Lau milioi biztanle pasatxorekin, Los Angeles, LA gisa ere ezaguna, AEBetako bigarren hiririk jendetsuena da, eta Kalifornia estatuko populatuena. Los Angelesko konderria aintzat hartuz gero, herritarrak 10 milioi baino gehiago dira. Kontrastez betetako hiria da. Dirutza balio duten etxeak ikus ditzakezu, eta, aldi berean, kanpin dendaz jositako eremuak, non etxerik gabeko jendea nekez bizi den. Pablo Gomez. Argazkiak: Biok Studio.

Los Angelesen, COVID-19a iritsi aurretik ere, etxerik gabekoak hiriko paisaiaren parte ziren; hau da, osasun krisiak lehendik zegoen arazoa areagotu egin du, besterik ez. Munduko 10 hiri garestienen artean dago LA. Alokairuak garestiak dira: gela batengatik 1.000 dolar ordain daitezke hilero, edota 2.000 dolar apartamentu batengatik. Horrenbestez, lana izanagatik ere, askorentzat oso zaila da etxebizitza lortzea.
Goiz hotz eta eguzkitsu batean, etxegabeen herrixka bat bisitatu nuen Rosemead udalerrian, Los Angelesko konderrian. Zehazki, San Gabriel Boulevardeko 533.ean dagoen herrixka. Hondarrez betetako esparrua da, zuhaitz gutxirekin, Marrano Beach izeneko ibaitik gertu.

TONY MOCHILAS
Han oso ospetsua den pertsonaia ezagutu nuen: Antonio, 64 urteko mexikarra, ingurukoek Tony Mochilas izendatzen dutena. Kapa moduan daraman manta gorri higatua, txano iragazgaitza eta molde klasikoko traje hondatua ibiltzen ditu soinean. Hizketan hasi bezain laster nabari zaio eritasun mentalen bat duela.
Jatorri ezezaguneko gurutze zuri handi baten alboan egin dugu topo. Lurrean norbaitek utzitako arrosarioa jaso, eta esku zailduekin helduta harekin jolasean hasi da. “Leku hau deabruz beterik dago. Gauzak edonon agertzen dira, zuhaitzek aurpegia aldatzen dute, eta txakur aurpegia duten pertsonak ikusten ditut” dio izukaitz, irudipenen beldur ez dela esanez.
Beste istorio harrigarri bat kontatu dit Tonyk: zekorrez beharrean, umeez erditu zen behiarena. Bere iraganaz galdetuta, zera dio: “1978an etorri nintzen Mexikotik, eta galdategi batean egin nuen lan aspaldi. Nire azken lantokia autoetarako bateriak egiten zituen fabrika bat izan zen, duela zenbait urte”.
Hizketan gaudela, irudipen gehiago ditu Tonyk: harpiak, sorginak, oreinak. “Errua Angelinak du, gau eta egun dut nire atzetik” dio kalean bizitzeko arrazoiari buruz. Ezinezkoa zait bere dibagazioak ulertzea, baina badirudi aspaldiko amodioren bat dela, emaztegai izan zuen norbait. Orain, bere zorigaitz guztien erruduntzat jotzen du.
Hori bai, kalean amaitu aurretik non bizi izan zen ulertu ahal izan diot, gertu dagoen Montebello herriko apartamentu batean, hain zuzen ere. AEBetan legezko egoeran bizi ote den itaunduta, baietz erantzun dit, baina nortasun agiri oro galduta duela.
Une oro adeitsua eta gozoa gizona, zaila da elkarrizketari eustea, bere irudipen eta dibagazioek etengabe eteten dutelako mintzaldia. Hurrengo egunerako hitzordua jarri dugu, arropa eta janaria ekarriko dizkiodala agindu baitiot. Agurtzeko unean, harpiak harrapatzera doala esan dit, ohikoa izango balu bezala.

JONATHAN
Biharamunean, tamalez, ez dut Tony Mochilas ikusi. Herrixkan sartuta, Jonathan izeneko 30 bat urteko gaztea ezagutu dut. “Mexiko Hiritik etorri nintzen. Leku hau armadarena denez, polizia ez da sartzen”. Dioenez, “gutxi gorabehera 30 lagun inguru bizi gara orain hemen, baina zaila da jakitea, jendea joan-etorrian ibiltzen delako”.
Los Angelesko hirigunetik gertuagoko beste eremu batzuetan ez bezala, hemen salbu sentitzen da. Hirigunetik hurbil lapurretak ohikoak direla dio, eta mafiek agintzen dutela. Hemen, aldiz, elkarri laguntzen diote, daukaten janaria edota lortzen duten arropa elkarbanatuz.
Aldizkako lanei esker edota eskean arituz lortzen du janaria erosteko beharrezko dirua. Batetik bestera joateko baliatzen duen monopatina eta bidaiatzeko poltsa txiki bat dira bere ondasun bakarrak. “Duela urtebete, ama hil zitzaigun eta etxea galdu genuen. Ez nuen lanik, eta hemen, LAn, ezta senide gehiagorik ere, denak Mexikon bizi baitira. Hara itzultzea pentsatzen ari naiz, hemen ez nagoelako legezko egoeran eta ezin dudalako inolako laguntza motarik jaso”.
Tony Mochilas aipatu diodanean, eta hari bezperan agindutakoa berari emanda, maitasunez hitz egin dit ohiko bisitari dutenaz: “Normalean motxila batekin ibiltzen da, horregatik du ezizen hori. Ipuinak kontatzea du gustukoen, barre egitea… eta segika izaten dituen deabru eta sorginei buruz hitz egitea. Eta Angelinaz, noski!”. Jonathanek ere ez du Angelina famatua ezagutu.
Zintzotasunez erantzun dit drogarik hartzen duen edota herrixkan ohikoak diren galdetu diodanean. “Alkohol apur bat edaten dut, eta noizbehinka marihuana erretzen. Baina besterik ez” aitortu du. Halere, beste zenbait auzotan droga eguneroko kontua dela dio. Esaterako, Los Angelesko Skid Row auzoan: “Ezagun dut, eta oso leku arriskutsua da. Han, film batean egongo bazina bezala sentitzen zara, drogaz, indarkeriaz, lapurretez... inguratuta. Oso beldurgarria da, ez dut han bizi nahi”.
Niri, ordea, ezagutzeko gogo bizia piztu zait. Baina hori beste istorio bat da, eta hurrengo batean ezagutuko dugu.

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.