AEKren udako eskaintzak euskara gerturatuko dio nahi duen orori. Online eta hainbat euskaltegitan, euskara ikasteko edo azterketak prestatzeko. Barnetegian, baita familian ere, egunerokoan euskaraz bizitzeko, herrikoekin eta ikaskideekin mintzatuz (Forua, Arantza, Zestoa, Urepele edo Mendikota). Hori guztia, AEK-ko irakasleen eskutik, leku eta giro ederrean. Uda giroan, bizi euskara hurbiletik! M. Egimendi.

“Dudarik gabe gomendatuko genieke beste familia batzuei”

Javier González Grijalba - FAMILIA  BARNETEGIA

Alabak eta biok Foruan egin genuen familia barnetegia iaz, euskaraz mintzatuz ondo pasatzeko eta gure egunerokoan euskara gehiago sartzeko. Bero handia egin zuenez, 12 eguneko egonaldia nahikoa izan zen. Biok itzuli ginen pozik etxera. Alabak, hasieran, ez zuen joan nahi, baina gero gustura egon zen eta lagun piloa egin zuen. Oso esperientzia ona izan zen, primeran pasatu genuen, eta dudarik gabe gomendatuko genieke beste familia batzuei. Batetik, oporrak pasatzeko aukera polita delako; bestetik, euskararen aldeko grina sortzeko beste aukera bat delako. Nire oroitzapenik maiteena, dudarik gabe, ezagutu genuen jendea: giroa izugarria izan zen eta ez genuen arazorik izan gure artean.

“Asko ikasi nuen eta txango politak egin genituen”

Beatriz Calvo López - EUSKALDUNTZE BARNETEGIA

Iaz, udan barnetegira joatea erabaki nuen, euskara maila hobetzeko eta B2 azterketa prestatzeko asmoz. Ez nuen herria ezagutzen eta izugarri politak iruditu zitzaizkidan bai Arantza bai inguruak. Banana jogurta kenduta, gainerako guztia oso ondo joan zen, hala ikaskideekin nola irakasleekin. Herriko jendearekin egin nituen harremanak izan ziren onena, giro ezin hobea izan baikenuen. Oso gomendagarria da, euskaraz mintzatzeko aukera ona; asko ikasi nuen eta txango politak egin genituen. Zalantzarik gabe, euskara maila areagotu eta ondo pasatu nahi duen edonori gomendatuko nioke.

“Eskolara goizez joateak arratsaldez umeekin egoteko aukera eman zidan”

Edurne Encinas Garcella - UDAN EUSKALTEGIAN

Umeak izan aurretik, euskaltegian ibili nintzen. Gero, utzi egin nuen, zaila zelako lana eta familia bateratzea. Hamar urteko alaba eta urte eta erdiko semea ditut, eta haiekin euskaraz egiten saiatzen naiz. Iazko udan, C1 ikastaroa egin nuen euskaltegian, trinkoa, aukera hori hobeto moldatzen zelako nire egoerara. Ziur aski, barnetegia askoz dibertigarriagoa izango da, baina eskolara goizez joateak arratsaldez umeekin egoteko aukera eman zidan. Udan egon arren, ez zen gogorra izan eta etekin handia atera nion.

“Herri osoak laguntzen digu ikaskuntza prozesuan”

Fernando Baños Pablo - EUSKALDUNTZE BARNETEGIA

Duela bi urte, B1 maila egitera joan nintzen Arantzara; iaz berriro, B2 mailara; eta aurten ere joango naiz. Modurik onena da euskara ikasteko, batez ere egunero euskaraz hitz egiteko aukerarik ez duen ni bezalako jendearentzat. Aukera aparta da ohiturak aldatzeko: denon artean ikasten dugu ikasgelan, jardueretan eta, batez ere, herrian. Herri osoak laguntzen digu ikaskuntza prozesuan, horrela askoz ere errazagoa da. Hasieran, egun gehiegi direla dirudi, baina konturatu gabe pasatzen dira familia bihurtzen diren lagun berriak eginez, euskara ikasiz eta dibertituz.

“Oso aukera ona da euskara ingurune pribilegiatuan praktikatzeko”

Olaia Ortiz Camino - EUSKALDUNTZE BARNETEGIA

B2-B1 maila egin nuen 2022ko udan, Arantzako barnetegian. Gustuko dut euskara ikasteko modu hori, oso aukera ona delako euskara ingurune pribilegiatuan praktikatzeko. Herriko jendea oso atsegina da eta giro oso ona dago. Beraz, gomendatzen dut, mintzamena hobetzeko erarik onena delako. Hala ere, logela jende gehiagorekin partekatzea ez da erraza, eta norberarentzako denbora libre gehiagoren falta ere sentitu nuen. Baina gogoan geratu zaizkit hamaiketakoak herriko tabernetan, mendira egin genuen txangoren bat eta egin nituen lagun batzuk.

 

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.