Duela 50 urte, 1974ko apirilean, 26 urteko friki batek bere lehendabiziko eleberria argitaratu zuen: Stephen King izena zuen idazleak, eta autokarabana batean bizi zen Tabitha bikotekidearekin. Inork ez zuen ezagutzen, Carrie nobela agertu arte. Hortik aurrera, beste hainbat liburu argitaratu zituen, batez ere beldurrezkoak, eta bere abizena nolabait “berretsi” zuen: King (erregea), arrakastatsua eta esanguratsua, milioika kopia saldu eta gero. Kingen lau maisulan bildu ditugu, haren debuta oroitzeko. Alessandro Ruta.

Carrie
Hasiera beti izaten da ahaztezina, eta Stephen Kingena ikaragarria izan zen. Carrie White neska bakartia eta lotsatia da, baldarra eta baztertua. Izan ere, inork ez dio kasurik egiten, adarra jotzeko salbu. Etxean ere ez darama bizimodu erraza, ama erlijio fanatikoa delako eta alabaren ohitura "modernoekin" obsesionatua dagoelako. Halere, neskak badu trebetasun bat: telekinesia. Hau da, edozein objektu mugiaraz dezake, berak nahi bezala, soilik garunaren indarrarekin. Ikaskideek azken txantxa egiten diotenean, Carrieren amorruak sekulako hondamena eragingo du. Eleberrian oinarrituta, Brian De Palma zuzendariak Carrie pelikula egin zuen, Sissy Spacekekin eta John Travoltarekin, besteak beste.

 The Shining
"Danny! Danny!", denok oroitzen ditugu Jack Nicholsonen oihuak, eskuetan aizkora bat duela semearen atzetik doan bitartean. Jack Torrance idazleak Overlook Hotela zaindu behar du neguan, guztiz hutsik dagoena, baina erotu egingo da eta bere familia hil nahi izango du. Haatik, Danny umeak "distira" dauka ("the shining" ingelesez): gauzak eta gertaerak lehenago eta bizkorrago ikus ditzake. Adibidez, aitaren zoramena. Ondorioz, ihes egingo du. Stanley Kubricken pelikula ezaguna da, noski, baina Stephen Kingen eleberrian oinarritua dago. Zoritxarrez, idazlea ez zen guztiz ados egon zinemarako bertsioarekin.

 It
Aditu askoren ustez, Stephen Kingen maisulana da. Eleberri erraldoi honetan, Erregearen filosofia argi eta garbi islatzen da: gaizkia eta krudeltasuna edonon ager daitezke. It oso liburu luzea da, 1.200 orrialde ingurukoa, eta zeharo beldurgarria. Bi une bereizten ditu: protagonistak berberak dira, lehenik gazteak direnean eta, ondoren, heldu bihurtutakoan. Bigarren horretan, berriz elkartuko dira denboraldi batez elkar ikusi gabe egon ostean (beldurragatik bere burua hil zuen bat izan ezik), iraganeko "mamuei" edo amesgaiztoei aurre egiteko. Esate baterako, Pennywise pailazoari, agian Stephen Kingen pertsonaiarik ezagunenari.

22/11/1963
Ikaragarri emankorra izan da Stephen King, ia urtero eleberri, bilduma edo saiakera bat argitaratu izan duelako. Urtetik urtera, kalitatea apur bat apaldu da, baina azken hamarkadetako interesgarrienetakoa, zalantzarik gabe, liburu "distopiko" hau izan da. Tipo batek iraganera joatea lortuko du, John Fitzgerald Kennedy AEBetako presidentearen kontrako atentatua eragozteko, 1963ko azaroaren 22an, Dallasen. Kingek beste mundu batera eramango gaitu, modu nostalgikoan, beharbada. Hala ere, tipoa gaur egunera itzultzen denean, mundu berria ez da aurrekoa bezalakoa izango... Komenigarria izan al zen atentatua eragoztea?

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.