Bizitzeko modu bat
Artzaintza sustatzen eta artzainak prestatzen mende laurdena bete zuen, iaz, Gomiztegi artzain eskolak, Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa). 300 ikasle pasatu dira ikasgelatik, eta haietako asko artzainak dira egun. Batzuek gurasoengandik jaso zuten grina, besteek kaleko bizimodua aldatu nahi zuten. Kooperatiba batek kudeatzen du artzain eskola, eta ofizioa baino, bizitzeko modua dela erakusten diete ikasleei. Andoni Urbistondo.
Gomiztegi baserriko parajeak elurtuta daude, eta ikasleak beste etxalde batzuetan daude praktiketan. Ainhoa Intza administraria, Ane Gartziandia albaitari eta irakaslea, eta Ekain Murua Gomiztegi kudeatzen duen kooperatibako kidea baserriko bulegoko epelean daude, lanean. 1997an sortu zen artzain eskola, Arantzazuko frantziskotarren gidaritzapean, baina 2006an kooperatiba sortu zen, eskola eta artaldea batzen duen biltegia Gomiztegin elkartuta. Ekain Murua artaldea eta ikasleen praktikak kudeatzeaz arduratzen da. Artzaintza maite duen Arrasateko kalekumetzat du bere burua.
2006an hartu zuen Gomiztegi bideratzeko ardura, Batis Otaegi, Joxerramon Orbegozo eta Koldo Madariagarekin batera. Instalazio guztiak baserrian daude: ikasgelak, bulegoa eta praktikak egiteko biltegia edo ukuilua, artaldea barne. Errenta bat ordaintzen dute instalazio eta lursailengatik, eta trukean artaldea, baserria, eskola eta prestakuntza kudeatzen ditu kooperatibak.
Umiltasunez ekin zioten. “Ipar Euskal Herrian bazen artzain eskola bat, eta hango eredua hartu genuen ispilu. Asko lagundu digute, batez ere Jean-Luc Boucheron maisuak, hona sarri etortzen zenak”. Arantzazukoa Euskal Herriko artzain eskola bakarra da, eta Espainiako zaharrena. Gomiztegikoa bederatzi hilabeteko ikastaroa da: “Lehen hiruhilekoa teorikoa da, eta ondoren alor praktikoa jorratzen dugu. Arlo teorikoan, abereen osasuna, zaintza, elikadura, gaztagintza, transformazioa, paper kontuak, legeria nola dagoen, eguraldi kontuak eta beste erakusten zaizkie ikasleei”. Muruarena da azalpena.
Artzain eskolak hitzarmenak ditu hainbat baserrirekin, eta han aritzen dira ikasleak trebatzen. “Ikasleek norberaren etxean egiten dena beste modu batera ere egin daitekeela ikasten dute”. Horrez gain, bisitak egiten dituzte hainbat etxaldetara, eta asko ikasten omen dute. 10-12 laguneko ikastaldea sortzen saiatzen dira urtero, “horietatik erdiek sektorean lan egiten bukatzen badute, datu ontzat hartzen dugu”. Hausnarketa interesgarria dakar jarraian Muruak: “Ikastera etortzen diren gehienak artzainen seme-alabak dira, hona etorri ala ez artzainak izango lirateke berdin, baina etorritakoa tresna eta baliabide gehiago dituen artzaina izango da. Talde izaera handia sortzen da ikaskide izan direnen artean, eta, beren jardunean zalantzaren bat badute, nola jokatu erabakitzeko jakintza handiagoa izanen dute”.
Ikastaroa musu-truk da ia-ia
Eskolak bederatzi hilabetez ematen dira, goiz eta arratsalde. Urrutikoak diren ikasleek Oñatin bertan hartzen dute ostatu, etxe batean. “Ikastaroa musu-truk da ia-ia, laguntza asko daude”. Ikasle gehienak Hego Euskal Herrikoak dira. Eskolak gaztelaniaz ematen dituzte, urtero beti izaten delako euskara ez dakienik. Ikasle gehienak mutilak dira, baina aurten bi emakume ere izan dituzte.
Artzaina izatea gogorra dela dio Muruak, zaila: “Baliabide batzuk behar dituzu: lursaila, artaldea, instalazioak, gaztandegia… inbertsio handia da, eta ez dago edonoren eskura. Kasu batzuetan, zenbait lagunek, kalekumeak izanik, artzaintzarako zaletasuna, afizioa, ofizio bilakatu ahal izan dute. Eta ofizioa bizibide, guretzat artzaintza bizitzeko modua ere badelako”. Ondorengorik ez daukaten baserriei segida ematen saiatzen dira Gomiztegin: “Zubi lana egiten dugu, eta urtean bat, bi, hiru artzain finkatzea sekulako arrakasta da”.
Dagoeneko sortuta dauden ustiategiei eustea omen da errazena, “baina badaude hutsetik hasi direnak”. Eskolatik gertu, 500 metrora, Oñatiko bikote bat bizi da, Maialen eta Mikel. Baserria Mikelen familiarena da, ez zeukan abeltzaintza jarduerarik, eta haiek jarri dute martxan eskolan ikasi ondoren. “Lorpen itzela da guretzat, baina ez naiz oso baikorra. Hau lanbide gogorra da, gustatu egin behar zaizu, eta baldintza minimo batzuk behar dira hasteko. Oso lotua da, eta horrela bizitzea onartu behar duzu”.
Muruak dio artzaintzak, artzainek, azken urteotan izen ona, sona, irabazi dutela, gaztagintzari edota formazioari esker, baina jendarteak haien jarduna balioesteko ahalegina egin behar duela, ekoizten dituzten produktuak erosiz eta artzaintzari bideragarritasun ekonomikoa emanez. Mezua jasota dago.
Izen-ematea zabalik
2023-24 ikasturterako izena emateko epea zabalik dago jada Gomiztegin. Motibazio gutuna eskatzen diete izena eman nahi duten ikasleei: “Eskolara zergatik etorri nahi duten azal dezatela, zehazki. Ondoren, horren arabera, erabakia hartzen dugu”. Azterketarik egiten ez duten arren, ikasturte bukaeran halako proiektu bat egin behar dute ikasle guztiek. Ustiategi batean arituak badira, nola hobetuko luketen azaldu behar dute, eta ustiapen bat sortu nahi badute, berriz, nolakoa izatea nahiko luketen. “Alor horretan ere ikasleak hezten saiatzen gara. Alegia, hobe dela gauzak poliki-poliki egitea, edo ustiategia partekatzea, handikiro jokatu gabe, itotzeko arriskua handia delako”.