Ibon Oregik bizitzako alderdi guztiak ezagutu ditu. Ona, kirolariaren lorpen gorenak, eta familiaren eta eguneroko zoragarriaren gozoa. Txarra, 2020ko urriak 1 madarikatu hura. Hanka galdu zuen berak eragin ez zuen auto istripuan. Kontrakarrean dabil geroztik, borrokan, bai min fisikoarekin bai burukoarekin. Itsasoan, surfean bilatu du arnasa, bizitza, iraganeko Ibon. Aparretan bizi nahi luke etorkizun gertuan, surfa baitu ihesbide, irakasbide. Andoni Urbistondo. Argazkia: @ibonoregi.

Lurrikararen parekoa da Ibon Oregi (Markina-Xemein, 45 urte). Harekin edukitzen diren solasaldietan entzun besterik ez dago. Barruan duen guztia azaleratzen du, zintzo demonio: sentimenduak, bizipenak, egoera gaiztoak, gozoak… Barrena askatzeko beharra sumatzen zaio, duela bi urte gertatu zitzaiona kontatzeko premia bizia.
2020ko urriaren 1ean, errotik aldatu zitzaion bizitza Oregiri. Getariako kostaldetik Jokin lagunarekin korrika saioa egiten ari zela, gidari batek autoaren kontrola galdu, eta Oregi bera eta laguna eraman zituen aurretik. Hilzorian geratu zen Ibon, baina bizirik eraman zuten erietxera.
Ondorioak latzak izan ziren: eskuineko hanka galdu zuen, belaunburutik behera. Oregik bi urte eta hiru hilabete daramatza borrokan. Protesiarekin bizitzen saiatzen, ohitzen. Mila komeria bizi izan ditu, min fisiko latzak, burmuinak jada ez dagoen hanka zatia hortxe dagoela pentsatzen segitzen baitu, eta ziztada latzak eragiten dizkio. Zer esan buruko minei buruz, istripuaren aurretik egiten zuen bizitza ezingo duela berriro egin onartzeko zailtasunaz, amesgaiztoaz.
Egunen joan etorriak indartu egin du Oregi, eta baikortasunez zipriztindu haren egunerokoa. Tarteka-marteka kolpe gogorrak jasotzen baditu ere: “Hezkuntza Sailak irakasle lanpostua kendu dit. Kirol Heziketa erakusteko gai ez naizela erabaki du, eta pentsioa eman dit. Egia da ezin naizela Kirol Heziketako irakaslea izan, baina jardun naiteke beste hainbat eginkizunetan. Ez didate aukerarik eman, eta gogorra izan da gai ez naizela hain gordinki esatea”. Istripuaren ondoriozko kalte-ordainaren kontuak ere deseroso sentiarazten du: “Ez naiz iaioa gai horietan, eta lehenbailehen bukatzea nahi dut”.
Fisioterapia, psikologia eta psikiatria kontsultekin tartekatu du Oregik bere eguneroko aisia: lagunekin egon, hiru seme-alabekin eta emaztearekin bidaiak egin, bizikleta motordunean eta korrika egiteko protesiarekin gorputza zukutu… Protesiarekin ibiltzeko zailtasunak atzean geratzen ari dira pixkanaka, eta, noizbehinka estropezu egiten duen arren, moldatzen ikasi du. Horrek indarra ematen dio, hobetzen segitzeko grina, baina surfak ireki dio parez pare etorkizuneko atea.
Kirolari paralinpiarra
Itsasoa maite duelako aukeratu zuen Oregik Zarautz bizitoki. Itsasoa eta surfa. Istripua izan aurretik ere ibilia zen itsasoan, baina istripuaren zehar kalteek espero gabeko oparia ekarri diote: surfaren terapia. “Hasieran, lotsatu egiten nintzen, makuluekin hurbildu behar nuelako itsasertzeraino, edo arrastaka, itsas txakurra banintz bezala. Denek begiratzen zidaten Zarauzko malekoitik”. Lotsak, baina, aspaldi utzi zituen, eta oreka eta teknika irabazi ditu, saiatzearen poderioz. Hainbeste, ezen abenduan Surf Egokituko Munduko Txapelketan parte hartu zuen, Kalifornian (AEB), Espainiakoan sailkapen txartela lortu ondoren. Laugarren izan zen bere modalitatean.
Zergatik da, bada, hain garrantzitsua surfa? “Iraganeko Ibon izaten laguntzen dit. Protesirik gabe aritzen naiz, nirea ez den hori gabe, eta iraganean egiten nuen gauza bera egiteko gai sentitzen naiz, istripu aurreko Ibon izateko kapaz. Hori sekulako txutea da niretzat, indar ikaragarria ematen dit”. Itsasoan, olatuen aparretan libre, gozo sentitzen delako hasi zen egun batean ideien makinari bueltaka, eta olatuek sekretutxo bat jakinarazi zioten, “aparretan bizi!” xuxurlatu zioten.
Oregiren azalpena, hauxe: “Egun hartan, ez zegoen olatu askorik, baina bat-batean segida polita etorri zen, eta han geunden guztiok izugarri gozatu genuen. Gozamen itzela sentitu nuen olatuen aparretan, gorago ezin, eta une hartatik sortu zitzaizkidan “aparretan bizi” hitzak. Aparretan bizitzeko nahia, desira”. Nola lortu ere pentsatu zuen etorri ikaragarriko une hartan: “Aparretan bizi izeneko surf eskola sortu nahi nuke, baina ez surf eskola arruntak emateko, baizik eta nire esperientzia eskola umeei erakusteko”.
Berak bizi izandakoa gazteenei transmititu nahi lieke, “hanka bat gabe ere gauza asko lor daitezkeela erakutsi. Muga fisiko edo psikikoren bat duten ume asko daude, eta haien jarduna ispilu ezin hobea litzateke eskola umeentzat”. Aparretan bizi ekimenak badu beste osagai bat: Surf Egokituko Munduko Kopako probetan parte hartzeko helburua. Bere kasua jendarteratzeko asmoa du Oregik, eta 2023an hainbat probatan lehiatzeko jomuga. Horretarako, mezenasgoren bat bilatzen saiatuko da hainbat enpresa eta erakunde publikotan.

MASAJISTA LANAK
Oregi pertsona mugitua da, erronka berriak bilatzeko zalea. Etxean damutzen geratzeak akabatu egingo lukeela aitortzen du, eta beti dabil zereginen bat bilatzen. Horrela erabaki zuen masajista ikastaro bat egitea. Errenterian ari da, astean hiru orduz ikasturte osoan, eta hurrengoa osatzeko asmoa ere badu: “Beti gustatu izan zait fisioterapia, eta ikasten ari naiz, gustura ikasi ere”. Oregik ez daki etorkizunean masajista izango den ala ez, “hanka bakarrarekin neke handia pilatzen delako”. Apustu egin beharko banu: Ibon masajista izango da, ziur.

 

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.