Kafe eta liburu artean utopia bila
Eva Forest Liburutopiak ateak zabaldu ditu Gasteizko Alde Zaharrean, munduari ikuspuntu kritikotik begiratzeko tresnak eskaintzeko eta eztabaidatzeko gune izateko. Jon Rejado. Argazkiak: Jon Rejado.
Gasteizko Santa Maria kantoiak argi iturri berria du iragan abendutik, 4. zenbakian Eva Forest Liburutopia ireki zutenetik. Sartzean, lekuak ezaugarri bereziak dituela antzematen da. Kafearen eta liburuen usainak nahasten dira bertan. Sarreran, mahaiz inguratutako barra txiki bat dago; atzealdean, liburu denda. Espazio fisiko horren helburua harago doa, baina. “Elkargune bat sortzeko beharra ikusten genuen, baita ikuspuntu kritikotik hausnartzeko eta pentsatzeko eremu batena ere”, azaldu du Xabi Lasak, proiektuko kideetako batek.
4.000 liburu inguruko funtsa du dendak, eta haziz doa, poliki-poliki. Ale horien bitartez, hausnarketa kritikoa ahalbidetzea dute xede proiektuaren sustatzaileek. “Hedabideetatik jasotzen dugun informazioak neutroa dirudi, baina ez da hala, gure ustez, eta gu geu ere ezin gara neutroak izan”. Inguruan tresna propioen beharra dagoela hausnartu dute sustatzaileek, eta erreminta horien artean liburuek balio handia dutela pentsatzen dute. Gogoeta kritikoa sustatzeko, aipatu liburu funtsaz gain, ekitaldi sorta zabala programatu dute iazko abenduaren 1etik: liburuen aurkezpenak, solasaldiak, hitzaldi musikatuak, Kuttunak Irakurle Txokoa…
Duela urte eta erdi inguru erein zuten Eva Forest Liburutopiaren ideiaren hazia. Zazpi lagun elkartu, Eva Forest Kultur Elkartea eratu, eta egitasmoa kokatzeko leku bila hasi ziren, Gasteizko Alde Zaharrean, hain zuzen ere. “Guretzat esparru naturala da, bai hemen bizi garelako bai hemen ordu asko ematen ditugulako; babestuta sentitzen gara”. Lokalaren ezaugarriak ikusita, proiektuari kafetegi eta liburutegi forma emateko aukera ikusi zuten, eta martxan jarri ziren Liburutopia gauzatzeko. Auzotik hasita, mundu guztiari eskaini nahi zioten gunea.
Proiektuaren izenak berak argi uzten du egitasmoaren izaera. Batetik, Eva Forest izena: “Elkartu ginenontzat erreferente bat da, eta, toki honen helburuak aintzat hartuta, omenaldia izan zitekeen, baita proiektua definitzen zuen izena ere” dio Lasak. Bestetik, Liburutopia abizena: “Bi elementu elkartzen ditu: bata, liburuak, noski; bestea, helmuga duzun leku hori, hurbildu ahala gero eta urrutiago dagoena, baina mugitzen laguntzen dizuna”.
Tresna horiek bilatzeko orduan, hizkuntzek apaletan duten lekuari ere erreparatu diote. Euskarazko aleak lortzea dute lehentasunen artean, eta hala ikusten da mahaien artean pasatzean. Edonola ere, ez dela lan erraza aitortu dute, gaztelaniaren eta euskararen arteko desoreka handia delako, argitaratutako liburuetan ere bai. Horrez gain, gaztelania eta euskara ez diren beste hizkuntzetako liburuak eskuratzea dute buruan, etorkizunean. “Auzoari ekarpena egin nahi badiogu, bertan hitz egiten diren hizkuntzei arreta eskaini behar diegu” zehaztu du Lasak.
Sareak josten
Eva Forest Liburutopiak sareak sortzeko helburua ere badu. Proiektuaren forma bertsua duten guneekin bilatu dituzte loturak, Iruñeko Katakrak, Donostiako Kaxilda edo Bilboko Louise Michel-ekin, kasu, baina ez horiekin bakarrik. “Eraldaketa prozesuan dauden eragileekin ere saretu egin behar dugu, auzotik bertatik hasita: Hala Bedi Irratia, auzo elkartea…”.
Liburutopiako kafetegia da ideia horren adibide, Irune Tobajas proiektuko kideak azaldu bezala. “Ezagutzen ditugun egitasmoetatik datozen produktuak erosten saiatzen gara, edota auzoko lokaletakoak, harremanak sortzeko eta dirua bertan gera dadin”. Alde Zaharreko Los Gemelos okindegian erosten dituzte bizkotxoak eta pastelak, Arabako gari mota bat berreskuratu duen Maeztuko okindegiarekin ere lan egiten dute, eta beste bide batzuetan ere ari dira.
Proiektuan sakontzeko lan horretan jarraitzen dute. Etorkizuneko pausoetan pentsatzeaz gain, orain arte emandakoak sendotzen segitzen dute. Ildo horri begira daude datozen hilabeteetarako prestatu dituzten ekintzak. Hurrengoa otsailaren 8an izango da: Paco Rocaren Etxea liburua eramango du Bego Montoriok Kuttunak Irakurle Txokora, 19:30ean.
EVA FOREST, NORTASUNA EMATEN DUEN IZENA
Guneari izena ematen dion emakumea, Eva Forest, modu askotan defini daiteke, baina, kasu guztietan, ez dira faltako ‘idazle’, ‘editore’ eta ‘militante’ hitzak. 1928an jaio zen, Bartzelonan, eta 2007an zendu, Hondarribian. Idatzi zituen eleberri eta saiakeretan, bere grinak eta interesak islatu zituen, hein handi batean bere bizipenetan oinarrituta: feminismoa, torturaren aurkako borroka, internazionalismoa… 1989an, Hiru argitaletxea sortu zuen bere alaba Eva Sastre Forestekin eta Marilena Castillo Gilekin. Haren bitartez, atea zabaldu zieten beste toki batzuetan lekurik ez zuten errealitate soziopolitiko eta intelektualei. 29 urte iraun zuen argitaletxeak zabalik, eta 300 liburu baino gehiago plazaratu zituen.