Marisol Goikoa auriztarrak 25 urte egingo ditu laster Orreagako Erromesen Aterpeko harrera lekuan; Milioi bat lagun baino gehiago igaro dira bertatik mende laurdenean. Andoni Urbistondo. Argazkia: Andoni Urbistondo.

Donejakue bidea modan dago. Jende piloak osatu du, eta ez dira gutxi bueltatu eta errepikatzen dutenak. Euskal Herria zeharkatzen du bide ezagunak, eta Orreagakoa da sarrera ate ezagunena, Nafar Pirinioetan. Han ekiten diote bideari askok; beste batzuk, Nafarroa Behereko hiriburutik, Donibane Garazitik, abiatzen dira, Napoleon bidean giharrak majo zigortu eta Orreagara iristeko. Hortxe izan da erromesen zain azken 25 urteotan Marisol Goikoa auriztarra, aterpeko harrera lekuaren arduraduna.
45 urteko emakumea erromes kopuru benetan potoloa artatu duelako egin da ezaguna: milioi bat pertsona igaro dira bertatik azken mende laurdenean. “Ez ditut zenbatzen. Norbaitek esan zidan dagoeneko milioi bat baino gehiago zirela, eta nik ezetz, ez zela posible. Apustua egin genuen, afaritxo bat, eta galdu egin nuen. Kitatu ditut zorrak!”.Orreagako aterpeak erromes gehien hartu dituen urtean 68.000 lagunek hartu zuten ostatu bertan. Atzerritarrak dira asko, eta horien artean korearrak nagusi azken urteetan.

Kasualitatez hasi zen lanean Orreagan: “Hilabeteko ordezkapen bat egiteko etorri nintzen, eta hemen nago oraindik”. Aterpean, 245 lagunentzako tokia dute. Erreserbak Internetez egin behar dira eta Goikoak kudeatzen ditu denak. Baita gosari eta otorduak ere. Merke antzean: 14 euro gaua, 13 otordua eta 6 gosaria.
Milioi bat lagun artatu ostean, eskarmentu handia pilatu du bere lanean. “Atetik sartzen denerako, badakit erromesa nolakoa den: umila eta adeitsua, edo harroa, dena eskatu eta gutxi ematen duena… Intuizio handia ematen dizu hemen orduak pasatzeak” dio zintzoki.
Milioi bat pertsonaren artean denetik igaro baita Orreagatik. Ordainketa borondatezkoa zen iraganean aterpean. Goikoa lanean hasi zenean ere bai: “Horrek arazo bat dakar: borondatezkoa entzun eta doan dela uste dute zenbaitek. Baina ez da horrela. Hemen, gastu finko asko daude: argia, garbiketa, elikagaiak…”. Borondatezko zerbitzua ordainpekoa bihurtzeko prozesua ez omen da samurra izan, “oraindik badagoelako aterpea eta jana dohainik direla uste duenik. Nik zera esaten diet: 245 ohe ditugu, eta denak beteta baditugu, ezin dizut oherik eskaini”. Berandu iritsi eta oherik gabe geratzen direnek badute Orreagako hotelera joateko aukera, edo Aurizko ostatu batera, baina horrek dirua balio du, “eta Donejakue bideak badu merkea delako edo izan behar duelako fama hori”.
Aterpea beti dago irekita. “Urte osoan egoten gara hemen, jaiegunetan barne”. Goikoak negua du urtarorik gustukoena: “Harremana erromesekin hurbilagoa da”. Iaz, egunero hartu zuten erromesen bat aterpean. Jende gehien apiriletik urrira bitartean biltzen da. Joan den hilean ireki zuten Napoleon bidea, ezagunena, Garazitik datorrena eta neguan eguraldi txarragatik ixten dena. “Garazin, Iruñeko entzierroan zezenak nola, hala zegoen jendea, ero-ero bidea ireki zain” dio barrez.
Ohitura aldaketa itzela
25 urtean aldaketa itzela ezagutu dute Orreagan. “Duela bi hamarkada, osagai espirituala askoz indartsuagoa zen, fededunak etortzen ziren nagusiki. Orain, aldiz, Donejakue bidea moda bilakatu da. Norbaitek bidea egin duela jakin eta beste batek hiru aldiz egiten du, hiru aldiz egin duela esateko”. Horietako batzuekin, bidea bukatu ondoren ere, harremanetan jarraitzen du Goikoak.
Azken urteotan, gaztelaniazko turigrino hitza ezagun egin da Donejakue bidean. Alegia, erromesak turista soil bilakatu direla dioen teoria. Bat dator Goikoa, eta adibide bat jarri du: “Koreako talde bat etorri zen ez aspaldi, furgonetan. 20-25 bat, sekulako maletatzarrekin. Hemen harbidea dagoenez, maleten gurpilen soinua beldurtzeko modukoa da. Bada, ile lehorgailuarekin, arropa dotoreekin... etorri ziren, eta ez zutela halakorik behar esan nien, hemen arropa zaharra dela egokiena”.
Horrelako erromesekin Donejakue bidea bere esentzia galtzen ari dela dio Goikoak. “Bizitza aldatu egiten da, bidea ere bai. Urte batzuk atzera, wifiaren aurkakoa nintzen, maletak eramateko zerbitzuaren aurkakoa… Baina egokitu beste erremediorik ez duzu. Wifia badago, dena ondo. Ez badago, alde egiten dute” azaldu digu.
Ezin jakin hamarkada bat edo bi barru Donejakue bidean, Orreagako aterpean, wifiak zein garrantzi izango duen. Ziurra da, ordea, Goikoak udako gauez gozatzen segituko duela: “Lana bukatuta, atarira atera, zigarro bat erre eta gaueko isiltasunean murgiltzea dut gustuko. Erromesen baten zurrunka entzun, eta pozik joaten naiz etxera”.

MEZA ETA SAKELAKOAK
Orreagako aterpean, erromesaren meza izaten da egunero iluntzeko zortzietan. Iraganean, erromesek elizkizuna zein ordutan zen galdetzen zuten harrera lekuan, baina egun ez omen dute gehiegi galdetzen. Kritikoa da Goikoa egoera horrekin: “Apaizak arduratuta daude, gero eta jende gutxiago joaten delako mezatara. Orain, erromesak aterpeko atariko aulkietan eseri eta nor bere sakelakoarekin bakarrizketan aritzen dira. Meza sakelakoekin ordezkatu dute”. Goikoak dio meza sinesmen edo debozioaren gainetik dagoen zerbait dela, “nork bere bakardadean bere barrua bilatzeko ariketa bat. Ni gustura joaten naiz tarteka, eta pena ematen dit meza jendez eskas egoteak”.

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.