Christopher Lee hitz gutxitan
Zineman, aurpegi eta ahots aski ezagunak izan ziren Lee-renak (Londres, 1922 - 2015). Erreparatu kopuruei: aktore, 250 lan baino gehiago egin zituen. Rod Steiger-en atzetik Hollywoodeko historian film gehien grabatu dituzten aktoreen arteko bigarrena dela diote zenbait iturrik. 2005ean, USA Today egunkariak zinemaren historian sarrera gehien saldu dituen aktoretzat jo zuen, eta gehien ikusitakotzat ere bai. Nolanahi ere, aktore nekaezina baino gehiago izan zen Lee. Eñaut Mitxelena.
Zinemako gaiztoa, zinez
Jokatu zituen rol ugarien artean, batez ere gaiztoenak dira gogoratuenak. Normala, gaizto gehien antzeztu dituzten aktoreen artean baitago, dudarik gabe: Frankenstein, Momia, Rasputin, Fu Manchu, Lucifer edota James Bond-en The Man With the Golden Gun filmeko Scaramanga, urrezko pistola zuen gaizkilea. Horietako asko eta asko 50eko, 60ko eta 70eko hamarraldietan gorpuztu zituen. Hurrengo urteetan maila eskaseko lan askotan parte hartu bazuen ere, hil aurreko garaian berriro jokatu zituen gaizto oso ospetsuak: The Lord of The Rings-eko Saruman aztia eta Star Wars sagaren bigarren trilogiako Dooku kondea, kasu. Dena dela, hainbeste gaizto artean, konde jakin batengatik izango da gogoratua, ziur.
Drakula kondea
Bela Lugosiren baimenarekin, zineman Drakularik nabarmenena, inor izatekotan, Lee izan zen. Nabarmena, garaia zelako (1,96 neurtzen zuen), baina, bereziki, bera izan zelako Drakula pantaila handian aldi gehienetan gorpuztu zuen aktorea. 1958an Terence Fisher-en Dracula filmean konde odol xurgatzailea lehenengoz antzeztu zuenetik, guztira hamar bider atera zituen letagin zorrotzak dantzara pantaila handian. Ia beti, Hammer ekoiztetxe ingelesaren filmetan. Zinemaren historian, bere tokitxoa du Hammerrek, beldurrezko film merkeak egiten zituelako. 60ko hamarraldian oso modan egon zirenez, barra-barra egiten zituzten. Hala, ekoiztetxea Drakularen arrakasta zukutzen saiatu zen, eta horrek bihurtu zuen Lee Drakularik ikusiena, nahiz eta aktoreak nahiko nazkatuta amaitu halako esplotazioarekin.
Zinemako bizitza
Filmetan lasai asko kontatzeko moduko istorioak izango zituen Leek. Izan ere, bere bizitzako pasarte batzuk bereziak dira. Christopher Frank Carandini Lee 1946an hasi zen aktore, aurrena antzerki, opera eta irratsaioetan. Hori baino lehen, ordea, II. Mundu Gerran Erresuma Batuko aireko armadan sartu zen, baina ez zen sekula pilotu aritu, baizik eta operazio berezietako eta inteligentziakoetako agente. Ezkutuko misio askotan parte hartu zuen Afrikan eta Europan, eta, gerra amaitu ostean, ihes egindako naziak harrapatzen ere ibili zen. Halere, misio sekretuak izanik, ez dira ezagunak. Pentsa daiteke eleaniztuna izateak lagunduko ziola misio haietan: ingelesaz gain, italiera, frantsesa, alemana eta gaztelania zekizkien Leek, baita suediera, errusiera eta greko apur bat ere.
Tximarik gabeko heavya
Abeslaria ere izan zen, batik bat metal estilokoa. Black Sabbath taldearen jarraitzaile porrokatua, hark zaletu zuen heavy metalera. Halere, berandu hasi zen estilo horretan: “Urte askoan eraman dut metala zainetan, baina ez nekien”. Hala, lehen urratsak Rhapsody of Fire taldearekin kolaboratzen egin zituen, 2004an. Gerora, haien lan gehiagotan ere hartu zuen parte, hala narratzaile nola abeslari. Manowar taldearekin ere elkarlanean aritu zen. Kolaborazioez gain, bakarlaria ere izan zen. Hasieran, metal kontuetan sartu gabe, bi lan ondu zituen. Behin estiloan murgilduta, bi lan luze argitaratu zituen: Charlemagne: By the Sword and the Cross (2010) eta Charlemagne: The Omens of Death (2013). Horiez gain, lan motzak plazaratu zituen, besteak beste,Gabon kanta ezagunen metal bertsioak, hala nola Jingle Hell. Ez al duzue Gabonetan entzun?