Gure kultura erdigunean jarri, irauli eta bestelako mundu utopikoa proposatzen du Badon* proiektuak, diziplinarteko ikuskizun baten bitartez. Korrika-AEK kultur sorkuntza beka jaso zuen 2022an, eta dagoeneko hasia da Euskal Herriko antzokietan aurkezten. Esti Lanao. Argazkia: Asier Arroita.

2022ko maiatzean, Korrika-AEK kultur sorkuntza beka jaso zuen Badon* egitasmoak, beste hamahiru proiekturen artean hautatuta. Talde sortzaileak urte eta erdi igaro du prestaketetan, entseguetan… Obretan, nolabait esanda, eta azkenean iritsi zaio lana ezagutzeko unea, Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan; Soreasu antzokian (Azpeitia) izan zuten aurrestreinaldia, eta gero Gasteizen estreinaldia, Principal Antzokian.
Egileek hasieratik izan dute argi ez zela ez kontzertu ez antzerki ez dantza ikuskizuna izango. Beste zerbait egin nahi zuten, denetik zerbait hartuko zuen proiektua. Ines Osinaga izan da lanaren sustatzaileetako bat, eta, haren hitzetan, “ez genekien oso ondo zer egingo genuen, baina bagenekien musika izango zuela, dramaturgia izango zuela, irudiak, jantziak, arte plastikoak… edukiko zituela, eta hasieratik etorri zitzaigun opera hitza”.
Baina ez edozein opera, edo ez, behintzat, ohiko operen modukoa, ez dituelako haiek izaten dituzten baliabideak (orkestra, kasu). Badon* opera posdramatiko garaikidea da, eta Marina Suarez Ortiz de Zaratek zuzendu du. Atzean, antzezle, dantzari, musikari, bideo sortzaile eta diseinatzaile talde erraldoia dago: “Proiektu kolektibo eta kolektibizatua da: espekulazio fasean (hasierako fasean), ia 50 eragile kultural eta emakume* ez hegemoniko batu ginen”. Sortzaileen nahasketaren bidez, kontakizun alternatibo eta gaurkotua proposatzen dute, euskal kulturari erreferentzia egiteko eta, aldi berean, zalantzan jartzeko: “Euskal kulturaren hegemoniaren eta horren genealogiaren gaineko begirada kritikoa egin nahi genuen, eta, besteak beste, bertan sortzen diren botere harremanak nabarmendu eta kuestionatu”.
Diziplina anitzeko ikuskizun honek, beraz, gure kultura eta haren kanonak berrikustera gonbidatzen gaitu, eta etorkizun utopiko espekulatiboa proposatzen du. Euskal kulturaren kritikak abiatzen du proiektua, izenburutik bertatik hasita: “Horixe izan zen ia hasieratik argi genuen gauza bakarra; ‘Ez dok hamahiru, ez dok hamahiru’ entzuten genuen. Gu, Badon* hamaika. Noka horretatik tiraka hasi, eta euskal totema hackeatzearen sinbolo gisa hartu genuen. Euskal* kultura* asteriskoz beteta dagoelako”.
Opera den aldetik, bost koadro edo ekitalditan banatuta dago, eta bakoitzak mundu bat irudikatzen du: kosmosarena, landareena, animaliena, gizakiona eta, azkenik, mundu espirituala. Ekitaldi bakoitza hausnartzera gonbidatzen gaituen esaldi batekin hasten da, baina ez dute batak bestearekin loturarik; collage moduko munduak dira. Esan bezala, interpretazioa, dantza, kantua, proiekzioak eta bestelako elementuak uztartzen dituzte emanaldi osoan, logikarik gabeko konexioekin.
Obraren beste ezaugarri interesgarri bat publikoa interpelatzen duela da. Ikuskizunak iraun bitartean, ikusleak protagonista izatera bultzatzen dituzte, esaldi edo elkarrizketen bidez. Sortzen duten kontakizuna ezaguna egiten zaigu eta, beraz, mundu horien parte (edo erantzule) izango gara.
Istoriotik kanpo, kolektibitatea da egitasmoaren indarguneetako bat. Izan ere, talde tekniko handia osatu dute, eta kideen arteko elkarlanari eman diote garrantzia: “Sorkuntza prozesuari jarri nahi genizkion fokua eta garrantzia, produktuari berari baino gehiago”. Ez da lan erraza izan, baina bai oso aberatsa Osinagak aitortu duenez, elkarlan horrek sinergia eta sare itzela sortu duelako. Azken finean, hainbat diziplinatatik etorritako sortzaileak batu dira, inoiz elkarrekin lan egin gabeak, eta bakoitzaren erritmora moldatu behar izan dira une oro: “Bakoitza bere eremu erosotik ateratzea eta elkar batetik bestera eramatea eskatu du, baina nik uste dut zaintza eta gune segurua sortzea lortu dugula. Horretarako, ezinbestekoa izan da norbanakoen eskuzabaltasuna”.
Horretaz guztiaz gain, Ines Osinaga oso esker onekoa sentitzen da Korrika-AEK kultur sorkuntza bekaren epaimahaiarekin. “Ideia zoro hau aurkeztu ondoren guretzat autoritatea duen epaimahaiak emandakoaren babesa eta finantziazioa ezinbestekoak izan dira proiektua aurrera eramateko” nabarmendu du.
Hasierako urduritasuna kenduta, emanaldiz osatutako ibilbidea dute aurretik. Euskal Herriko geografia osoko antzokiak eta plazak mugiarazteko prest daude, eta, norbait deseroso sentiarazten bada, “+++bere asteriskoak berrikus ditzala”.

DATAK

Badon* ikuskizuna Korrika Kulturalaren barnean ikusi ahal izango da datozen asteotan, hainbat lekutan: urtarrilaren 12an, Bilbon; 18an, Iruñean; 21ean, Baionan; otsailaren 3an, Tuteran; martxoaren 2an, Auritzen; 3an, Arrasaten; 7an, Hernanin; 9an, Altsasun; 10ean, Astigarragan; 15ean, Andoainen; 22an, Basaurin. Nolanahi ere, gehiago eskainiko balira ere, korrika.eus webgunera jo dezakezue informazio bila.

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.