Picasso oroimenean
1973. urteko apirilaren 8an hil zen Pablo Picasso, XX. mendeko pertsonaiarik apartenetakoa. Oso artista gutxi izan dira Malagakoa (Espainia) baino garrantzitsuagoak. Picassoren lanak oso ezagunak eta hilezkorrak dira. Euskal Herriarekin ere badu lotura sakona orain dela 50 urte zendu zen margolariak. Gernika koadroak, esate baterako, ez du aurkezpenik behar. Alessandro Ruta.
Gernika, besterik gabe
Agian, munduko margolanik ezagunena izango da. "Zuk egin duzu hori, Picasso jauna?", "Ez, zuek egin duzue". Nazi baten galdera eta artistaren erantzuna, Parisko Erakusketa Unibertsalean izandako elkarrizketan. Bizkaiko herriaren bonbardaketa, 1937ko apirilaren 26an, sinbolo bat da. Picassoren maisulanaren kopia bat Gernikan bertan dago, baina jatorrizkoa, Madrilgo Sofia Erregina Museoan. 2022an, hiru milioi ikusle izan zituen. Malagako artista ezin da bereizi bere margolan famatuenetik, oso harreman estua dutelako. Gernika da Picassok erabilitako metonimia, hau da, gerraren izua izugarrizko irudiekin jasoa.
Picasso "euskalduna"?
Pablo Diego José Francisco de Paula Juan Nepomuceno María de los Remedios Cipriano de la Santísima Trinidad Ruiz y Picasso. Ados, orain arnasa har dezakegu. Laburtuta, Pablo Picasso, artistak amaren abizena (italiarra, Genovakoa) erabiltzea erabaki baitzuen. Aita Malagakoa zen, semea bezala artista: José Ruiz Blasco. Dena den, adi José jaunari, beharbada familia euskaldun batean jaioa zelako, Pabloren amamaren aldetik, hain zuzen ere. Emakume haren izena? María de la Paz Blasco Echevarría. Iturri batzuen arabera, Soriakoa (Espainia) zen, La Povedakoa, zehazki, Errioxatik oso gertu. María de la Pazen ama, Rafael Ingladaren (Picassoren biografoa) Picasso antes del azul liburuaren arabera, Madrilgoa zen. Baina Echevarría hori...
Kubismoa, garai urdina, garai arrosa
Pablo Picassok arteari eskaini zion bere bizitza osoa. Oso gazte hasi zen, eta ia hil arte aritu zen, margotzen edota zeramikak egiten. "Artista onak kopiatu egiten du; jenioak, lapurtu”, horra haren esaldirik hedatuenetako bat. Malagakoak, egia esan, zerbait berezia asmatu zuen: kubismoa. Parisen bizi zenean, Paul Cézanneren azken lanak inspirazio iturri izan zituen, lerro zuzen eta karratu haiek. Lehenago, baina, bi garai oso desberdin bizi izan zituen: urdina eta arrosa. Lehenbizikoan, bere margolanak oso hotzak eta tristeak ziren, sufrimenduz beteak; bigarrenean, aldiz, askoz alaiagoak eta argiagoak.
Mougins eta Proventza
Paris (Frantzia) eta Espainia agurtu ondoren, leku berezi baten bila joan zen Picasso. Proventzan topatu zuen, lehenik eta behin hango kolore eta argiagatik. Picassok ez zituen utzi nahi ez pintzelak ez eskulanak. Lanaz gain, Frantziako hego-ekialdean Picassori gustatzen zitzaizkion ohiturei eusten zieten. Zezenketak, esate baterako; azken finean, Malagakoa oso tradizionala zen, nahiz eta ezkertiarra eta errepublikanoa izan. Oso matxista zela ere kontu ezaguna da. Oro har, artista 1914an hasi zen aipatu eskualdea maitatzen, Avignonen egon zenetik (Les démoiselles d'Avignon koadroa, bere lehendabiziko arrakasta, hiri horretan inspiratua zen). Mougins herri txikia izan zen, Cannesetik nahiko gertu, Picassoren azken aterpea.