Zubiak eraikitzen
Txinatarrek urte zaharraren bukaera eta berriaren hasiera ospatu dituzte, hurrenez hurren, urtarrilaren 21ean eta 22an. Agur esan diote uretako tigreari, eta ongietorria egin uretako untxiari edo untxi beltzari. Gure artean bizi diren txinatar gehienek familian ospatu dute, baina Bilboko eta Donostiako Txinatar Institutuek eta Donostiako Txinatar Zentroak, adibidez, ateak ireki dituzte eta kalera atera dute herensugea. Izan ere, Txinan, Dragoiaren Dantzarekin amaitzen dituzte Urte Berriko ospakizunak. M. Egimendi. Argazkia: Gipuzkoako Txinatar Institutua.
Ilargiak erabakitzen du noiz izango den urte aldaketa Txinan: urte berri txinatarra neguko solstizioaren osteko bigarren ilargi berriarekin hasten da. Txinatarren ustez, uretako untxiak edo untxi beltzak bizitza luzea, bakea eta oparotasuna dakartzanez, “hasi berria urte itxaropentsua izango da”, Bilboko Institutuko zuzendari Megan Fowler-en hitzetan. Donostiako Institutuaren eta Donostiako Txinatar Zentroaren zuzendari Adela Luk, berriz, untxia “animalia lasaia” dela dio, “araztasunaren eta babesaren sinboloa. Eta gerra urte baten ondoren, bakea eta lasaitasuna ere erakusten ditu”.
Txinan ospakizun handiak egiten dira, eta hemen ere saiatu dira haien kultura erakusten, hainbat tailer eta jolas antolatu eta txinatar janari tradizionalaren dastaketak jai giroan eginda. Donostian dragoia ere atera zuten kalera, baina Bilbon, pandemia dela eta, ez dira ausartu oraindik, “ume guztiak oihalaren azpian oso juntu ibiltzen direlako”.
Institutuen jarduna
Bilboko Txinatar Institutuaren, Gipuzkoako Txinatar Institutuaren eta Donostiako Txinatar Zentroaren jarduera nagusia mandarin txinera irakastea da gaur egun. Hiruretan eskaintzen dituzte eskolak, eta azterketa ofizialak ere egiten dituzte, ikasleek titulu ofizialak lortzeko aukera izan dezaten. Oro har, unibertsitateei esleitzen zaie ahalmen hori, baina hauek ere azterketa zentro ofizialak dira, eta hizkuntz eskola ofizialak edo Konfuzio Institutuak balira bezala banatzen dituzte tituluak (Konfuzio Institutua Frantziako Alliance Française-ren edo Espainiako Cervantes Institutuaren parekoa da).
Ikasleen artean, umeak ere badituzte. Gurasoek bi arrazoirengatik bidaltzen dituzte txinera ikastera: etorkizunean beharko dutelakoan, garrantzi handiko hizkuntza izango dela uste dutelako; eta, adoptatutako haur txinatarren kasuan, haurrek beren kultura ezagutzea nahi dutelako. Helduek, berriz, curriculuma hobetzeko edota Txinan lan harremanak dituztelako ikasten dute. Erretiroa hartutako jendea ere hurbiltzen da, jakin-mina duelako edota kultura txinatarra gustatzen zaiolako. Izan ere, Luren esanetan, “milaka urte dituen hizkuntza bizi bakarra da; gainera, Txinak kultura, historia eta literatura oparoa ditu”. Fowlerren ustez, ostera, “oso kultura tradizionala eta berritzailea da aldi berean, hala ez badirudi ere”.
Ikasleak, oro har, astean bi orduz joaten dira eskolak jasotzera. Hasiera ez denez oso zaila, A2 maila ikasturte batean lortu omen daiteke. Hortik aurrera, B1 ateratzeko, beste bi urte, batez beste. Eta B2 eskuratzeko, beste bi. Fowlerren ustez, idazmena da zailena. Luren iritziz, aldiz, hiztegia: “Esaterako, 30 hitz baino gehiago daude ‘emazte’ esateko” . Bestalde, Donostiakoek euskara irakatsi nahi diete ume txinatarrei, “euskal gizartean hobeto integra daitezen”. Izan ere, txinatarrak “lotsatiak” direla dio Luk, eta haurrek ingurugiro txinatar batean erosoago ikasiko dutela uste du. Lehenbailehen hasi nahi dute, eta HABEren baimenaren zain daude martxan jartzeko. Irakasleak prest dituzte: “Oinarrizko maila emateko, euskara pixka bat dakiten irakasle txinatarrak ditugu; eta maila altuagoetarako, txinera dakiten euskaldunak, hau da, Institutuan txinera ikasi duten euskaldunak”.
Ipuin txinatarra Munduenean
Bilboko Txinatar Institutuak Labayru Fundazioaren Munduenea. Munduko ipuinen etxea egitasmoan hartu du parte. Euskal Herrian bizi diren kultura ezberdinetako hiztunengandik jasota, umeentzako hamar ipuin tradizional jatorrizko hizkuntzan eta euskaraz entzun eta irakurtzeko moduan bildu dituzte. Kultura eta hizkuntz aniztasunak dakarren aberastasuna ipuinen bidez erakustea da xedea, eta arabiera, errumaniera, frantsesa, galegoa, katalana, portugesa, txinera, urdua, jorubera eta wolofera ageri dira bilduman. Txinatar Institutuak Matsu, itsasoko jainkosa ipuina proposatu zuen Munduenea proiekturako (marrazkiak Enrique Morente galdakoztarrarenak dira, eta Tsai andereak egin zuen ipuinaren grabazioa), “euskal kostaldeko arrantzaleekin zerikusi handia” duelako.
Lin Moniang (960-987) Txinako Putian konderriko Meizhou herrian bizi izan zen, arrantzale familia batean. Kondairak dioenez, aita eta neba itsasora irten ziren gau batean, amesgaiztoa izan zuen, ekaitz izugarri batek harrapatu zituela. Aita-semeak ez ziren gehiago itzuli, eta elezaharrak dio Lin Moniang ordutik portuan egoten zela beti aita eta neba noiz iritsiko zain. Hil zenean, estatua bat eraiki zioten kaian bertan, eta itsasoko jainkosa bilakatu zen. Gaur egun, Txinako eta Asiako hego-ekialdeko kostaldean gurtzen dute Matsu, bereziki Zhejiang, Fujian, Guangdong, Hainan eta Taiwanen.