Kaleko Afari Solidarioak, auzolana eta elkartasuna
Kaleko Afari Solidarioak herri ekimenak afaria eskaintzen die, egunero, kalean bizi diren hainbat pertsonari. Donostiako Alde Zaharrean hasi ziren laguntza hau ematen, pandemia garaian, eta egun Egia eta Amara auzoetan ere elkartzen dira. Jagoba Salvador. Argazkia: Kaleko Afari Solidarioak.
Auzolana eta elkartasuna bizirik daudela erakusten du Kaleko Afari Solidarioak herri mugimenduak. Duela hiru urte inguru abiatu zen, auzotar talde txiki bat kale gorrian zeuden pertsonei laguntza eskaintzeko antolatzen hasi zenean. Hainbat lagunek Donostiako Konstituzio plazan lo egiten zutela ohartuta, gauero afaria ematen hasi zitzaizkien egoera hori samurtu nahian. Harrezkero, egunero biltzen dira plaza horretan, jaiegunetan nahiz lanegunetan, eguraldia edozein dela ere. Ez dute egun bakar batean ere hutsik egin.
Pixkanaka, boluntario kopurua hazi egin da, eta orain 100 inguru dira. Gainera, azken bi urteetan, ekimena Egia eta Amara Berri auzoetara zabaldu da. Otorduak kozinatzeak, prestatzeak eta banatzeak eskatzen dituen lana, denbora eta dirua ez dira nolanahikoak. Hori gutxi balitz bezala, ahalegin eta inbertsio hori erakunde publikoen inolako laguntzarik gabe eraman dute aurrera. Joan den urtearen amaieran eskaini zuten prentsaurrekoan azaldu zutenez, ordura arte, guztira, 67.000 afari eman, 134.000 euro gastatu eta 14.000 ordu egin zuten lan, gutxi gorabehera.
Iraitz Etxeberriak, esaterako, bi urte inguru daramatza boluntario Egia auzoko taldean. “Alde Zaharreko kideek 2021eko otsailean hedatu zuten deialdia beste auzoetara, boluntario bila, eta orduan hasi nintzen ni, beste hainbat pertsonarekin batera”. Garai hartan, ekimenari izena jarri, logoa diseinatu, antolaketa zehaztu, eta bilerak egiten hasi ziren. Geroxeago, 2022. urtearen hasieran, Amara Berriko bizilagun talde baten deia jaso zuten eta hirugarren taldea sortu zen, Josean Gaska kiroldegi aurrean afariak banatzen hasi zena.
Banaketari dagokionez, Egiako afarien prestaketa Gros auzoko Marruma elkartean egiten dute arratsaldero. Pertsona bakoitzaren errazioa prestatzen dute: eguneko janaria, ogia, postrea, ahozapia eta mahai tresnak. Iluntzean, 20:30ak aldera Kalkutako Teresa plazako trenbide azpira hurbiltzen direnerako, kalean bizi diren pertsonak zain izaten dituzte, eta ilara berehala osatzen dute afaria jasotzeko. Haiekin sortzen diren harreman motak askotarikoak dira. “Batzuekin, ia ez dago harremanik; beste batzuekin, harreman estuak sortzen dira; eta zenbait poltsak prestatzera ere etortzen dira. Batzuk jada ez dira etortzen, logelaren edo aukeraren bat lortu dutelako. Pozgarria izaten da horren berri izatea”.
Hala ere, ez da ohikoena, kalean bizi den jendeak soinean daraman estigma ez baita nolanahikoa. Alde batetik, kalean nahi dutelako dauden ideia oso zabalduta dago, aterpeei uko egiten dietena, alegia. Etxeberriaren esanetan, “mitoa da ez dutela aterperik nahi. Kalean egon nahiago duela ez diot inori entzun. Aukera bat nahi dute, bestelako bizimodua egin, lana eduki eta beren egoera legeztatu”. Bestetik, erakunde publikoek ematen duten laguntza mugatua dela azpimarratu nahi izan du, eta eskuratzeko zaila.
Egoerari konponbidea ematea zaila da. Horri buruz galdetuta, Etxebarriak dio laguntzak azkarragoa izan behar duela, hasteko. “Askotan, hasieran, gazteak ilusioz beteta etortzen dira, baina denborak aurrera egin ahala gainbehera joaten dira. Kaleak asko ahitzen ditu, eta horrek ondorioak dakartza: drogak, arazo mentalak, bizilagunekin liskarrak… Salba ditzagun ondo daudenak ondo dauden bitartean”. Era berean, irtenbideetako bat administrazioek jangela sozial bat sortzea eta kudeatzea dela dio: “Guk egiten dugun lana haiek egin beharko lukete”. Ildo horretan, La Sirena, “hotzaren aterpetxea” izenez ezaguna, urte osoan irekita egoteko eskatu dio Donostiako Udalari, haren esku baitago. “Muturreko hotza dagoenean bakarrik irekitzen du, izotz alerta dagoenean baino ez; bestela, hutsik egoten da”.
Egoera lazgarri honek guztiak ez ezik, proiektuaren izaerak ere hausnarketarako bidea ematen du. Izan ere, boluntarioen jarduna karitatea dela pentsa dezake batek baino gehiagok, hau da, hierarkiaren arabera ematen den limosna modukoa. Ekimeneko kideek argi dute parekotasunean oinarrituriko laguntza eskaintzen dutela, berez gizarteak erakunde publikoen bidez egin beharko lukeena. “Hau ez da karitatea, elkartasuna baizik”.
“AUKERA BAT ESKATZEN DUGU”
Marzouk Lafriakh marokoarra da, 22 urte ditu, eta urte eta erdi darama Donostian. Lehen egunetik bizi da kalean, eta egoera horretatik aterako duen aukera baten bila dabil. Iluntze batean, Egian, boluntarioak janaria banatzen ikusi zituen. Ordutik bertaratzen da Marrumara. Afari bila joaten da, baina baita poltsak presatzen laguntzera ere. Orain, Lanbidek eskaintzen duen sukaldaritza ikastaro bat egiten ari da Errenterian, bere burua prestatu nahian. Hala ere, baztertua sentitzen da. “Guretzat oso zaila da lana eta kontratuak lortzea. Erakundeek lo egiteko leku bat jarri beharko ligukete, asko baikaude egoera honetan. Aukera bat besterik ez dugu eskatzen, ikasketak egin eta bizimodua ateratzeko”.