Altsasuko Sakana Institutuak hamarkada bat darama mendi gidari izateko gradu ertaina irakasten. Zehazki, KT1 behe mailako mendia, KT2 maila ertaineko mendia eta eskaladako espezialitateak. Izaera publikoa du, eta Euskal Herriko eta Espainiako ikasleak erakartzen ditu. 1.200 orduko ikasketak burutu behar dira, eta gradua ez da aise gainditzen. Lortzen duenak, baina, sari aparta dauka: mendi gidari lana Euskal Herrian eta atzerrian. Andoni urbistondo. Argazkia: Altsasuko Sakana Ikastetxea.

Mendi gidari ikasketak egiten ari zarela aipatzen baduzu, behiek trenari nola, hala begiratuko dizu parean duzunak. “Baina hori irakatsi egiten da?”. Bada, bai, eta Euskal Herriko bi ikastegitan: Bizkaian, Durangon, Kirolenen; Nafarroan, Altsasun, aipatu Sakana Institutuan. Bigarrenean, duela hamarraldi bat hasi ziren behe mailako eta maila ertaineko espezialitateak irakasten, eta urte pare bat geroago, eskaladakoa abiatu zuten. Laster samar, arroilen espezialitatea ere martxan jartzeko asmoa dute. Urtero 40-45 ikasle bilduta, mendi gidariak izateko trebatzen dituzte dezenteko lana eskatzen duen 1.200 ordu inguruko gradu ertainean.
Jon Bengoetxea eta Beñat Agirre bloke komuneko irakasleak dira Altsasun. Biak, bertako semeak. Agirrek prozesua azaldu digu: “Kirol espezialitateak federazioen edo erakunde pribatuen esku egon izan dira, baina ikasketa horiek hezkuntza formalean sartzeko prozesua hasita, Nafarroako ikastetxe hau mendi gidaria izateko gradua eskaintzen hasi zen”. Bengoetxea: “Altsasu Euskal Herriko erdigune geografikoan dago. Mendi asko dugu gertu: Urbasa, Aizkorri eta Aratz, Aralar, Beriain eta Andia… Ezin egokiagoa mendi gidariak trebatzeko. Euskal Herriko probintzia gehienetako ikasleak erakartzeko toki aproposean gaudela esan genezake: nafarrak, gipuzkoarrak, arabarrak… Espainiakoak ere dezente etortzen zaizkigu”.
Agirrek ikastetxearen izaera publikoa nabarmendu du: “Horrek jendea erakartzen du, eta matrikula oso merkea da”. Agirrek eta Bengoetxeak bloke komuna irakasten dute, “eta irakasgaiak bai behe mendira bai mendi ertainera eta eskaladako espezialitateetara moldatzen saiatzen gara, lan edo praktika zehatzen bidez”.
Zein jende motak hautatzen ote du mendi gidari ikasketak egitea? Bengoetxeak dioenez, “profil bereziko jendea da, batez ere adinari dagokionez. Gazteenek 24-25 urte izaten dituzte, eta beren bizitzan aldaketaren bat egin nahi duten pertsonak izan ohi dira. Ogibide bat izan dute, baina orain beste bat nahi dute. Kirol munduan prestatu diren ikasle asko etortzen dira, mendi espezialitatea xede”.


“Ez da gradu erraza”
Izena ematen duten ikasleek nahiko prestakuntza erraza dela pentsatzen omen dute hasieran, baina ez da horrela. Irakasleek hausnartzera bultzatzen gaituzten datu deigarrien berri eman digute: “Lana egin behar da, ikasi eta ordu asko eskaini. Kirol Teknikari ikasketen lehen zikloan, ia 500 ordu egiten dira; horietatik 100 bloke komunari dagozkio, eta gainerakoak espezifikoari. KT Bigarren zikloan, gehiago, 700 ordu”. Bloke komuna eta espezifikoa daude. Aurrenekoan, gai teorikoak, sorospena, aisialdia, kirol egokitua eta beste irakasten dira. Bigarrenean, berriz, orientazioa, gidari lanean jarduteko ikasi beharreko jarrerak, hainbat eskualdetako fauna eta flora aztertzen dira, erreskateak nola prestatu, eta hainbat gairi buruzko teoria: geografia, meteorologia, geologia, administrazio eta finantza alorreko legeria, aseguruak…
Gradua ikasi ahal izateko, atariko proba fisikoa gainditu beharra dago. KT1 egiteko, Uharte-Arakildik Aralarko San Migel baselizara igo behar da ( 1.000 metroko desnibel metatua) 10 kiloko motxilarekin bizkarrean, denbora muga zehatza izanik. KT2rako, bizkarrean zama bera eramanda, 1.500 metroko desnibel metatua, ia 15 kilometroko proba, hau ere denbora mugarekin. Horrez gain, biharamunean, orientazio proba gainditu behar da. Eskolak, teorikoak eta praktikoak, 4-5 hilabetez ematen dira, eta irakasgai guztiak gainditzen dituztenek praktikak egin behar dituzte enpresaren batean.
Altsasun bi ikastaroak gainditzen dituenak UIMLA zigilua lortzen du, atzerrian jardun ahal izateko ezinbesteko baldintza, eta, horren harira, Agirrek gradua balioetsi nahi izan du: “Mendi gidariaren prestakuntza maila aberatsa da. Ez da mendira joatea eta bertan ibiltzea, gaitasun ugari eduki behar dira: gidaritza, ardura, sorosteko gaitasuna, enpatia…”. Hala, Bengoetxeak dioen moduan, “ikasleak horiek guztiak gogoan prestatzen saiatzen gara”.
Altsasun eskolak gaztelaniaz ematen dira, eta ez da erraza izango euskaraz egitea, “gure hizkuntza ez dakien jende asko etortzen zaigulako”. Bengoetxea eta Agirre, ordea, euskaldunak dira, “eta ikasleek gurekin euskaraz egin dezakete. Lanak ere euskaraz egin nahi badituzte, badute aukera”, Bengoetxearen ahotan.

300 IKASLE PASATXO
20 bat ikasle KT1en, 15 KT2n eta 4-8 artean eskaladan. Horiek ikasturte bakoitzeko datuak. Zergatik ratio zehatz horiek? Agirrek zehaztu duenez, “mendi gidariak lanean hasten direnean ere ratio jakin batzuk bete behar dituzte beren bezeroekin. Horiek aintzat hartuz finkatzen ditugu geuk ere ikasgelako ratioak”. Eskaladakoa 4-8 artekoa da. Gutxienez 4, gehienez 8. KT1en gehienez 21, normalean bete egiten dena, eta KT2n 16. “Ikasle kopuru horiek jotzen dira egokitzat graduak eraginkorrak izan daitezen. Eskalada ikastaro bat ezingo litzateke 20 lagunekin egin. Irudikatu denak batera harkaitz berean eskalatzen” dio Bengoetxeak. Normalean, plaza guztiak betetzen dira, eta dagoeneko 300 ikasle baino gehiago igaro dira Altsasuko Sakana Institututik.

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.