bidean web

Maiatzeko txirrindularitza-hitzordurik handiena, Italiako Giroa, “kanpotik” abiatuko da berriro: iaz, Albaniatik; aurten, Bulgariatik. Bigarrenak, lehenak bezala, ez dauka hainbesteko tradiziorik ziklismoari dagokionez, baina gaur egun gero eta normalagoa da leku berriak arakatzea1 kirolaren bidez. Guk ere gauza bera egingo dugu, eta Bulgarian zeharreko bidaia birtuala egitera gonbidatuko zaituztegu. Alessandro Ruta.

507canetti 

Elias Canetti
Idazle bulgariar honek (Ruse, 1905 – Zurich, 1994) Literaturako Nobel saria irabazi zuen 1981. urtean. Alemanez idatzi zuen, batez ere, ikasketak Vienan egin baitzituen. Eleberria eta saiakera2 jorratu zituen: famatuenak, agian, Die Blendung eta Masse und Macht dira. Diktadurei buruz asko aritu zen, baina oso polifazetikoa izan zen, oro har, baita bidaiari ia konpultsiboa ere: aberrigabea3 zen, ez omen zuen inolako nazionalitaterik sentitzen. Euskarara itzulita dagoen haren lan bakarra, Mihia aske (Die Gerettete Zunge), Erein argitaletxeak kaleratu zuen 2014an. Ziur aski, Bulgariako intelektualik apartena⁴.

507stoikov

Hristo Stoichkov
Paregabeko beste “artista” bat, baina ez literaturan, futbolean baizik. Canettik Nobel saria bezala, Stoichkovek Urrezko Baloia irabazi zuen, 1994an, Canetti hil zen urtean, hain zuzen ere. Sari gehiago ere eskuratu zituen aurrelari⁵ honek, noski. Adibidez, Txapeldunen Kopa, Bartzelonarekin, 1992an. Hala ere, 1994 izan zen, beharbada, haren unerik oparoena⁶, Munduko Kopako finalerdira iritsita. Stoichkovek 6 gol sartu zituen txapelketa hartan, Mexikoren, Greziaren, Argentinaren eta Alemaniaren aurka: “Jaungoikoa Bulgariakoa da” aitortu zuen emaitza historiko hura lortu ostean.

507zirilikoa

Zirilikoa
Bulgariarrek alfabeto zirilikoa erabiltzen dute, Errusian eta Serbian bezala, besteak beste. Esanguratsua⁷ da Bulgaria Europar Batasunean sartzearekin batera (2007an, nahiz eta aurten burutu⁸ lev-etik eurorako diru-trantsizioa) bihurtu zela bertako idazkera Europako Batasuneko hirugarren alfabeto ofiziala, grezieraren eta latindarraren ostean. Horrez gain, badirudi zirilikoa Bulgariako asmakizuna izan zela, nahiz eta iturriak ez diren guztiz ofizialak. Bulgariako Simeon I Handia tsarrak agindu omen zuen idazkera berria sortzea. Bulgarian 893an bihurtu zen ofizial alfabeto zirilikoa.

507nesebar

Nesebar
Sofia da Bulgariako hiriburua, jakina, baina Italiako Giroa Nesebartik hasiko da, maiatzaren 8an. Hiru etapa egongo dira Bulgariako lurraldeetan, eta abiapuntua hiri hori izango da, Unescok Gizateriaren Ondare⁹ izendatua. Itsas Beltzaren kostaldean dago, penintsula batean, eta alde zahar azpimarragarria du, bertan arkitektura desberdin asko ikus baitaitezke: greziarra, erromatarra eta otomandarra. Aurreneko etapan, tropela Burgasera joango da, Nesebartik; maiatzaren 10ean, berriz, Bulgariako azken etapa Plovdiv eta Sofia artean egingo da. Hori bai, Giroa Erroman bukatuko da, Italiako hiriburuan, maiatzaren 31n.

1. Arakatu: esploratu.
2. Saiakera:
ensayo (es), essai (fr).
3. Aberrigabe:
apátrida (es), apatride (fr).
4. Aparta:
excepcional (es), exceptionnel, -elle (fr).
5. Aurrelari:
delantero, -a (es), attaquant, -e (fr).
6. Oparo:
fructífero, -a (es), fructueux, -euse (fr).
7. Esanguratsu:
significativo, -a (es), significatif, -ive (fr).
8. Burutu:
llevar a cabo (es), effectuer (fr).
9. Gizateriaren Ondare:
Patrimonio de la Humanidad (es), Patrimoine de l’Humanité (fr).


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.