Pedalontzia, Urumeatik mundura
Ramon Barea Mendizabal mutrikuarrak ur gainean pedalen bidez nabigatzeko ontzia asmatu zuen duela 130 urte baino gehiago. Lehenengo probak Urumea ibaian egin ondoren, Parisen patentatu zuen, 1893an. Euskal asmakizunik hedatuenetakoa da. Jagoba Salvador.
Gaur egun, pedalontziak munduko edozein txokotako itsaso, ibai eta aintziretan aurki daitezke. Haien jatorria, ordea, ez da hain ezaguna: Ramon Barea Mendizabal (Mutriku, Gipuzkoa, 1863 - Donostia, 1933) ekintzaile eta asmatzaileak diseinatu eta sortu zuen XIX. mendearen amaieran. Donostian findu, Parisen patentatu, eta 1900. urtean Parisko Erakusketa Unibertsalean saritu zuten, nabigazio sailean egindako asmakizunik berritzaileena izateagatik.
Ibilbide esanguratsua egin arren, oihartzun apala izan du Barearen irudiak. Familiak Donostiako Aldamar kalean zuen latorritegia bere gain hartu, eta bertan hasi zen garatzen buruan zituen ideiak. Aeronautikaren alorrean aritu zen gehienbat, baina uretako bizikleta izan zen bere asmakizunik entzutetsu eta berritzaileena. Lehenago, XV. mendean, Leonardo Da Vincik pedal bidezko itsasontzia irudikatu zuen arren, Bareak gauzatu zuen ideia hori, hainbatentzat onuragarria izan zitekeelakoan. Garai hartan jende gehienak ez zekienez igerian, tramankuluak aisialdirako aukera ona eskaintzen zien. Era berean, eragozpen fisikoak zituen edo gaixo zegoen jendeak erabiltzeko modukoa zen. Lehen probak Donostiako Urumea ibaian egin, eta behin haren potentziala ikusita prototipoa garatzen jarraitu zuen. Beranduxeago, 1893ko maiatzaren 14an eta 15ean, Kontxako badian itsasoratu eta ingeniaritzaren arloko zenbait aldizkariren arreta bereganatu zuen.
Hedabide espezializatuena ez zen izan erakarri zuen begirada bakarra. Izan ere, orduko Espainiako monarkiak Miramar Jauregian egiten zituen oporrak, eta probaldi horietako batean Maria Kristina erregina txundituta utzi omen zuen. Goiz hartan Barea traje, txapel eta guzti ur gainean "oinez" ikusteak sortu zion jakin-minak bultzatuta, asmatzailea jauregira gonbidatzea erabaki zuen. Handik aurrera, latorriarekin loturiko bertako lan oro hari agindu eta Aldamar kaleko tailerrari Errege Etxearen zigilua eman zion.
Berehala, 1893ko ekainean 3an bertan, pedalontzia patentatu zuen Parisen vélocipède maritime izenarekin. Gerora, pédal'eau, hidropedal, velomar edo biciscafo ere erabili izan dira itsasontzi hau eta bere eratorriak izendatzeko. Erregistroaren arabera, hurrengo urteetan sorkuntza berria munduan zehar ezaguna egiten hasi zen, eta, hala, 1900. urteko Parisko Nazioarteko Erakusketan parte hartzeko gonbita jaso zuen. Ez hori bakarrik, nabigazio sailean egindako asmakizunik berritzaileena izendatu, eta urrezko domina eta diploma eman zizkioten.
Arrakasta horren eraginez edo, uretako bizikletak etengabe zabaldu ziren mundu osoan XX. mendean. Urteen poderioz, hasierako tramankulu hark itxura berriak hartu ditu, ez baitira gutxi izan Barearen prototipoan oinarritutako pedal bidezko antzeko ontziak. Lehenengo prototipo hark 43 kilo inguruko pisua zuen, eta muntatze eta desmuntatze lana eskatzen zuen; ez zen guztiz erosoa, beraz. Gaur egun, aldiz, hamaika tamaina, forma, kolore eta sistematako pedalontziak daude. Bertsio hobetuak gehienak, baina guztiak ere Barea aitzindariaren burutazio apurtzailea abiapuntu hartuta.
ALDARRIKAPENA ETA ESKAINTZA BERRIA
Azpimarragarria eta interesgarria izanagatik, Barearen historia ez da batere entzutetsua jendartean. Haren ondarea aldarrikatzeko, eta asmakizunaren 130. urteurrena probestuta, Donostiako Arrauning enpresak Ramon Barea Eguna antolatu zuen joan den ekainaren 3an. Loiola auzoko Latxari plazan egin zuten ekitaldia, eta pedalontziak probatzeko aukera eskaini zioten jendeari, Barea oroitzeaz gain, haren asmakizunaren erabilera sustatzeko.
Izan ere, uda osoan, Arrauningek txangoak antolatu ditu Urumea ibaian barrena, eta urte osoan jarraitzeko asmoa du. Pedalontziak asteartetik igandera aloka daitezke, astearteetan merkexeago. Loiolako egoitzatik irteten dira eta gehienez lau pertsona joan daitezke ontzi bakoitzean (bi heldu eta bi adingabeko). Ekimenaren gaineko informazio osoa www.arrauning.com webgunean dago. Plan berezi eta osasungarria egiteko aukera paregabea.