bideanariketak

Mahai baten inguruan eserita lau lagun karta-jokoan, elkarri begira, elkarri hitz laburrak esanez eta, noizean behin, keinuren bat edo beste1 eginez. Irudi oso ohikoa da Euskal Herrian, bazkalostean, auzo eta herrietako jaietan eta/edo edozein arratsaldetan taberna askotan. Musa da, gure lurraldean oso errotua2 dagoen karta-jokoa, munduan ere aski3 hedatua. Gehixeago ezagutuko dugu, hitz gutxitan. Eñaut Mitxelena.

Euskal jokoa
Uste⁴ zabalduenaren arabera, musak euskal jatorria du. Hain zuzen, lehen erreferentzia idatziak horixe nabarmentzen du. Manuel Larramendi idazle eta apaizaren Diccionario Trilingüe del Castellano, Bascuence, y Latin hiztegian (1745) ageri da: “Mus, asi se llama un juego de naipes, muy entretenido, y propio de los Bascongados” ("Mus, hala esaten diote euskaldunek beren karta-joko oso entretenigarri bati"). Gainera, azalpen etimologikoa ere ematen du, eta mus hitza euskaratik datorrela dio⁵: “Mus izena eman zitzaion kideek jokoan ezpainen, begien eta abarren keinuekin ulertzen dutelako elkar; musu hitzak ezpain, mutur, aurpegi esan nahi du, eta laburtuta mus esaten da”.

Kartak, hitzak, keinuak
Mus, hordago… Euskaraz zein erdaraz jokatu, musean erabiltzen diren hainbat terminok euskarazkoak dirudite⁶. Hitzak funtsezkoak dira jokoan, kartak bezainbeste⁷. Launaka jokatu ohi da, 40 aleko karta-sortaz⁸, jokalari bakoitzak lau karta edukitzen ditu eta lau jokaldi⁹ izaten dira: handia, txikia, pareak eta jokoa. Jokalarien keinuek ere garrantzi handia dute. Horrenbestez, jokoak hainbat osagai nahasten ditu: zoria10, azerikeria11, antzerkia... Lehen arau idatziak 1804koak dira, Juan Ortiz de Zaratek Reglas fixas que conviene usar en el juego llamado mus, caracteristico de vizcainos y navarros liburuan jasoak. Musak oinarrizko arauak ditu, eta tokiaren arabera aldaerak12 izaten dira.

508mustxapelketa

Munduan, mus!
Txikitik handira, mus-partidek eta txapelketek ez dute mugarik. Adibidez, Euskal Herriko Mus Federazioak urtero antolatzen du Euskal Herriko Mus Txapelketa. Parte-hartzea ez da nolanahikoa13: aurtengo edizioan, 17.ean, 2.689 bikote lehiatu dira (Bixintxo Etchegoinberry eta Patrick Loustau zuberotarrek lortu dute garaipena finalean, Amasa-Villabonan). Nazioartean ere, antzera. Esaterako, 2026an, XLVII. Euskal Gizataldeen Munduko Mus Txapelketako finala Euskal Herrian jokatuko da. Asociación Euskadi Mus Elkarteak antolatua, kanporaketak martxan daude dagoeneko bai berton bai euskal diasporaren presentzia handia den herrialdeetan, bereziki Latinoamerikan.

508mintza

Jokatu, ikusi eta ikasi
Askotan, mus-partidek jokalari adina ikusle izaten dituzte. Eta ez mahaiaren bueltan bakarrik. Adibidez, joan den martxoan, Euskal Herriko Mus Txapelketako finala zuzenean eskaini zuten online. Bestalde, aipatzekoa da Kanaldude Ipar Euskal Herriko herri-telebistak 2024an egin zuen Mintza saioa. Zazpi euskal lurraldeetako bikoteekin, musa telebista-platora eraman zuten modu aski entretenigarri eta aberasgarrian (kanaldude.eus webgunean ikus daiteke). Finean, musak hainbat ikuspegitatik pizten du interesa. Horren adibide bat, Anton del Campo Serrano ingeniari eta idazlearen Mus jokoa eta probabilitatea liburua (Arrasate Zientzia Elkartea, 2025): jokoa matematikaren eta estrategiaren alorretik14 aztertzen du.

1. Keinuren bat edo beste: un gesto u otro (es), un geste ou un autre (fr).
2. Errotu:
guztiz ezarri, finkatu.
3. Aski:
nahiko, dezente.
4. Uste:
iritzi, ideia, pentsamendu.
5. Dio:
esaten du.
6. Dirudite:
ematen dute.
7. Bezainbeste:
tanto... como (es), autant... que (fr).
8. Karta-sorta:
baraja (es), jeu de cartes (fr).
9. Jokaldi:
jugada (es), coup (fr).
10. Zori:
zorte, suerte.
11. Azerikeria:
astucia (es), astuce (fr).
12. Aldaera:
variante (es), variante (fr).
13. Nolanahiko:
eskas, urri, txiki.
14. Alor:
ámbito (es), domaine (fr).


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.