Euskarazko Wikipedia: sortu, partekatu, erabili
Euskarazko Wikipedia marka bete eta bete ari da. Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluen langa gainditu berri du, eta munduan halakorik lortu duen laugarren hizkuntza bihurtu da. 400.000 artikulu daude ikusgai eu.wikipedia.org webgunean, baina lan handia dago egiteko: gure ohiturak aldatu, kontsultak euskaraz egiteko; edota gure gailuak euskaraz konfiguratu. Jakina, baita ekarpenak egin eta sareratu ere; edota gure artikuluak, eta besteenak, aberastu. Euskarazko Wikipediak euskara bera aberasten duelako. Andoni Urbistondo. Argazkia: Pixabay.
Euskarazko Wikipedia hazten eta hazten ari da etengabe. Abenduan hizpide izan zen, Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 gairi buruzko artikuluak sortu dituen munduko laugarren hizkuntza bilakatu zelako, ingelesa, serbiera eta katalanaren ostean. Munduko laugarrena, euskarak 700.000 hiztun izan arren. Kultur elkarte horren egunerokoa zehazten dute Galder Gonzalezek eta Aiora Mujikak, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko langileak eurak, Donostian duten bulegoan. Gonzalezen hitzetan, “Kultur Elkartea 2016an sortu zen, Wikipediaren ingurumarian zebilen jendea edo lagundu nahi zuen jendea elkartzeko. Proiektuak egiten ditugunez, hobe da elkarte bat izatea, hobeto erantzuteko”.
2017an, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, proiektu bat abiatu zuten, “helburu argiarekin: bigarren hezkuntzako ikasleek beharko dituzten gaiak ahalik eta osatuen egotea sarean”. Horretarako, unibertsitateko ikasleekin aritzea erabaki zuten, “irakasleei beren arloan zer hobe edota alda zitekeen galdetuz. Ikasleei hitzaldiak ematen dizkiegu, Wikipedia nola erabili eta bertan nola jardun, erakusteko, halako ikastarotxo bat”. Ondoren, ikasleek beren lanak Wikipedian jartzen dituzte, eta eduki horiek edonork ditu eskuragarri. 6.000 ikaslek hartu dute parte ekimenean, 9 milioi hitz eta euskarazko Wikipediaren % 12 idatziz. Gonzalezek dioenez, “askotan, artikulu kopuruari erreparatzen diogu, baina garrantzitsuagoa da bilatzen dugun informazioa osatuta egotea, landutako informazioa izatea”. Euskaraz ondo idatzia izan dadin saiatzen dira, batez ere terminoen aldetik.
Proiektu horretaz aparte, buru-belarri dabiltza wikilariei, gehien produzitzen dutenei, erronkak planteatzen. “Gai zehatz batzuen gaineko proposamenak egiten dizkiegu. 2022an, Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 gairen zerrenda osatzea planteatu genuen, baita lortu ere, urte honen hasieran”. Orduan, 1.000 gai baino gehiago falta zitzaizkien, baina azkenean lortu dute.
Artikulu kopuruaz harago, idazkiak ahalik eta osatuenak izatea dute erronka. Wikipediak hori neurtzeko neurgailua du, eta euskarazkoa 20. postuan dago kalitate zerrenda horretan. “Iaz, 33. postuan geunden, beraz, urtebetean 13 maila igo gara; datu ona da. Badu bere garrantzia, agian hainbat enpresa handik zer garatu eta zer ez erabakitzerakoan hizkuntza bakoitzean zer eduki dagoen azter baitezakete”.
100.000 ikustaldi egunero
Aste barruan, eta ikasturteak irauten duen bitartean, 80.000-100.000 ikustaldi izaten ditu eu.wikipedia.org guneak. Asteburuan, ostera, 50.000-60.000. “Batezbesteko handia ematen du, 70.000 bisitaldi egunero. Gero jendeak edukiak goitik behera irakurtzen ote dituen, hori ez dakigu”. Bisitetan, urtero, % 2ko edo % 3ko hazkundea izaten da, baina dena ez da ona: “Ikasleekin lantzen ditugun oinarrizko gaietan, murrizketa izan da. Arrazoietako bat pandemia da: jendea etxean geratu zen, kontsulta gehiago egin zituen, eta hortik behera egotea normala da; bigarren arrazoia Google bera da, euskarazko emaitzak ezkutatzen ari delako”. Gordinki dio Gonzalezek: “Jende asko Google bitartez sartzen da euskarazko Wikipedian, eta ordenagailu asko gaztelaniaz daude konfiguratuta”.
“Googlek Wikipediaren gaztelaniazko bertsiora eramaten zaitu, eta horixe agertzen da beti euskarazkoaren gainetik, baina ez dakigu nahita edo nahi gabe egiten den” dio Gonzalezek. Datu interesgarri hau jakinarazi digu: “Bertsolari Txapelketan, Maialen Lujanbio txapeldunak bisita gehiago izan zituen gaztelaniazko Wikipedian edozein bertsolarik euskarazkoan baino”. Nerea Ibarzabal izan zen salbuespena. Zergatik? “Ez daukalako edukirik gaztelaniaz”. Maialen Lujanbioren gaineko informazioa, aldiz, bertsozale askok jaso zuten gaztelaniaz.
Zer egin liteke egoera iraultzeko? Di-da erantzun digu Gonzalezek: “Ohiturak aldatu, ordenagailua euskaraz konfiguratu, sakelakoa bezala, bilaketa egin ordez zuzenean eu.wikipedia.org esteka sakatu...”. Eskolako ordenagailu gehienak gaztelaniaz konfiguratuta daudela gogorarazi du Gonzalezek, administrazioak ere bere aletxoa jar dezakeela esateaz batera.
Galder Gonzalezek eta Aiora Mujikak, etorkizunean, Ikusgela eta Txikipedia proiektuak garatzen jarraituko dute, wikilariei artikuluak sortzen edo aberasten segitzeko eskatuta. Aiora Mujikarena, azken puntua: “Wikipedia kolektibo baten parte da, auzolanaren ispilu. Komunitate bati ekarpena egiten ari zara, eta edonork molda dezake. Gure hitzak aldatuak izatea onartzea kostatu egiten zaigu, baina Wikipedia, partekatu gabe, ez litzateke ezer izango. Norbaitek zurea aldatzen badu, zerbait ona da, ez du izorratzen, aberastu baizik”.
Zer egin behar da wikilari izateko?
Bi lan baino ez dira egin behar: idazteko gogoa eduki eta gai berriren bat bilatu. Kontu bat sortzea gomendatzen dute, benetako izenarekin edo goitizenarekin, idatzitako guztia izen horrekin ager dadin. Langileek nahiago dute wikilariek zuzenean jartzea beren testua, “geuk jartzeak lan pilaketa handia dakarkigulako. Gainera, testua geuk sareratuko bagenu, gure izenarekin azalduko litzateke”. 60 ohiko wikilari daude, eta 400 noizbehinkako. Agurtu aurretik, gonbidapena egin digute: “Ea AEK-ko ikasleren bat ere animatzen den wikilari taldean sartzera”.