Bazkide gehiago, guztien duintasuna bermatzeko

Bazkidetza-kanpaina abiatu du Iruñeko Paris 365 jantoki solidarioak, dohaintza gehiago eskuratzeko. Despentsa inoiz baino hutsago dagoela gaztigatu1 dute, eta erabiltzaileen behar- eta zaurgarritasun-egoera "kronifikatu" dela ohartarazi. Iñaki Rubio. Argazkiak: Paris 365 jantoki solidarioa.
Baietz beste 365 bazkide. Erronka horri heldu dio oraingoan Iruñeko Paris 365 jantoki solidarioak. Zenbakia, ordea, ez da kalkulu matematiko hutsa, ez eta menturazkoa2 ere.
“Beharra duen orori urteko 365 egunetan arreta duina ematen jarraitzea da helburua”, azaldu du jantokiko komunikazio-arduradun Mikel Urabaienek. “Gainera, 365 gehiago lortuta, 1000 bazkideko langa3 gaindituko genuke”. Izan ere, pobrezia gero eta estrukturalagoa bilakatzen ari dela esan du, eta jantokiko baliabideak mugatuak direla aitortu. Hortaz, bazkidetza-kanpaina abiatu dute jatekoa zein janztekoa denentzat ziurtatu ahal izateko.
Urabaienen esanetan, bazkideek kuota librea ordainduko lukete: “Urtean 20 euro ordaintzen dute, gutxienez, eta hortik gora bakoitzak nahi duena eman dezake”. Halaber, dohaintza ekonomikoak ez ezik, materialak ere behar dituztela azpimarratu du, jantokiko despentsa inoiz baino hutsago baitago. “Oinarrizko saskia eskaini ahal izateko, ekarpen gehiago behar ditugu”. Kontsumo-produktuen eta energiaren garestitzea nabarmen handitu da azken bost urteetan, Kontsumoko Prezioen Indizeak4 (KPI) % 19 egin duelako gora. “Ezin diegu gastuei aurre egin orain arteko aurrekontuarekin; laguntza ezin hobea jasotzen dugu norbanakoen eta erakundeen aldetik, baina saltoki handiena murriztu egin da”.
Era berean, Paris 365 jantokiko erabiltzaileen egoera gero eta korapilatsuagoa da. “Artatzen5 ditugun pertsonen % 48k ez dute etxebizitzarik, eta % 40k ez dute aukerarik beren kabuz6 dutxatzeko edo arropa garbitzeko”. Egoera horrek, beraz, zaildu egin du oinarrizko beharrak duintasunez asetzeko ahalmena: “Alokairua lortzeko zailtasuna zen arazoa lehen; orain, bizitzeko gela bat aurkitzea zailagoa da, eta normalizatu egin dugu egoera hori”. Etxebizitza da, hortaz, erabiltzaileen arrazoi nagusia Paris 365 eta halako erakundeetara jotzeko: “Ia erdiek ez dute etxerik, eta beste erdiek etxebizitzaren auziari7 loturiko arazoren bat daukate”.
Pobreziaren‘kronifikazioa’
Paris 365 jantoki solidarioak egunero eskaintzen dizkie 60 erabiltzaileri gosaria, bazkaria eta afaria, euro baten truke. Despentsara ere, beste hainbeste familia joaten dira astero eta, hilean bi euro ordainduta, oinarrizko saskia eskuratzen dute. “Kantitatea sinbolikoa da, eta diru-iturririk izan ezean, ez dute ezer ordaintzen”. Alta8, Urabaienen aburuz9, erabiltzaileentzat garrantzitsua da galdutako errutinak berreskuratzea: “Inportantea da egunero euro bat edo hilean bi euro aurreztea; gutxi izan arren, ohitura osasungarria da, elikadura duina izateko dirua gordetzen dutelako horrela”.
Aurreko urteekin alderatuta, pertsona gutxiago artatu zituen jantoki solidarioak iaz, baina ohartarazi dute banaturiko otordu10-kopurua ez dela murriztu: “2024an, 60 plaza mantendu genituen jantokian, eta, aurreko urtean bezala, gosari-, bazkari- eta afari-kopuru ia bera zerbitzatu genuen. Hala ere, 168 pertsona artatu genituen, % 7 gutxiago”. Zaurgarritasun11-egoerak luzatu egin dira, beraz, eta pobrezia “kronifikatu”.
