du: “Batetik, gerria ondo estutzen dugu, babesteko eta bizkarrean minik ez hartzeko; bestetik, gora doanak eskailera gisa baliatzen du igotzeko”.

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.