Asfaltoa, paretetan behera
Mineral beltza ustiatzen zuen meategi bat leheneratu dute Ataurin, Arabako Mendialdean; Europan, Suitzan baino ez dago horren moduko bat. 300 metro luze, XIX. mendearen erdialdetik XX.era arte egon zen industria gogorarazten du. Jon Rejado. Argazkia: Jon Rejado.
Atauri inguruko paretetatik likido lodi eta ilun bat ateratzen da oraindik ere. Asfaltoa da, Arabako Mendialdeko gertuko historia markatu duen material naturala. Izan ere, asfalto meatzaritza industria jarduera garrantzitsua izan zen eskualde horretan. 1857. urtean hasita, dozenaka lanpostu sortu zituen. Industria horren gainbeheraren ostean, ogibidea ahaztuta egon da, gaur egunera arte. Mendialdeko hainbat herritarrek eskatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak agerian jarri dute historiaren zati hori, asfaltoa ustiatzen zuen leku bat berriz zabalduz: Luzia meategia. Europan bisita daitezkeen apurretako bat da; bestea, esan bezala, Suitzan dago.
Atauri herriaren goiko aldean dago garai bateko bizimodua gogora dakarren meategia. Kaskoz eta linternaz sartzea nahitaezkoa da, garai bateko langileak ez bezala; argazki zaharretan, txapela buruan ikus daitezke beharginak. 300 metroko ibilbidean, lanaren gogortasuna uler daiteke. Hainbat lekutan, gurdi zaharren arrastoak ikusten dira, langileen zapaten iltzeen markak, baita paretan eskuz egindako zuloen markak ere (zulo horietan lehergailua sartu eta arroka apurtzen zuten).
Ibilbide osoan, paretan arreta jarriz gero, asfaltoa ikus daiteke, dela puntu beltz txiki moduan, dela horman behera isurtzen. “Meategiko haitzaren % 9 eta 15 artean asfaltoa da” dio Xixilu Bengoetxea gidariak. “Dena den, bilatzen zuten minerala ez zuten lur azpian bereizten; arroka gurdietan atera, inguruan zeuden lantegietara eraman eta bertan bereizten zuten”. Lantegi horietan, aurkitutako minerala erraz garraia zitekeen lauza bihurtzen zuten.
Luzia meatokirako bisitak Arabako Mendialdeko duela hainbat hamarkadatako errealitatea dakar gogora. Hamaika meatze egon ziren: Elortzan, Santikurutze Kanpezun, Korresen, Urizaharran… Guztira, lau enpresa izan ziren eskualdean. Ateak azkena itxi zituenaren hondarrak, kilometro batera daude, Vasco-Navarro trenaren geltoki zaharraren ondoan. “Luzia meategia proiektu zabalagoaren lehen pausoa da: geltoki zaharra leheneratzeko eta bertan interpretazio zentro bat irekitzeko asmoa dago” azaldu du Bengoetxeak.
Bisita gidatuak astebururo egiten dituzte, gaztelaniaz zein euskaraz. Aurretik izena eman behar da, 945 40 54 24 zenbakira deituta, eta, 5 euroren truke, Izkiko Parke Naturalaren ondoan dagoen meatzea ezagutzea dago. Bisitak ordubete inguru irauten du.