Udan ere, zure bidelagun
“Ordutik, ohitura berriak hartu ditut”
Unai Marco Okeranza (ibiltaria)
“2019an egin nuen ibiltaria, oinez. Oso giro ona zegoen, eta lagunak egin nituen. Ordutik, ohitura berriak hartu ditut, eta arazo barik egiten dut euskaraz. Aurten berriz eman dut izena, denetik egiten delako: jende berria ezagutu, mendian ibili, euskara praktikatu... Edozeini gomendatuko nioke, ez dago ez euskaldun peto-petoa ez kirolari ona izan beharrik, eta oso gomendagarria da mundu guztiarentzat”.
“Euskaraz bizitzeko aukera eman zidan”
Sheila Salgado Barrantes (euskalduntze barnetegia)
“Iaz barnetegiko esperientzia ezin hobea izan zen. Eskolan euskarari mania hartu nion, baina orain gustatu egiten zait eta, batez ere, hitz egin nahi dut. Hala ere, nire ingurua ez da euskalduna, eta barnetegiak euskaraz bizitzeko aukera eman zidan. Beraz, aurten errepikatu egingo dut. Denok laguntzen diogu elkarri eta, azkenean, familia handia sortzen da. Behin hasiz gero, itzulerarik gabeko bidea da”.
“Oso garrantzitsua da hazia landatzea”
Nerea Azkunaga Fernández (guraso barnetegia)
“2017an joan nintzen aurrenekoz, 3 eta 5 urteko seme-alabekin, eta harrezkero errepikatu egin dugu. Umeentzat ez da erraza euskaraz hitz egitea, baina oso garrantzitsua da hazia landatzea. Orain hasi naiz fruituak jasotzen, zaharrena etxean euskaraz hitz egiten hasi baita, eta espero dut besteak ere hortik jarraitzea. Familian euskaraz bizitzea esperientzia ederra da, horixe izan da sari onena egindako ahaleginagatik”.