Azterketak euskaraz hitz gutxitan
Mende erdia iragan da euskarazko irakaskuntzak lehen urratsak egin zituenetik Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Lehen ikastolak sortu eta hamarkada batera sortu zuten euskarazko lehen kolegioa Kanbon, eta bi urte geroago Bernart Etxepare lizeoa. Egun, Seaskak 4.200 ikasle inguru hartzen ditu, eta belaunaldi berriak euskalduntzeko baitezpadakoa izaten segitzen du. Izan ere, euskarak ez du ofizialtasunik Frantzian. Hori dela eta, brebeta eta baxoa frantsesez egitera behartuak dira ikasleak oraindik ere. Inhar Iraizotz.
Nolakoa da hezkuntza sistema Iparraldean?
Antzekoak izanik ere, ikasketa prozesua ez da berdina Hego eta Ipar Euskal Herrian. Lehen urratsak ama eskolan egiten dituzte 3-6 urteko ikasleek, eta Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara pasatzen dira 6-11 urteen artean. Seaskak 33 ikastola ditu: bi Zuberoan, zazpi Nafarroa Beherean eta 24 Lapurdin. Ondotik, kolegioa dator lau urtez, 11 urte dituztenetik 15 bete arte. Hegoaldetik begiratuta, kolegioak Lehen Hezkuntzako 6. mailatik DBHko 3. mailarako epea hartzen du. Lau kolegio ditu Seaskak, hiru Lapurdin eta bakarra Nafarroa Beherean, Zuberoako mugatik hurbil. Brebeta egin eta gainditu ondoren, lizeoa dago, hiru urte irauten duena, Hegoaldeko DBHko 4. mailatik Batxilergoko bi urteak burutu arte.
Baxoa euskaraz!
Unibertsitateko ikasketak egin ahal izateko azken urratsa baxoa (Iparraldeko selektibitatea) gainditzea da. Hegoaldean ez bezala, baxoako emaitzek ezartzen dute ikasleen batez besteko nota, ez lizeoan lortutakoek. Lizeoko bigarren urtea amaitzen denean, irakasgai batzuen azterketa egiten dute, eta gainerakoenak azken urtean, hots, terminala izenekoan. Baxoako azterketak euskaraz egin ahal izateko aldarrikapena historikoa da. Baionako Bernart Etxepare lizeoko terminaleko ikasleek egin dute borroka hori, urtez urte, irakasle eta gurasoen bultzadarekin. Lizeo hori da Seaskak duen bakarra. Iragan urtean, Seaskako ikasle multzo batek euskaraz egin zuen filosofia azterketa, protesta gisa. Zuzentzaile erdaldunek zuzendu zituzten probek ez zuten gainditu.
Brebeta, ere bai
Erran bezala, brebeta 14-15 urteko ikasleek kolegioa gainditu dutela ziurtatzeko azterketa da. 1994. urtean, hura euskaraz egiteko eskubidea lortu zuen Seaskak. Alabaina, 2016ko kolegioen erreformak zientzia azterketa frantsesez egitera behartu zituen denak. Ordutik, hiru azterketatik bi besterik ezin izan dute egin beren hizkuntzan ikasle euskaldunek. Azken urteetan, baxoari dagokionez bezala, mobilizazio eta ekintza andana antolatu dute guraso eta langileek. Kasik hamar urtez borrokatu eta Gobernuaren itzulinguruak jasan ondotik, martxoan iritsi zen berri ona: brebeta osoki euskaraz egiten ahalko dute Seaskako ikasleek, 270 haurrek, hain zuzen ere. Lokarri bakarra gelditu da aske… irakaskuntza publiko elebidunekoek ez baitute eskubiderik lortu.
Ekintza zenbait
Azken bi urteetan, irakasle euskaldunek uko egin diote brebetako frantsesezko probak zuzentzeari, eta hainbat okupazio ekintza egin dituzte. Erraterako, 2022ko apirilean, Hezkuntza Ministerioaren Baionako, Donibane Lohizuneko eta Donapaleuko egoitzak okupatu zituzten; eta ekainaren 22an, berriz, Baionako Hezkuntza Ikuskaritza blokeatu zuten. Kasu honetan, poliziak ke negar eragilea erabili zuen mobilizazioa eteteko. Azken ekintza ikusgarria ikasturte honetan egin zuen guraso eta irakasle talde batek: Hezkuntza Ministerioaren Akademiak Bordelen duen egoitza nagusian beren burua kateatu zuten, errektorea barnean utzita. Berriki, Iparraldeko euskalgintzak bizi duen egoera prekarioa salatzeko manifestaldia egin zen, apirilaren 22an, Baionan.