Mina sendatzen duten aitortzak
Igone Mariezkurrena eta Irantzu Pastor Lumineszenteak liburua eta erakusketa osatu, eta Euskal Herrian barrena erakusten ari dira. Palestinako, Indiako, Lakota nazioko eta Euskal Herriko emakumeek egiturazko indarkeria egoeretan zer-nolako biolentzia motak jasaten dituzten aztertu dute, testigantza gordin bezain indartsuen bidez. Andoni Urbistondo. Argazkia: Andoni Urbistondo/Irantzu Pastor/Igone Mariezkurrena.
Igone Mariezkurrena eta Irantzu Pastor 2018ko Durango Azokan hasi ziren lapikoari bueltaka. Kazetaria eta antropologoa da Igone (Pasai Donibane, 36 urte); argazkilaria Irantzu (Lesaka, 37 urte). “Gatazketan, pobrezia egoeretan, emakumeek zer beste indarkeria modu jasaten dituzten ezagutzeko proiektua abiatu genuen”, Pastorren ahotan. “Batez ere, komunikabideetan ikusten ez diren indarkeriak”. Palestinan hasi ziren, 2019an, Euskal Herriko sare internazionalista zabala baliatuz. Mariezkurrenak zera dio, sakonago, Lumineszenteak lanari buruz: “Liburu iluna da: istorio gordinak eta testuinguru ilun eta zapaltzaileak biltzen ditu, baina itxaropenerako mezuarekin, emakume borrokalariak eta duinak direlako, beren patua aldatzeko kemena dutenak”.
Testigantzak dira liburuaren oinarria. Haiek dira protagonistak, egileek lekukotzak kontatu baino ez dute egin. Elkarrizketak eta argazkiak egiten hasi baino lehen, denbora pasatzen zuten emakumeekin, hitzordu soiletik harago. “Barrena askatzeko, ondoan duenarekin gustura sentitu behar du emakumeak”, Pastorren ustez, eta horregatik elkarrizketak haien etxe, logela eta sukaldean izan dira. Haren iritziz, argazkiak ateratzeko orduan, alde bien arteko konplizitatea garrantzitsua izan da, “lehen aldiz kontatu zituztelako istorio lazgarri horiek”. Tarteka, kamera lanak alde batera utzi behar izaten zituen, “emakumeak negarrez hasten zirelako eta ohartu nintzelako halako argazkiek ez zutela inolako ekarpenik egiten".
Bitartekarien bitartez iritsi ziren emakumeengana, eta hizketan hasi eta modu naturalean garatu ziren elkarrizketa gehienak. Mariezkurrenak xehetasunak dakartza: “Emakume bakoitzari jarrera horizontala geneukala jakinarazten saiatu ginen beti. Alegia, gu geu ere berak egin zitzakeen galderak erantzuteko prest geundela. Keinu txikiekin asko aurreratu dugu. Jarrera oldarkorragoa izan dutenak ere izan dira, gure lekuan jarri gaituzten egoerak, eta gure pribilegioaz jabearazi gaituztenak ere bai. Elkarrizketatuak duintzea izan da ekimenaren helburua, eta hori lortzeko gakoa errespetuz jokatzea izan da”.
Esan bezala, Palestinan hasi ziren, handik Indiara eta Lakota herrira joan ziren, eta Euskal Herrian bukatu dute. Palestinakoa gatazka politiko ezaguna da, baina istorio ezkutuak bilatu zituzten. Indiara lerroburu ezagun batek erakarri zituen: "Emakumeentzat, herrialde asiarra bizitzeko munduko herrialderik txarrenetakoa da". “Istorio gordinak azaleratu ziren. Prostituzioa eta salerosketa arazo handiak dira han, erlijioz edo kulturaz makillatuak” dio Mariezkurrenak. “Klima aldaketa hainbat nekazarik bere buruaz beste egitea eragiten ari da han, eta haien emazteak alargun bilakatzen dira, bizitza osorako behartsuak, alarguna izateak dakarren estigma jasan behar izateaz gainera".
Lakota herri ikusezina omen da, eta “emakumeei gertatzen zaiena, are ikusezinagoa”. Pastor: “AEBen erdigunean izan ginen, eta leku hark ez zuen zerikusirik buruan irudikatzen dugun nazioarekin: baztertuak daude erreserba batean. Bisitaririk gabeko erreserba batean, turistarik ere ez doa hara. Egoera beldurgarria izan zen, hagitz gogorra”.
Baina argia topatu zuten, “liburuan, erakusketetan eta hitzaldietan gure bidaietako iluntasunean ezagutu ditugun argiak kontatzen baititugu. Emakumeak eurak dira argiak, hain egoera gogorretan nolatan definitzen diren indartsu gisa. Saretzeak eta elkar zaintzeko ekimenak ezagutu ditugu, hizkuntza berreskuratzeko ekimenak, LGTBI kolektiboko pertsonen eskubideen aldeko borrokak… Kontzientzia hartuta zuten emakumeak ezagutzea izan da politena, bizitzeko indarra erakustea”.
Euskal Herria, azken atala
Azken bidaia etxetik gertu egin zuten. Pastor: “2020ko martxoan, pandemia hasi zen, eta etxean geratu behar izan genuen. Emakumeak munduko beste herrialde batzuetan nola dauden aztertu genuen, baina gure herriko egoerari buruz, zer? Mataza hori askatu, eta gure kaleetan zer gertatzen den kontatu dugu”. Lehenengo, andre etorkinengana, zaintza lanak egiten dituztenengana... jo zuten, eta gerora emakume zuri, ikasketadun eta maila ekonomiko ertaina dutenengana iritsi ziren. “Latinoamerikatik etorritako andrazkoen esanek eragin zidaten gehien” aitortu du Mariezkurrenak: “Mendebaldeko emakumeok lortutako eskubide asko haien kontura lortu ditugula esan ziguten, eta horrek barne eztabaidak sortu zizkigun. Kanpora begirako bidaia izan da, baina barrura begirakoa ere bai”.
Liburua autoedizio lana izan da. Bertan, argazki eta testu ederrak topa daitezke, eta hari loturiko erakusketetan, nahi beste informazio. Azaroaren 8an, Donostiako erakusketa abiatuko da (Okendo Kultur Etxean), eta 2023ko martxoan Elgoibarren izanen dira.
ELKARRIZKETATUTAKO EMAKUMEEN ERREAKZIOA
Igonek eta Irantzuk diote protagonistei zein asmo zuten jakinarazi ondoren haietako asko harritu egin zirela: “Bizi duten egoera zergatik interesatzen zaigun galdetu ziguten, batzuetan barrezka. Egiten ari ginena egiteko dirua nork eman zigun ere jakin nahi zuten, edo guk beren lekukotzak zabaltzeak zertan hobetuko zien bizitza. Erantzun zintzoa eman genien: ezertan ez". Ezezkoak ere jaso omen dituzte, “guk haien istorioak zabaltzea baino, haiek eman nahi dutelako beren egoeraren berri bizi diren jendartean”. Gainera, segurtasuna bermatzearren, elkarrizketatu dituzten emakumeen argazkiak publiko egiteak ekar zitzakeen zehar kalteak gogoan, tentuz aritu direla onartu dute.