Dario Fo, XX. mendeko bufoia hitz gutxitan
Dario Fo aktore eta dramaturgo italiarra duela 100 urte jaio zen, 1926ko martxoaren 24an, eta XX. mendeko artista nabarmenetakoa1 izan zen. 2016ko urrian hila, haren bizitza artistikoak mende-erdi iraun zuen: Mistero Buffo, Morte accidentale di un anarchico eta beste hainbat antzezlan idatzi zituen Botereari adarra jotzeko eta/edo haren kontraesanak2 azpimarratzeko, betiere satiraren bidez. Alessandro Ruta.
Bufoia
Fok 1997an jaso zuen Literatura Nobel saria. Suediako Akademiaren esanetan, "Erdi Aroko bufoien tradizioek inspiratuta, autoritateari adarra jotzeagatik eta zapalduei duintasuna3 emateagatik". Foren lan gehienek dute bufoi-kutsu4 hori, bai, askotan guztiz inprobisatua. Komikoa da, halaber, nola jaso zuen sariaren berri: bertsio zabalduenaren arabera, saio bat grabatzen ari zela, autoan zihoan aurkezlearekin batera. Halako batean, beste auto bat aurreratzen hasi zitzaien, bozina joz eta gidariaren ondoko kristalean kartel bat itsatsita: Hai vinto il Nobel (Nobela irabazi duzu).
Grammelot-a
Lombardian jaioa, Suitzako mugatik oso gertuko Sangino hiritxoan, Fok ehunka istorio eta anekdota absurdo entzun zituen gaztetan, bertako hainbat dialektotan. Behin mundu artistikoan sartuta, hizkera-koktel hori erabili eta grammelot izeneko hizkuntza teatrala biziberritu5 zuen (onomatopeiak hitz ezagunekin eta esanahirik gabeko soinuekin nahasten dira, komunikazioa gorputz-adierazpenaren6 bidez lortzeko). Ondorioz, keinuak oso garrantzitsuak bihurtu ziren Foren antzezlanetan. Mistero buffo, adibidez, oso lan ‘fisikoa’ da: besoak asko mugitu behar ditu aktoreak, aurpegiko keinuekin jolastu eta jauzi asko egin.
Franca Rame
Emaztea, bikotekidea, lankidea, konplizea: dena. Franca Rame (1929-2013) aktorea eta gidoilaria beti egon zen Dario Foren alboan. Batez ere, testuak idazten eta/edo ideiak ematen: "Nahiz eta ni oso itsusia izan, eta hura, aldiz, oso jatorra eta polita, Francak nirekin egotea erabaki zuen". Rame, artisten familia batean jaioa, aktibista feminista nekaezina izan zen. 1973ko martxoan, eraso bortitza pairatu7 zuen Milanen: ultraeskuineko talde batek bahitu8 eta bortxatu9 egin zuen. Handik bi urtera, Lo stupro (Bortxaketa) bakarrizketa idatzi zuen, bere esperientzia pertsonalean oinarritua.
Militantzia
Politikoki ezkertiarra eta, oro har, Boterearen aurkakoa, Dario Foren lanik ezagunenetako bat da Morte accidentale di un anarchico (Anarkista baten ezusteko heriotza), 1970ean estreinatua. Italian orduan gertatzen ziren hilketa politikoen eta poliziaren jokamolde10 bortitzen11 aurkako satira da (testua Julia Marinek itzulita, 2001ean estreinatu zuten euskaraz Tentazioa Produkzioak, Zitzània Teatre eta Teatre de Calaix konpainiek elkarlanean). Dario Fok eta Franca Ramek preso politiko ezkertiarren aldeko elkarte bat ere sortu zuten, Soccorso Rosso (Laguntza Gorria), garai hartako epaiketei aurre egiteko dirua biltzeko.
1. Nabarmen: notable (es), notable (fr).
2. Kontraesan: contradicción (es), contradiction (fr).
3. Duintasun: dignidad (es), dignité (fr).
4. Kutsu: toque (es), touche (fr).
5. Biziberritu: resucitar (es), rétablir (fr).
6. Gorputz-adierazpen: expresión corporal (es), expression corporelle (fr).
7. Pairatu: sufritu, jasan, nozitu.
8. Bahitu: secuestrar (es), séquestrer (fr).
9. Bortxatu: violar (es), violer (fr).
10. Jokamolde: conducta (es), conduite (fr).
11. Bortitz: biolento, gogor.

