Liburuek irekitako atea
Iturmendiko liburutegia herriko hainbat emakumek sortu zuten duela lau urte, “espontaneoki”. Ekimen autogestionatua da, eta “irakurzaletasuna kolektibizatzea” dute helburu. Iñaki Rubio. Argazkiak: Iñaki Rubio.
“Kasualitate hutsa izan zen”, dio Txaro Galarza Zelaiak, kikarari kirtenetik helduta ahoratzen duen bitartean. “Herriko elkartean geunden, pote bat hartzen, eta orduan irakurtzen ari ginen liburuei buruz hasi ginen solasean1; konturatu ginen asko gustatzen zitzaigula irakurtzea eta herrian, oro har, bazegoela zaletasuna”, jarraitu du. Grina hori, ordea, norbanakoarena zen, etxe barruko apalean gordea, eta kolektibizatu beharra zegoela deliberatu zuten. Horrela sortu zuten Iturmendiko herri-liburutegia, orain dela lau urte.
Txaro Galarzarekin batera, hainbat emakumek ekin zioten egitasmoari, eta beste hainbeste atxiki2 dira urtez urte. Horietako bat, Maru Garcia Roman: “Mudantza egin nuenean, liburu asko tokirik gabe gelditu ziren, txoko batean hautsa biltzen. Polita iruditu zitzaidan herriarekin konpartitzea”. Ezagutza eta kultura partekatzeaz3 harago, aisialdia ulertzeko beste modu bat izan da harentzat ekimena: “Alkoholaren eta janariaren bidez elkartzeko ohitura daukagu, eta liburutegiarena pizgarria izan zen harremanak beste era batera izateko”.
Juana Galarza Gabirondoren iritziz, bestetik, ezinbestekoa da halako zerbitzu bat herrian bertan edukitzea: “Gure familian asko gustatzen zaigu irakurtzea, eta maiz⁴ hartu dugu autoa espresuki Altsasuko liburutegira joateko; beraz, orain asko eskertzen dugu herrian bertan halako zerbitzua izatea”.
Horiek horrela, liburutegia sortzeko lokal bat xerkatzen⁵ hasi ziren. “Erraza izan zen. Iturmendi 400 biztanleko herri txikia da, eta elkartean bildu ohi gara denok. Hala, ahoz ahokoari esker, orduko alkate Imanol Arbizuk berehala eskaini zigun udaletxeko ganbarako gela bat; erraztasun asko izan genituen, eta baditugu oraindik ere”, esan du Garciak.

Autogestioa ardatz
Ondoren, mahaiak, aulkiak, apalak eta antzeko altzariak eskuratu zituzten, erosiak batzuk, emanak beste asko. Azkenik, liburuak biltzen hasi ziren. “Oihartzun handia izan zuen gure asmoak herrian eta liburu pila bat utzi ziguten, gehiegi eta guzti”, egin du barre Pepa Lopez de Goikoetxeak. Baina erosi ere egiten dituztela azaldu du Juana Galarzak: “Iruñeko bigarren eskuko denda batean erosi ditugu gehienak, prezio oso onean, baina Altsasuko liburu-dendetan ere bai, nobedadeak, bereziki”.
Proiektua finantzatzeko, autogestioa izan dute ardatz: “Ekimen herrikoia denez gurea, denetik egin dugu liburuak erosi ahal izateko: egutegiak saldu, txokolatada, saski baten zozketa… Guztietan arrakastatsuena pizzen salmenta izan zen: herriko gazte-talde batek pizzak saltzen ditu hilero eta bildutakoa hainbat auziri sostengua6 emateko baliatzen du”, azaldu du Lopez de Goikoetxeak.
Zenbat liburu, hainbat aburu7
Egun, 1000 liburuk baino gehiagok hornitzen8 dituzte liburutegiko apalak. Gehienak gaztelaniaz idatzita daudela dio Garciak, nahiz eta euskarazkoak ere badauden: “Euskaraz idatzitakoak haurrentzat dira nagusiki, bildumaren % 20, gutxi gorabehera”. Liburuak generoaren arabera sailkatu dituzte: “Literatura euskaraz zein gaztelaniaz, haurrendako liburuak, fantasia… Hainbat gai ditugu, baina irakurrienak eleberri klasikoa eta beltza dira”, esan du Juana Galarzak.
Iturmendiko herri-liburutegia astean behin irekitzen dute, ostegunetan, 18:30etik 19:30era. “Txandaka aritzen gara; astero gutako bati egokitzen zaio, eta, bestelako lanak daudenean, ahal dugunak elkartzen gara”, aipatu du Lopez de Goikoetxeak. “Batzuek liburuak sailkatu eta errepikatuta daudenak itzultzen dituzte, beste batzuek katalogoa digitalizatzen dute…”, erantsi du Garciak. Edonor joan daiteke liburu eske, eta nahi beste denbora izan dezake maileguan. “Guk paper batean apuntatzen dugu nork eta noiz hartu duen liburua, baina ez dago itzultzeko eperik; liburu bat gozatu egin behar da, irakurketak pausatua9 behar du izan, bukatzeko presiorik gabe”, esan du Txaro Galarzak.
Alta10, proiektua edozein momentutan alda daitekeela adierazi du Garciak: “Ekimen bizia da hau, eta edozein unetan alda daiteke; edonork egin dezake bere ekarpena, ez dago helburu finkorik”. Ildo beretik, liburutegiarena kontu espontaneoa dela azpimarratu du: “Lau urte joan eta gero bat-batekotasun horren arabera funtzionatzen jarraitzea lortu dugu, eta hala jarraitzea espero dugu, orain arte izan dugun ilusioaz”.
HERRIKO KULTURAREN ITSASARGI
Liburuak uzteaz gain, bestelako hainbat ekintza antolatzen dituzte. “Urtero, Liburuaren Nazioarteko Egunean, zerbait berezia egiten saiatzen gara: hitzaldiak, haurrentzako txokolatada, ipuin-kontalariak, aurkezpenak… Joseba Sarrionandia etorri zein behin”, kontatu du Rebeca Mendozak. Aurten, Javi Cotelo idazleak limurtu11 ditu iturmendiarrak. Irakurle-talde bat sortzea ere pentsatu izan dute, baina, ekintzaileen arabera, zaila da benetan egiten, baliabide gehiago beharko lituzketelako.
1. Solasean: hizketan, berriketan, hitz egiten.
2. Atxiki: elkartu, bat egin, batu.
3. Partekatu: konpartitu.
4. Maiz: askotan, sarritan.
5. Xerkatu: bilatu.
6. Sostengu: apoyo (es), aide (fr).
7. Aburu: iritzi, uste.
8. Hornitu: bete.
9. Pausatu: lasai, patxadatsu, presarik gabe.
10. Alta: hala ere, dena den, alabaina.
11. Limurtu: cautivar (es), captiver (fr).

