Joseba Errazkin urnietarra bizikletaz bueltatu zen Finlandiatik etxera uztailean, Erasmus bukatuta. 3.300 kilometro pasatxo egin zuen, eta esperientzia aberasgarriz bete zakutoaAndoni Urbistondo.

Joseba Errazkin Gorputz Hezkuntza ikasten ari da Lleidan (Katalunia). Ikasle askok bezala, ikasturte bat Erasmus programan osatzea erabaki zuen. Urrun joan nahi zuen, Europa barruan, baina ahalik era urrunen, eta Finlandiara joan zen, Vierumaki herrira, hain zuzen ere, Helsinki hiriburutik iparraldera bi ordura. Iazko abuztu bukaeran egin zuen bidaia. Herri txiki bat topatu zuen han, baso eta aintzirak nonahi, eta eguraldia gogorra, negua hurbildu ahala. Zero azpitik 23 gradura ere egon ziren egunen batean. Ikasteaz gain, parranda gutxi egin zuen han, batez ere garagardo bakoitzak 9 euro balio duelako, “eta bertakoek ez daukatelako guk Euskal Herrian kale giroan elkartzeko daukagun ohiturarik”.

Finlandiara joan zenerako, Lleidako unibertsitateko koordinatzaileak bizikletaren harra sartu zion Errazkini. “Bere lagun bat Finlandiatik etxera bizikletaz bueltatu zela esan zidan. Eguberrietan, etxera etorrita, gurasoei zer asmo nuen esan nien, eta onartu egin zuten. Bizikletarekin bueltatu nintzen Finlandiara”. Bakarrik egin du bidaia, berarekin batera itzultzeko asmoa zutenek etsi egin zutelako. Bere bidea prestatu zuen Google Maps eta Google Earth aplikazioekin. Krema batzuk erosi, zakutoak bete, eta pedalei eragiten hasi zen. Maiatzaren 18a zen.

Aurretik hilabete eta erdiko bidea zuen, baina geltoki edo eguneroko plangintza ziurrik gabe. Hiru egun egin zituen Finlandian, eta Suediara ontziz igaro zen. Han, larri ibili zen, egun euritsu dezente izan baitzuen. Errutina finkoa izan du: “Baraurik4 20 bat kilometro egin, gosaldu, beste 40 bat kilometro, bazkaldu eta arratsean beste 20-30 bat kilometroko saioa”. Mendiko bizikleta erabili zuen, baina gurpil finekin, eta 25 kilo inguru zakutoetan. Hasieran, herrietatik gertu hartzen zuen aterpe5, kanpin dendan beti. Konfiantza hartu ahala, ordea, bideetatik urrunago hartu zuen ostatu, baso erdian, lasaitasun bila. Beldur edo tentsio uneren bat pasa omen zuen, basoko animalien soinuengatik. “Eskerrak eguna oso nekatuta bukatzen nuen eta berehala geratzen nintzen lo seko".

Suedian, Stockholm bisitatu zuen, eta Helsingborg. Danimarkan, Kopenhage. Handik Hanburgo eta Bremenera joan zen, Alemanian, eta Herbehereetan, ibilbide erdian, bost eguneko geldialditxoa egin zuen, Emmen hirian, indarberritzeko. Groningen bisitatu, eta Belgikan berrekin zion, Dinant herrian. Handik Pariseraino joan zen, eta Frantziako iparraldean asko gozatu zuen: “Toki ederrak daude han. Gainera, ordurako GPSrik gabe nenbilen, eta mendiko errepideetan barrena ibili nintzen, herrixkaz herrixka. Parisera iritsi nintzen arte”.

Metroz sartu zen hiriburu handi horretan, Eiffel dorreraino, lagun batzuen konpainian. Bizpahiru eguneko atsedentxoaren ostean, egurra berriro etxeraino: “12 bat egun behar izan ditut Paristik etxeraino iristeko, baina oso polita izan da, bidea Erasmuseko Sara lagunarekin egin dudalako. Pariseraino bakarrik ibili nintzen, baina bidea bidaideekin egitea aberasgarria da, norbaitekin hitz egin dezakezulako une oro”.

Ongietorri beroa herrian

Matxura pare bat izan du bidean Errazkinek, baina onik iritsi da jaioterrira. Egunean 10-15 eurorekin moldatu da, jan guztia supermerkatuetan erosiz eta berak prestatuz, zakutoan zeraman su txikian. Pisu gehiegitxo eraman duela aitortu du, nahiz eta eramandako guztia erabili duen. Su txikia Parisen utzita, handik Euskal Herrira iritsi arte entsaladak janez moldatu da. Miarritze (Lapurdi) pasatu ondoren jabetu zen etxean zela, hilabete luzez ikusi gabeko mendiak ikusten hasi zenean.

Oiartzunen kuadrillako lagunak zituen zain, eta gauak eguna janda iritsi zen Urnietako San Juan plazara. Han, ongietorri beroa egin zioten lagunek, pankarta, konfeti eta guzti. Uztailaren 5ean heldu zen Urnietara, eta sanferminetan uxatu zituen, lagunekin, hilabete eta erdiko esfortzu fisikoen oinazeak eta platereko gutizia eskasia.

3.300 kilometro baino gehiago izan dira guztira Finlandiatik Euskal Herrira. 45 egun. Hurrengo erronka ikasketak bukatzea omen, 2023an, eta lanean hastea: “Ahal bada, kanpoan egiten den kirol diziplinaren bateko irakasle. Bizikletaz 3.300 kilometro egin ondoren erronkei ekiteko gaitasuna badaukadala jabetu naiz, oso lagungarria izan zait nire konfiantza handitzeko”. 

HERRITARREN ETXEETAN ATERPE

Bizikletaz hara eta hona mugitzen diren abenturazaleek herritarren begirunea dutela erakutsi dio bideak Joseba Errazkini. Warm showers edo dutxa beroak aplikazioan nondik zebilen edo non lo egin nahiko zukeen jarri, eta herritarren etxean musu truk lortzen zuen ostatu: “Beren lorategia ere eskaintzen dizute kanpin denda jartzeko, eta zenbaitek etxea bera ere bai”. Danimarkan, familia batekin hockeyan jokatzen ere aritu zela gogoratu du Errazkinek. Tarteka, afaria eman izan diete, doan, “eta zenbait familiarekin pelikulak ikusi ditugu beren senideekin! Gozamena da egun osoa bizikleta gainean eman ostean modu goxo horretan bukatzea”.

 

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.