Despentsan, are adierazgarriagoa da irudia. Adingabeak dituzten familiak oinarrizko saskia eskuratzera joaten dira bertara; zehazki, 87 haur eta nerabe biltegiari esker elikatzen dira. “60 plazak berdin mantendu dira, baita banatutako saski-kopurua ere, baina pertsona gutxiago artatu ditugu, aurreko urteetan baino % 32 gutxiago”. Halaber, 2025eko itxierak balantza hori are gehiago desorekatuko12 duela esan du Urabaienek.
Kanpaina ‘politikoa’
Paris 365 jantoki solidarioak hainbat norabidetan ardaztu13 du bazkide berriak erakartzeko kanpaina. “Iaz, aurrez aurreko afariak emateari utzi genion denbora batez, erabiltzaileen eta bizilagunen arteko tentsioen karietara14”. Baina bizilagunen, erabiltzaileen eta auzoko eragileen arteko lanketa sakonari esker, egoera konpontzea lortu zuten. “Orain, egindako lana auzoari itzuli nahi diogu, nolabait, eta aldizkari bat egin dugu elkarrizketa- eta artikulu-sorta15 batekin, bertan banatzeko”.
Sare sozialetan ere makina bat16 bideo zabaldu dute, gizartea sentsibilizatzeko eta bazkideak erakartzeko. Bazkide izatearen garrantzia azpimarratu du Urabainek: “Paris 365 bazkideen bitartez soilik finantzatuko bagenu, independenteagoak izango ginateke instituzioak interpelatzerakoan”. Paris 365 “desagertzeko” jaio bazen ere, helburu horretatik urrun daudela aitortu du Mikel Urabaienek: “Instituzioek asetzen ez dituzten behar horiek asetzen ditugu guk. Zoritxarrez, denok ez ditugu aukera berdinak, eta elkartasuna behar dugu”.
JANTOKIA BAINO GEHIAGO
Paris 365 jantoki solidarioa 2009an sortu zen, urtebete lehenago lehertu zen krisi ekonomikoak eragindako beharrei aurre egiteko asmoz. Zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei janzkera eta elikadura duina bermatzea da erakundearen helburua, haien parte-hartze aktiboa eta independentzia bultzatzeaz batera. Hasieran, langabezian gelditu zen bertako jendea artatzen zuten gehienbat; egun, aldiz, Atzerritartasun Legearekin17 arazoak dituzten migratzaileei ematen diete arreta nagusiki. Gosaria, bazkaria eta afaria ematen dituzte egunero, eta ekarpenen bidez jasotzen dituzten elikagaiak despentsa solidarioan eskaintzen dituzte. Orobat18, bigarren eskuko bi arropa-denda ere badituzte; edonor joan daiteke erostera, baina jantoki solidarioko erabiltzaileek doan eskura ditzakete jantziak. Gainera, orientazio-zerbitzuak ere eskaintzen ditu fundazioak. 14 lagunek osatzen dute Paris 365eko lantaldea, eta ia 300 boluntario aritzen dira egunero-egunero otorduak banatzen.
1. Gaztigatu: ohartarazi, jakinarazi, aditzera eman.
2. Menturazko: aventurado, -a (es), hasardeux(euse) (fr).
3. Langa: muga, tope.
4. Kontsumoko Prezioen Indize: índice de precios al consumo (IPC) (es), indice des prix à la consommation (IPC) (fr).
5. Artatu: arreta eman, laguntza eman.
6. Nor(k) bere kabuz: bakarrik, inoren laguntzarik gabe.
7. Auzi: arazo, zailtasun.
8. Alta: hala ere, dena den, alabaina.
9. Aburuz: ustez, iritziz.
10. Otordu: gosaria, bazkaria edo/eta afaria.
11. Zaurgarritasun: vulnerabilidad (es), vulnérabilité (fr).
12. Desorekatu: desequilibrar(se) (es), déséquilibrer (fr).
13. Ardaztu: centrar (es), centrer (fr).
14. -(r)en karietara: dela kausa, dela eta.
15. Sorta: conjunto (es), collection (fr).
16. Makina bat: pilo, mordo, asko, anitz.
17. Atzerritartasun Legea: ley de extranjería (es), loi sur les étrangers (fr).
18. Orobat: era berean, halaber, baita... ere.
