Euskara pantailetan, hitz gutxitan
Eskasa da euskarazko eskaintza pantailetan. Hala salatu izan dute aspaldi honetan hainbat taldek eta eragilek. Erakunde publikoei beren erantzukizuna gogorarazi eta neurriak hartzeko eskaerak egin zaizkie, ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia sustatzeko eta bermatzeko arauak legez ezar ditzaten. Izan ere, arlo estrategikoa da: ikus-entzunezkoek berebiziko garrantzia dute hizkuntza ohituretan eta normalizazioan. Badago zer ikusi, handia da eskaintza, baina are handiagoa gabezia eta egiteke dagoena. Eñaut mitxelena. Argazkia: Pixabay.
Zenbat?
Pantailari so egoteko aukera ugari bai, baina euskaraz ikusteko, gutxi. Pantailak Euskaraz taldeak emandako datuen arabera, telebista kateen % 6 baino ez dira euskaraz, eta zinema emanaldien % 1. Streaming plataformetan, berriz, 26.000 edukitatik % 0,1 ere ez dira euskaraz. Zer Non Ikusi egitasmoak, esaterako, 457 euskarazko eduki ditu katalogatuta aipatu plataformetan. Haren zenbaketaren arabera, 2022ko abenduaren 31n Filmin plataforma zen euskarazko eduki gehien zituena: 105 film eta 3 telesail. Netflixek 61 film eta 21 telesail zituen, eta Amazon Prime Videok 52 eta 19, hurrenez hurren. Hain zuzen, azken bi horiek aurten edukiak euskaratzen jarraitzeko konpromisoa azaldu dute, iaz hasitako bideari eutsita. Tamalez, beste plataforma batzuen kasuan, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da, Disney Plus-en, esaterako.
Gazteek, zer?
Nolako eskaintza, halako emaitza. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (euskaldunen indizea % 70 baino handiagoa duten herriak biltzen ditu) bere kide diren 94 udalerrietako gazteen ohiturak aztertu zituen iaz. Orotara, 9 eta 17 urte arteko gazteen artean 11.571 inkesta egin zituen. Ondorioa: ikus-entzunezkoetan, euskara erdaren oso azpitik dago. Adibidez, azken telesail edo marrazki bizidunez galdetuta, % 10,6k baino ez zituzten ikusi euskaraz. Gainera, zenbat eta zaharragoak, orduan eta txikiagoa ehunekoa. YouTuben, inkesta erantzun zutenen artean sare sozialik erabilienean (% 85ek erabiltzen dute), gaztelaniazko edukiak nagusi: % 70,5. Askoz datu gehiago jaso zituen inkestak, ertz eta ñabardura ugarirekin. Nolanahi ere, baikortasunerako arrazoirik ez, arloan eragiteko neurririk hartu ezean.
Zer ikusi, non?
Euskarazko edukiak gutxi eta, gainera, sakabanatuak streaming plataformetan. Errealitate hori aintzat hartuta, euskarazko edukiak kontsumitzeko aukera errazteko asmoz sortu zuten, iaz, Zer Non Ikusi webgunea: zernonikusi.eus. Plataformetan euskaraz topa daitekeena biltzen du, zailtasunik gabe kontsultatzeko moduan. Besteak beste, plataforma ezagunenak biltzen ditu, eta edukiaren arabera bilatzeko aukera eskaintzen. Telesailak, filmak, dokumentalak, haurrentzako edukiak... baita euskaltegietarako edukiak ere. Horrez gain, zinema aretoetan estreinatzen dituzten euskarazko lanei buruzko informazioa zabaltzen du.
Sarean, gehiago
Eragile ugarik nabarmendu dute EITBk euskarazko edukiak sortzeko eta zabaltzeko lanean duen erantzukizuna, eta salatu, ardura handia izanagatik ere, azken urteotan ezer gutxi egin duela. Esaterako, ia ez du filmik eskaintzen euskaraz, ezta fikziorik ekoizten ere ia. Nolanahi ere, iragarri dutenez, 2023an Primeran streaming plataforma jarriko du martxan EITBk. Udan hasiko dira probak egiten, eta edukien % 75 inguru izango dira euskaraz. Erakundeen eremutik at, nabarmentzekoa da Euskal Encondings, sarean dagoen euskarazko film eta telesailen biltegirik handiena. Auzolanean eta irabazi asmorik gabe aritzen den komunitate irekia da, 1.500 film baino gehiago dituena eskuragarri, denak euskaraz (batzuk audioarekin, beste asko azpitituluekin).