Mendiko sua, aho biko aiztoa
Neguaren bukaerarekin batera, paisaia belztuak nagusitzen dira Ipar Euskal Herriko mendialdeetan. Izan ere, ohikoa da belazeei su ematea. Bortuetako larreak kudeatzeko antzinako era honek, mendez mende, abeltzaintza ahalbidetu du eremu malkartsuenetan, eta egungo parajeen zein ekosistemaren eragile nagusietakoa da. Hala ere, azken urteetan, herritar anitzek praktika honekiko desadostasuna erakutsi dute. Alderdi franko duen gaia izanik, EHLGko Iker Elosegi adituarengana jo dugu azalpen bila. Inhar Iraizotz.
Gure naturaguneetako paisaiak ingurumenaren eta gizakien arteko interakzioen ondorio dira. Finean, erran liteke Euskal Herrian ez dela gelditzen gizakiak bere beharretara egokitu gabeko eremurik. Paisaia antropikoa gailentzen da. Ikerketen arabera, duela 8.000 urte abiatu zen eraldaketa prozesu hau Pirinioetan. Abeltzaintzari, laborantzari eta basogintzari loturiko ekoizpen sistemak inpaktu erabakigarria ukan du, ezbairik gabe.
Mendiko suen helburu nagusia da mendietako larreetan abereentzako belarraren ekoizpena bermatzea. Ipar Euskal Herriko etxaldeak, oro har, txikiak dira, eta beren lur eskasia mendiko eremuekin orekatzen dute. Erreketarik gabe, eremuok abereak elikatzeko gai ez diren esparru sasitu eta oihandu bihurtuko lirateke denborarekin. Hala ere, azkenaldian, hainbat herritar kezkaturik agertu dira praktika mota honen gehiegizko erabilerak ingurumenean sor ditzakeen kalteak direla eta: bioaniztasunaren suntsiketa, mendien higaduraren bizkortzea eta atmosferaren kutsadura, besteak beste. Era berean, baldintza ezegokietan gauzaturiko erreketa batzuk sute bilakatu izanak berotu egin ditu jardunbide honen gaineko iritziak.
Gai korapilatsua da, laborantza herrikoia zailtasunetan den eta, era berean, klima aldaketa nahiz ekosistemen deuseztapena areagotzen ari diren garaian. Iker Elosegi (Hazparne, Lapurdi, 1965) Euskal Herriko Laborantza Ganbarako koordinatzaile eta adituaren arabera, ordea, mendiko suak ez dira suteekin nahasi behar: “Mendiko suak une zehatz batean pizten dira, lurra heze eta erregai biomasa txikia eta idorra delarik. Ondorioz, lurraren tenperatura maila ez da sute handienen neurrikoa, ezta ke partikulen kopurua ere. Iparraldean, mendiko suek PM2.5 partikulen % 3 bakarrik sortzen dute”. Ikerketen arabera, suteen garrak 800-1.000 °C-tara hel daitezke, batez beste, eta lurpeko lehen 10 cm-ak 80-100 °C-tara. Mendiko suen garrak, aldiz, 700-800 °C-takoak izan ohi dira gehienez, eta sua fite pasatzen da, lurrazala gehienez 25-80 °C-tara berotuta.
Bioaniztasuna bai, baina zer-nolakoa?
Mendiko suek bioaniztasunaren suntsiketan ukaiten ahal duten eraginari dagokionez, afera ez omen da zuria ala beltza, Laborantza Ganbarako adituaren esanetan. Izan ere, erreketek bioaniztasunaren esparruan zuzeneko eragina badute ere, Mediterraneoan egindako azken ikerketek erakutsi dute ez dutela zuzenean eragiten haren desagerraraztean. “Mendiko suen helburua da abereentzako biotopo egokiak sortzea, hots, hazkuntzarako ekosistemarik egokienak sorraraztea. Horrenbestez, erreketek zuhaixkei lotuak diren animaliengan eragin txarra izan arren, larreei loturiko bioaniztasuna suspertzen dute”. Oihanez inguraturiko mendien ordez, “ongi eginiko erreketek biotopo desberdin anitz eratzen dituzte, eta beste animalia espezie ugariri gerizpea eta neguko bizitokiak eskaintzen dizkiete. Azkenean, eremu horiek ez direnez gehiago erabiltzen, oihanak berriz hartzen du bere lekua emeki-emeki”.
Mendialdeko laborantzaren berme
Elosegiren hitzetan, su kontrolatua mendialdeetako laborarien ezinbesteko tresna da, lan mekanikoarekin ordeztu ezin daitekeena: “Mendiko suek, makineria heldu ezin den lur aldapatsuetan, landaredia mota baten garapen zikloa eteten dute, sasiak (laparrak, zuhaixkak, iratzeak…), eta oihanak nagusitzea saihesten. Mendialdeko eremu komunen kudeaketa hau, gainera, era kolektiboan egin izan da mendeetan, auzolanaren bidez”. Hego Euskal Herrian, legeak erabat mugatzen du praktika hau, eta teknika honetan trebaturiko teknikariek baino ezin dute egin. Adituak dioenez, “Ipar Euskal Herrian, berriz, gaitasun hauek belaunaldiz belaunaldi transmititu izan dira, eta kolektiboki egin dira laborarien artean. Horrek balio komunitario garrantzitsuak eransten dizkio jardunbideari, eta bertako laborantza ereduaren adierazgarri da“.
Azken buruan, erreketen gaiaz hausnartzeko unean hainbat galdera paratu beharko genituzke mahai gainean: zer jarduera nahi dugu gure mendietan? Zer paraje? Zer bioaniztasun mota? Are gehiago: nork hartu beharko luke erabakia? Elosegiren iritziz, “lurra landu izan duten laborariak izan beharko lukete eragile nagusiak. Izan ere, haiek gabe ez dut imajinatzen mendiko suen gaia, guztiz administrazioen esku utzirik”. Eztabaidak luze joko duela pentsa dezakegu, baina argi eta garbi mendiko suak (aizto zorrotzen gisan) lanabes baliagarria izan daitezke, neurrian eta tentuz erabiltzen jakinez gero.