Hamer herria ezagutzen
Gutxitan izan ohi dugu Etiopia hizpide. Azkenaldian, gainera, duela bi urte herrialdeko iparraldeko Tigray eskualdean hasitako gerrak erakarri du arreta osoa. Haatik, hain herrialde handiak baditu bestelako errealitateak. Erro zaharreko kulturaz eta herri ugariz osatutako mosaikoa da Etiopia. Hamerrak mosaiko horren parte dira. Etiopiako talde etniko nagusien aldean herri txikia, herrialdeko hego-mendebaldean bizi dira, eta antzinako ohitura askori eusten diote. Juan Luis Mugertza. Argazkiak:Juan Luis Mugertza.
Guk txoria diogu; haiek apte, apopai. Guk, euria; Kenya, Uganda eta Sudango mugetatik hurbil bizi direnek doob, doble, dob. Han, orain dela mende asko bezala, nekazaritzatik (sorgoak, indabak, kuiak, barazkiak), abeltzaintzatik (behiak, ardiak, astoak, ahuntzak), erlezaintzatik, ehizatik eta fruitu bilketatik bizi dira.
Ordu txikitan heldu gara Menelik II.ak eraikitako Addis Abebara, hangoen hizkuntza ofizialean (amharera) Lore Berrira. Ordu gutxi batzuk lo egin, autoari dagozkion izapide guztiak bete, eta abian gara berriro. Gure begirada maparen gainean pausatutako erakuslearen mamira eraman dugu, eta hortxe ikusi dugu, urrutian, XIX. mendearen erdialdera Turkana laku inguruko parajeetara heldu ziren hamerren bizilekua: Omo eskualdea.
Akituta, baina pozik heldu gara Turmi herrixkara. Han polizia etxera eraman dugu eztulka hasitako autoa. Gure gidariak ohiko izapideak egin bitartean, guk zangoak arindu eta inguruak ikusi ditugu. Bertako kale luze bakartian, solairu bakarreko etxeak egurrez eginak dira, eta letoizko sabaiek txapela jantzita dute, euri tanten beldur balira bezala. Kale bazterretan, belar txarrek irauteko egindako ahaleginak oso ondo antzematen dira, eta asfaltozko zoruak zuloz beteriko alfonbra itxura du. Gidariak, eskuarekin keinuak eginez, autora gerturatzeko adierazi digu, eta, pare bat kilometro egin ostean, hantxe ikusi dugu gure kanpina. Gure zain baleude bezala, kanpamentu inguruko neska-mutikoak beren zerbitzuak eskaintzera hurbildu zaizkigu. Egun askoan metatutako arropa zikina garbitzeko aukera eskaini digute, eta guk, irri eginez, baietz esan diegu, plastikozko poltsa barruko bola itxurako galtzontziloak, kuleroak, kamisetak… banatu eta kontatu bitartean. Gero, zoru gogorrean ziriak sartu aurretik, gustuko lekutxoren bat topatzen aritu gara ametsen babesean biharko merkatu eguna irudikatzeko.
Hamerrek merkatu egunak Turmin eta Dimekan egin ohi dituzte. Gaurkoa lehenengoan izango da, eta joateko presa dugu. Katiluetan utzitako kafesne hondarrek mugitzeko nahia salatu digute.
Bertan dugu azoka, eta bertan gure zibilizaziotik kanpo bizi den herri honen taupada isilak. Hamerrak nagusi badira ere, hor daude, haiekin batera, bashadak, bannak, karoak…, nor bere zereginean, baina guztiak ondo apainduta, merkatu egunak irauteko eta beren arteko harremanak sendotzeko balio baitu. Gizonezko askok gorputz atal batzuk zuriz edo horiz margotuta dituzte, eta orrazkera txukun eta dotorea ondo nabarmentzen zaie kaskezurrean makal bezain tente dabiltzan gizon hauei. Orrazkera horrek, batzuetan, egindako balentria adierazteko ere balio izaten du. Ausartenek (etsai edota animalia arriskutsuren bat akabatu dutenek), orrazkera babesteko, buztinez egindako kasko itxurako geruza bat dute, eta, gainean, ostruka baten luma. Horrenbeste estimaturiko orrazkerak ez desitxuratzeko, loaldietan egurrezko aulkitxo batean pausatzen dute burua.
Emakumezkoen dotorezia ere izugarria da. Dotorezia eta nortasuna, haiek ematen baitiote bizitasuna merkatuko giroari. Azokara helduta, andreen ipurmasailek edozein bazterretan hartzen dute atseden, eta ahogozatzeko eztia, kafea edota gurina ez bada, sabela asetzeko sorgoa, olioa… izango dituzte ikusgai eta salgai. Askok ez dute dirurik erabiltzen, trukea egiten dute: nik zuri olioa eman, eta zuk niri ilea edertzeko buztina.
Gerritik gora biluzik dabiltzan andrazkoek Eritreatik ekarritako eta lepoko gisa erabiltzen dituzten maskorrek eta belarri gingilean jantzitako kolore biziko belarritakoek etengabe erakusten digute edertasun ereduak bizirik daudela. Ahuntz larruz egindako gonek beirazko perlak izaten dituzte; eta ilea apaintzeko, olioz eta koloratzaile okre-gorriz igurzten dute. Besoetako giharretara kateaturik dituzten uztaiek oso agerian uzten dute emakumeen eguneroko jarduna nolakoa den.
Batzuek eskarifikazioak egiten dituzte zenbait gorputz ataletan beren burua dotoretzeko edota gaixotasunen bat arintzeko. Dena den, harrigarrienak ausardia erakusteko egindakoak izaten dira. Haginen zuria edertzeko, berriz, zotzak erabiltzen dituzte, eta, berba egiteko, patxada.
Hamerren familiaren osaera gurea bezalakoa izan arren, gizonezkoa kanpoan dagoenean oso ohikoa da adineko beste gizon bat familiaz arduratzea. Eta emaztea alarguna bada edo bananduta badago, berdin.