Euskara, jalgi hadi sare sozialetara!

Instagram eta TikTok plataformetan, euskarazko gero eta eduki1 gehiago agertzen ari dira. Seinale bazegoela euskarazko edukia kontsumitzeko grina2 zeukan komunitate bat. Orain, eskaintza ere badago. Horren adibide dira orriotara ekarri ditugun eduki-sortzaileak. Marcos Tedin. Irudia: Freepik.
Txipa aldatzeko beharra zegoen. Halaxe gertatu zitzaion, behintzat, JULEN UNANUE eduki-sortzaile tolosarrari. Gaztelaniatik euskarara pasatzeko erabakia hartzeko, konfiantza izatea ezinbestekoa3 zen.

Sare sozialetan, euskaldun gazte askok igotzen zituzten bideoak gaztelaniaz, publiko zabalagoarengana heldu nahian. “Pentsatzen nuen euskaraz ia inork ez zuela ikusiko”, aitortu du Unanuek.
Gaur egun, tolosarrak 16.000 jarraitzaile baino gehiago ditu Instagramen, eta 19.000 baino gehiago TikToken. Umorezko bideoak argitaratzen ditu, orain ia dena euskaraz, hasieran ez bezala, gaztelaniaz egiten baitzuen guztia.
Duela urte batzuk, Unanuek bezalaxe, Euskal Herriko gazte askok uste bera zuten: bideoak euskaraz eginez gero, ez zuten ikustaldirik izango.
Hala ere, azkenaldian egoera erabat aldatu da. Sortzaileak euren egunerokotasuneko hizkuntza erabiltzen hasi dira, naturaltasun osoz, eta konturatu dira bazegoela euskarazko edukia kontsumitzeko grina zeukan komunitate bat.
“Ezin eskertuago” dago Unanue bere bideoek izan duten harreragatik, eta sareetan gero eta euskarazko eduki gehiago ikusten du: “Ilusioa egiten dit”.
Haren ustez, euskara formaltasunetik aldendu⁴ beharra zegoen: “Beti jo izan dugu hizkuntza formaltzat; telebistan, egunkarietan, aldizkarietan... ikusten genuen, baina sareetan ez”.

LUMA OTAÑO tolosarra iritzi berekoa da. Euskara “eremu ez-formaletan” ere erakutsi nahi zuen, eta betidanik sortu izan du bere edukia euskaraz. Orain arte, arrakasta handia izan du: 1,4 milioi “atsegin dut” baino gehiago lortu ditu TikToken.
Sare sozialetan zabaltzen dituen bideoetan denetik ikus daiteke: moda, janaria, umorea, egun-pasak, hausnarketak⁵… dena euskaraz beti.
“Erabaki kontzientea da, badakidalako euskara zein egoeratan dagoen; eta garrantzitsua iruditzen zait jendearengana euskara erabiliz heltzea”, arrazoitu du bere hizkuntza-hautuari6 dagokionez.
Bere edukiaren bitartez erakutsi nahi duena argi du tolosarrak: “Euskaraz ere ondo pasatu dezakezu, eta dibertigarria izan daiteke”.
Ildo horretan, Otañoren esanetan, “komunitate bat sortzen ari da”, eta aipatu du “kristoren babesa” sentitzen duela euskarazko edukia egiteagatik.

PAULE TAÑO ondarrutarrak dio komunitate horren aldetik esker ona jaso duela gaztelaniatik euskarara igarotakoan. Dietista da, 21 urte ditu, eta “txikitatik” gustatu izan zaio bideoak eta sare sozialetarako edukia sortzea.
“Halako batean, euskaraz sortzea erabaki nuen, euskaraz bizi naizelako eta errazago komunikatzen naizelako eta pentsatzen dudalako gure hizkuntzan”, adierazi du.
Honela eman zuen erabaki horren berri 2026ko martxoan igo zuen bideo batean: “Orain arte, gaztelaniaz aritu naiz bideoak egiten, baina jende askorekin komentatu ostean, eta denbora asko pentsatzen egon eta gero, erabaki dut edukia euskaraz sortzen hastea”. Bideo horrek 150.000 ikustaldi baino gehiago izan ditu, eta Tañok mezu positibo asko jaso ditu.
“Bisuala” berba aukeratu du bere edukia deskribatzeko, estetika zainduz eta koloretsuz jantzia. Horrez gain, mezu positiboak zabaltzea gustatzen zaio.
Tañok argi eta garbi ikusten du euskararen gorakada sare sozialetan: “Euskal eduki-sortzaileen booma gertatu da azken boladan; urte batzuk atzerago, ez zegoen horrenbeste”. Egoera ikusita, eta bere euskarazko bideoek jaso duten harrera kontuan hartuta, jendea gauza bera egitera animatu nahi du: “Egin euskarazko edukia eta ez eduki lotsarik”.

IKER IRIBARREN donostiarrak ere ikusten du euskararen eta euskal eduki-sortzaileen gorakada hori. 2025eko otsailean hasi zen umorezko bideoak sortzen, beti euskaraz.
Haren ustetan, gaur egun “normalizatuta dago” edukia euskaraz sortzea. Orain dela urte gutxi batzuk, ordea, ez zen oso ohikoa.
18.000 jarraitzaile baino gehiago ditu Instagramen, 7.000 baino gehiago TikToken. Bere bideoetako batzuek 100.000 ikustaldi baino gehiago izan dituzte. Arrakasta horrek argi eta garbi erakusten du euskal komunitateak bazuela horrelako edukia euskaraz kontsumitzeko gogoa. Orain, eskaintza ere badago.
“Aurten jende asko animatu da, lotsa kenduta, euskarazko edukia sortzera”, dio donostiarrak; izan ere, “jendeak ikusi du euskarak bere tokia daukala sare sozialetan”.
EUSKALKIA EZ DA TRABA
Paule Taño ondarrutarrak azaldu du oso lasai eta argi hitz egiten ahalegintzen dela, bere euskalkia ulertzeko oztopo izan ez dadin: “Hasieran, beldur nintzen, nire herriko euskara ez delako oso garbia; hortaz, oso ondo eta lasaiago hitz egiten saiatzen naiz”. Bere bideoetan lagatako7 iruzkinak irakurrita, zalantzarik ez dago jarraitzaileek atsegin dutela haren hizkera: “Ez galdu zure euskalkia, bultzatu egin behar da-eta!”.
1. Eduki: contenido (es), contenu (fr).
2. Grina: ansia (es), soif (fr).
3. Ezinbesteko: indispensable (es), indispensable (fr).
4. Aldendu: urrundu, urrutira eraman.
5. Hausnarketa: reflexión (es), réflexion (fr).
6. Hautu: elección (es), choix (fr).
7. Laga: utzi.
