Bilboko Alde Zaharra: tokikoak, arrotzak
Bilboko Alde Zaharrak turismo masiboa jasotzen du urtero, eta horrek auzoko plangintzan eta auzotarren bizitzan eragiten du. Zer da turistifikazioa eta zein dira sortzen dituen arazoak? Marcos Tedin. Argazkia: Marcos Tedin.
Bilboko Alde Zaharreko kaleetan ibili denak ziur aski nabaritu du ehunka turista paseatzen direla bertatik. Horrez gain, seguruenik ohartu da zenbat denda eta etxebizitza dauden kanpotik etortzen direnak hartzeko egokituta. Hala ere, turismo masiboa jasotzen duen auzo honetan 7.000 biztanle ere bizi dira, 2016ko erroldaren arabera. Haien ustez, bertakoen lehentasunak alboratuak izaten ari dira, turistei mesede egiteko. Fenomeno horri turistifikazioa esaten zaio.
Alde Zaharreko auzotarrak kezkatuta daude turistifikazioarekin, gero eta arazo larriagoak ikusten dituztelako
Zazpikaleetan. Besteak beste, usaina, zarata eta etxebizitzen prezioaren igoera pairatzen dituzte bertan bizi direnek. Azkenaldian, turistifikazio prozesuaren ondorioak jasanezinak bihurtu dira, eta zenbait elkartek egoera salatu dute.
Zazpikaleetako Bihotzean auzo elkarteak eta AZET etxebizitza sindikatuak arazoari aurre egitera deitu dute. Euren arabera, Bilboko Alde Zaharrean turistek dute lehentasuna, eta ez bertako bizilagunek. Auzoa turisten beharrak asetzeko berregokitzen ari dela uste dute, horrela bertan jaio, hazi edo bizi direnak beste toki batera joatera bultzatuta.
Auzotarrek argi dute pisu turistikoen gehikuntza dela arazorik nagusietakoa. “Gure etxeak ez dira hotelak” aldarrikatu du Bihotzean elkarteak, eta turistentzako bizitokiak mugatzeko eskatu. Izan ere, SOS Alde Zaharra elkartearekin batera, auzotarren etxeak turistifikaziotik babesteko gida kaleratu du. Hiru pauso zehaztu dituzte: jabeen erkidegoko bilera egin, debeku neurriak bozkatu eta, akordioa eginez gero, erregistratu. Hala, Jabetza Horizontalaren Legeari esker, auzokideek pisu turistikoak mugatzeko aukera daukate.
Turistifikazioak dakartzan arazoak pil-pilean egon dira azkenaldian, eta ez Bilbon bakarrik. Abenduaren 12an, Espainiako Auzitegi Gorenak erabilera turistikorako etxeak alokatzea jarduera ekonomiko gisa sailkatu zuen. Horrek pisu turistikoak debekatzeko aukera ematen die auzoko bizilagunei, eraikineko estatutuetan jarduera ekonomikoak galarazita egonez gero. Auzitegi Gorena Donostian gertatutako kasu batean oinarritu zen epaia emateko.
Gero eta etxebizitza gehiago turismora bideratzen ari direla salatu du Bihotzean elkarteak, eta gero eta etxebizitza gutxiago dagoela auzotarrentzat. Ondorioz, pisuen prezioa garestitu egiten da, eta bertakoek, halako salneurririk ordaindu ezin dutenez, alde egin behar dute. Luxua al da jaio zaren tokian bizi ahal izatea?
Merkatari txikiei kalte
Merkataritzan ere eragin handia du turistifikazioak, Bihotzean elkarteak ohartarazi duenez: “Lokalen prezioak gero eta garestiagoak direnez, betiko merkatari txikientzat gero eta zailagoa da horiek ordaintzea; hain zuzen, haietako askok beren establezimendua itxi behar izan dute. Horrez gain, auzoa frankiziaz zein multinazionalez betetzen ari zaigu. Beraz, batetik, gure auzo izaera galtzen ari gara, halako dendak mundu osoan zehar aurkitu ahal direlako. Bestetik, asko eta asko igande eta jaiegunetan ere irekita egoten dira, bertako langileen zein denda txikien kalterako, eta horrela kontsumoan oinarrituriko aisialdia sustatzen dute”. Zazpikaleetan, denda gehienak turistentzat dira, eta hori bai prezioetan bai saltzen dituzten produktuetan islatzen da.
Bihotzean elkartean argi dute egoera honek irtenbidea duela, baina “jabetza pribatua edozeren gainetik dagoen bitartean, zaila izango da egoera konpontzea”. Udalak nahitaez esku hartu behar du, eta auzotarrei babesa eman behar die. Turistifikazioa erakunde publikoek sortutako eta bultzatutako arazoa da, elkartekideen ustez, 90eko hamarkadan hasia. Hortaz, arazoari erantzuteko, harago jo behar dute: konponbidea hiri eta lurralde plangintzarekin lotuta dago.
Turismo masiboak sortzen dituen arazoak gero eta nabariagoak dira Bilboko Alde Zaharrean. Hala ere, badago konponbiderik, auzotarrak eta auzoko elkarteak turistifikazio prozesuak eragiten duenaz jabetu direlako eta beren bizitokia defendatzeko prest daudelako. Eta zuk, zer egingo zenuke turistek zure auzoa beteko balute?
ZOOLOGIKOA BALITZ BEZALA
Auzotarrak egoera deserosoan bizi dira. Zazpikaleetako Bihotzean auzo elkarteko kide batek azaldu duenez, “zoologikoko animalia bitxi sentitzera garamatza turistifikazioak”. Azalpen sakonagoa eman du: “Turismo masiboa jasotzen duen auzo batean bizi zarenean, Udalarentzat eta kapitalaren jabeentzat traba hutsa zarela sentitzen duzu, hobe zenukeela bertatik alde egitea. Ez da erosoa turismoari eskainitako auzo batean bizitzea, turistak erakartzeko haiei pribilegioak emateaz batera guri eragozpenak jartzen zaizkigulako”.