Ramones hitz gutxitan

1976ko apirilean, Ramones musika-taldeak bere lehenengo diskoa estreinatu zuen: Ramones, ordu erdiko zalaparta1 hutsa; hala ere, sekulako mitoa sortu zuen AEBetako bandak. Belaunaldiz2 belaunaldi transmititu izan dira laukote haren estiloa eta abestiak. Jatorrizko Ramones guztiak hilda daude, baina haien eredu artistikoak iraun egin du, nolabait3. Alessandro Ruta.
Punk
Hitz magikoa: nork sortu zuen estilo hau? Lehenak, ziur aski, Ramones izan ziren. Abesti laburrak, gai “zikinak” eta soinu apur bat desatseginak edo gogaikarriak⁴; horrelakoa izan ohi da punk estiloa, gizartearen aurkako borroka edo iraultza. Dena den, beste “lankide” batzuk baino askoz lasaiagoak ziren. Sex Pistolsek, esate baterako, transgresio-maila handiagoa erakutsi zuen, Johnny Rotten eta Sid Vicious horren adibide, baina denbora laburragoan. Alabaina, Ramones oso iraultzaile egokiak ziren: tximak⁵, prakak apurtuta, larruzko jakak, “sistemaren aurkakoak”. Eta laukotea ziren, talde apartak bezala.
“Anaitasuna”
Joey, Johnny, Dee Dee eta Tommy: denak Ramone. Lau anaia? Ez! Oso asmakizun bitxia izan zen taldearena. Anaitasuna, musika-kontuetan, bai; bestela, izan zituzten arazoak euren artean. Inolako senidetasunik ez. Lau mundu desberdinetatik heldu ziren, eta ika-mika⁶ dezente izan zuten, batez ere Joeyren eta Johnnyren artean. Bata, “liberala”, progresista edo antzeko zerbait; bestea, kontserbadore petoa⁷, alderdi errepublikanoaren aldekoa. Dee Deek, berriz, desoreka bipolarra pairatzen zuen, eta droga-arazo latza zuen. Azkenik, taldeko kiderik “lasaiena” Tommy zen, Hungarian jaioa.
New York
Ramones New Yorkeko giroan sortu zen, non ehunka lokaletan eskaini zituen kontzertuak, modu oso pertsonalean. Abestiek bi minutu baino gutxiago irauten zuten: ziztu bizian⁸ abestu, adrenalina-mordoa sortu eta hurrengoa jotzera! Hala ere, kanta guztiak biltzeko aukerak bertan zeuden, “Sagar Handian” ekoizle⁹ askok egiten baitzuten lan, eta Ramonesi diskoa grabatzea eskaini zioten. Hortik aurrera, diskoa argitaratzeko diru-kopuruaz, albiste-iturriek talka egiten10 dute errealitatearekin: batzuen arabera, 600 dolarren truke; beste batzuek diote 6400 izan zirela...
Blitzkrieg Bop
“Hey, ho! Let's go!” (Aizu! Goazen!), lau aldiz errepikatuta. Blitzkrieg Bop kanta ikaragarria horrela hasten da, eta baliteke Ramonesen ezagunena izatea, ez du aurkezpenik behar. Errepika11 guda batetik dator? Ramones gerrazaleak ziren? Taldeak orduan esan zuen “gerrari buruzko dokumental asko ikusten ari zela”, eta Blitzkrieg (eraso azkarra, alemanez) hortik zetorrela. Kantak, hasieran, Animal hop zuen izena. Kondairak dio Ramones kontzertu batean inspiratu zela, bat-batean sortu zen kaosaren eraginez: gazte-multzoak, taldearen esanetan, armada bat zirudien12.
1. Zalaparta: bulla (es), tapage (fr).
2. Belaunaldi: generación (es), génération (fr).
3. Nolabait: nola edo hala, moduren batean edo bestean.
4. Gogaikarri: molesto, -a (es), ennuyeux, -euse (fr).
5. Txima: greñas (es), tignasse (fr).
6. Ika-mika: disputa (es), dispute (fr).
7. Peto: auténtico, -a (es), authentique (fr).
8. Ziztu bizian: oso-oso azkar, berehala, atoan.
9. Ekoizle: productor, -a (es), producteur, -trice (fr).
10. Talka egin: ados egon ez, bat etorri ez.
11. Errepika: estribillo (es), refrain (fr).
12. Zirudien: ematen zuen, itxura zuen.
