23. Korrika hitz gutxitan
Badator! 2024ko martxoaren 14tik 24ra, Irundik Baionarat egingo du 23. Korrikak. Euskararen aldeko mobilizaziorik jendetsuenak Euskal Herriko errepide eta bazterrak jendez beteko ditu, euskararen eta AEKren alde lasterka. Hona hemen 23. Korrikaren gako nagusiak, labur-labur. Eñaut Mitxelena.
Harro herri
11 egunez, Korrikak herri oso baten, euskararen herriaren, harrotasuna erakutsiko du: euskal komunitateak euskararekiko sentitzen duen harrotasuna. Horixe jaso nahi izan du 23. Korrikaren leloak: Harro Herri. Euskarak eta euskaraz bizi nahiak jasaten dituzten traba eta erasoen aurrean, oztopo guztiak gainditzeko gai den herri harroa garela erakusten du, bi urtean behin, Korrikak: “Egon gaitezen harro garenaz eta egiten dugunaz. Bete ditzagun etxe eta kaleak euskaraz. Harro plazan, online zein kanpoko bizitzan. Harro herri eta harro Korrikan!”. Hori bai, harrotasuna konformismoarekin nahasi gabe eta herritarren ahaleginari erakundeen ardura gehituta, hizkuntza-politika ausartagoak eta inbertsioak eginda.
Omendua
Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko dute 23. Korrikan. Hau da, Ipar Euskal Herrian, Frantziako legeei aurre eginda, baxoa eta brebeta euskaraz egiteko borrokan aritu eta ari diren ikasleak, guraso eta irakasleen laguntzarekin. Korrikak aldarrikatzen duen ahaleginaren adibide da borroka hori. Ane Elordi Alburquerque Korrikaren koordinatzaile nagusiak azaldu bezala, “gazte hauek, beren ikasketen une oso erabakigarrian, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egin dute, beren notak eta etorkizun akademikoa kaltetuak izango direla jakitun”. Hala, omenaldiaren bitartez, haien egoera gehiago ezagutarazi nahi da.
Nola lagundu?
Korrikari laguntzeko makina bat modu dago: antolaketan arituz, diru ekarpena eginez, Korrika babestuz... Nolanahi ere, zutabe nagusietakoa Korrika Laguntzailea da. Hamabost euroren truke, pina, txartel birtuala eta makina bat abantailaz gozatzeko aukera eskuratzen dira. Ez nolanahikoak! AEKren euskaltegi eta barnetegietan beherapenak, Korrikaren online dendan deskontuak, astero zozketa ugari laguntzaileen artean... baita AIZU! merkeago eskuratzeko parada ere! Gainera, aldiro-aldiro, abantailen zerrenda handitu egingo da. Aurten, estreinakoz, txartela birtuala da, eta Korrikaren telefonorako aplikazioan izango dute laguntzaile egiten direnek. Horretarako, korrika.eus gunera jo.
Errepidean eta sarean
Errepidetik sarera ere aspaldi egin zuen jauzi Korrikak. Modu askotan, gainera. Hortxe dago korrika.eus, bai iristear den Korrikari bai aurretik egindako guztiei buruzko informazioa biltzen duen webgunea. Bertan dago, halaber, Korrikaren online denda, jada martxan. Webguneaz gain, Korrika aplikazioa ezinbestekoa da. Doan deskarga daiteke, eta honek ere Korrikari buruzko informazio ematen du: albisteak, ibilbidea, Korrika zuzenean jarraitzeko aukera... baita, aurreko pasartean aipatu bezala, Korrika Laguntzaileen txartel birtuala. Horrenbestez, aplikazioaren bitartez gozatu ahal izango dira txartelaren abantaila ugariak.